Bizkaiko Bertsolari Txapelketa

Nerea Ibarzabalek irabazi du Lemoako saioa

Bizkaiko Bertsolari Txapelketako azken kanporaketa jokatu da Lemoan. Ibarzabalek lortu du finalerako sailkatzea, 638 punturekin. Finalisten artean ere puntu gehien lortu duen bertsolaria izan da

IMG 0165
Nerea Ibarzabal, gaurko kanporaketan. BIZKAIKO BERTSOLARI ELKARTEA
oihana arana
2023ko azaroaren 25a
22:00
Entzun

Leporaino bete dute 700 lagunek Lemoako Udal Kiroldegia. Pankarta andana paretetan eta azken finalaurrekoetan ohikoa den tentsio solidoa giroan. Entzulea bertso gose zen, sarrerak astebete lehenago agortuta zeuden. Nerea Ibarzabal izan da nagusi, eta argitu da zein izango den finaleko zortzikotea. Hiru saioetako irabazleez gain, Onintza Enbeita, Oihana Bartra, Gorka Pagonabarraga, Aitor Etxebarriazarraga eta Aissa Intxausti izango dira abenduaren 16ko fiinalean kantatuko duten bertsolariak.

Idoia Anzorandiak aurkeztu du saioa, eta agurrean Ibarzabalek aipatu duen bezala, lagunarte ederrean pozik hasi dira bertsotan. Zortziko handiko ariketan eguna batetik bestera pasatzen duen Intxausti ahizpari erritmoa jaistea iradoki dio Josune Aramendik. Greba feminista prestatzeko batzordetik etxera bueltan joan diren ama-alabak izan dira Ibarzabal eta Bartra, zaintzaren pisuaz hizketan. Eta Ibai Amillategi eta Enbeita telebistaren aurrean Palestinako irudiak ikusi ala ez erabakitzen egon diren pisukideak. Ariketa guztietan egon da azpimarratzeko modukorik, baina azkena izan da, akaso, publikoak txaloz gehien eskertu duena.

Zortziko txikian ere, maila bertsuan aritu dira bertsolariak. Eta aldiro egon da irri txikia ateratzeko moduko puntu zorrotzik. Bartra bezeroa eta Aramendi tabernaria izan dira, aurrena parranda luzatzen, taberna itxi guran bigarrena. Etxera joateko motiborik ez duela esan dio Bartrak Aramendiri tabernak Gure etxea izena zuenez gero. Enbeita eta Intxausti ganbaran kokatu ditu Anzorandiak. Enbeita ganbara zaintzailea izan da, eta Intxausti bakarkakoa kantatzera atera nahi ez duen seigarren aulkiko bertsolaria. Irriz jaso dute entzuleek haientzat ezezaguna den espazioko sekretuen berri. Ibarzabal eta Amillategi alkoholemia kontrol baten egon dira, bata udaltzaina eta bestea disimulatzeko kopilotuaren aulkian eseri den auto gidaria. «Kopiloto esaiozu/ berehala argi/ putz egiteko lagun/ ikusezinari» hasi du ofizioa Ibarzabalek. Egiten ari zen hori udaltzainen eskumena ote den zalantzan jarri du Amillategik eta diru truke ez ikusiarena egitera gonbidatu du azkenean.

Ofiziorik txalotuena, hamarreko txikikoa izan da: Intxausti eta Bartraren artekoa. Intxausti euskal preso politikoa, eta Bartra haren laguna. Aurrena laster kalera irtengo dela eta, dituen kezkei buruz berba egiten hasi dira. Imajinaezintzat zeukan askatasunak sortzen dizkion beldurrak mahaigaineratu ditu Intxaustik, eta babesa adierazi dio Bartrak une oro. «Nire zalantza denak/ oin ezin ezkuta/ baina seguru nago/ banago galduta/ eramango nauzula/ eskutik helduta» kantatu du azken bertsoa Intxaustik eta «zuretzako ez al da/ azkenik summuma/ zuk erabakitzea/ egiten duzuna?» amaitu du ariketa Bartrak.

Bertsolariak gorputzari begira

Ganbarako atalean bi ariketa egin behar izan dituzte bertsolariek. Bi punturi erantzun, eta gaia emanda, hiru bertso kantatu gero. Puntu erantzunetan umetako ametsen berri galdetu diete, eta oro har, bertsolari izatearekin lotutakoak kontatu dituzte bertsolariek.

Honako hau izan da bakarkako gaia: «Gero eta gehiagotan egiten duzu. Inork ikusi barik egiten ahalegintzen zara». Intxausti izan da gaiari helduleku ezberdinena topatu dion bertsolaria. Ligatzea gustatzen zaion, baina ekintza hau ezkutuan egiten duen 30 urteko pertsonaren larrutik abestu du. Gainontzekoek elikadura nahasteekin eta gorputz irudiak sortutako minekin zerikusia izan duten bertsoak josi dituzte. Ibarzabalek amaierako agurrean esan duen bezala, zerbaiten seinale da horrenbeste anorexia. Ganbarako biribilena Ibarzabalena izan da: «Estomagoa egin zait/ besteen begien neurrira/ eta nahi ez dudan arren/ beti alditik aldira/ nahigabe joaten zaizkit/ atzamarrak eztarrira» esanez amaitu du lehengo bertsoa. Eta honakoa izan da hirugarrena: «Gustura astindu arren/ feminismoan banderak/ aldiro bahitzen nau ni/ barrualdeko gose grebak/ murriztuaz zoriontsu/ bilakatzeko aukerak/ autoestimua ebakiz/ zorroztasunaren segak/ berriz mahaira itzuli naiz/ bajatuta eskailerak/ eta amak «zer zelan zaude?»/ arraro esan dit berak/ eskatu nahiko nioke/ salbazio posible bat/ arren sartu atzamarrak/ eta aterazkidazu berbak».

Honako hau izan da, behin bertsoaldiak amaituta, epaileek emandako sailkapena:

  1. Nerea Ibarzabal 638 puntu
  2. Onintza Enbeita 635,5 puntu
  3. Oihana Bartra 610.5 puntu
  4. Aissa Intxausti 580 puntu
  5. Ibai Amillategi 571 puntu
  6. Josune Aramendi 567.5 puntu

Eta honenbestez, honako zortzi bertsolari hauek izango dira 2023ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalean: Xabat Galletebeitia, Jone Uria, Nerea Ibarzabal, Onintza Enbeita, Oihana Bartra, Gorka Pagonabarraga, Aitor Etxebarriazarraga eta Aissa Intxausti. Azken horren lehenengo finala izango da, eta Bartra eta biak izango dira azkenean aurtengo finala osatuko duten aurpegi berriak –Bartra aurrez egona da finalean 2014an, hain zuzen ere–.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.