Puntu gehien lortuta, Nerea Ibarzabal izan da denetan nagusi gaur Gotaine-Irabarneko (Zuberoa) kanporaketan. 738 puntu lortu zituen denera –Alaia Martinek Getxon lortutako berberak–. Ez da saioko bigarrenarekiko alde handiarekin gailendu, ordea. Izan ere, Oihana Iguaran izan du atzetik, puntu erdiko tartearekin (737,5). Koska handiagoa izan da ondorengoentzat: 694,5 punturekin egin baitu hirugarren Ane Labakak. Julio Soto izan da laugarren, 691 puntu bilduta. 41,5 puntutara geratu da bosgarren Eneko Lazkoz, 649,5 puntu lortuta, eta haren atzetik, seigarren, Patxi Iriart, 604 punturekin.
Beraz, Ibarzabalek Irungo finalaurrekoan kantatuko du azaroaren 5ean, Sustrai Colina eta beste sailkatuekin batera. Gaurko beste bost bertsolariek puntuazioaren arabera izango dute finalaurrekoetara sailkatzeko aukera.
Gotaine-Irabarneko herriko gelako hormak dardarazi ditu gaurko saioak, eta publikoaren esker oneko txaloek leherrarazi dute aretoa. Hasiera-hasieratik hartu dio seikoteak neurria oholtzari; ale bikainak kantatu dituzte, oro har, bertsolariek, tarteka eroritako bertsoren bat ere izan zen arren.
Zortziko handian, Iguaran eta Ibarzabalen bertsoaldiak utzi ditu alerik finenak. Amak hazi eta hezitako bi ahizpa izan dira gaiaren arabera. «Zuen aita ez da orain arte zuen bizitzetan agertu. Orain, adinean gora egin ahala, zuengana gerturatu nahi du». Hala bota die gaia Aritz Bidegain gai-emaileak. Iguaranek, aitarekiko jarrera ezkorra izan du hartu beharrekoa. Ibarzabalek, aldiz, baikorra. «Deika aritu naiz amesgaiztotan/azalpen bat jaso nahian/orain ez diot deirik egingo/behar ez dudan garaian». Modu horretan abiatu du ariketa Iguaranek. Eta, Ibarzabalek, berriz, ondorengo erantzuna eman dio: «Zaharra dago ta helduko da/laster hiltzearen zama/hor betirako damutuko zait/hitzik egin ez izana». Ederki hasi da saioa, baina gorantz egin du aurrera egin ahala.
Zortziko txikian ere, ateraldi politak izan dira orokorrean. Labakak eta Lazkozek, esaterako, barrez jarri dute entzulea. Lazkozek Labakari ahots mezu luzeak bidaltzen dizkiola jarri die Bidegainek gaitzat. «Mezua bidaltzen dut/audioz osorik/ez egiteko akats/ortografikorik». Hala arrazoitu du mezu luzeak bidaltzearen kontua Lazkozek, eta horrela erantzun dio Labakak: «Gauza bat kontatzeko/ hamabi segundu/ ta gero hamar aldiz/errepikatu du». Nolanahi ere, sorta bikainak utzita amaitu dute sei bertsolariek ariketa.
Hamarreko txikian ere fin aritu da Labaka. Ibarzabalek eta biek osatu dituzte hiruna bertso. Gaiak hala aginduta, duten diru sarrerarekin oinarrizko gastuak estaltzeko larri dabiltzan bi jubilaturen paperetik kantatu behar izan dute. Labakak jantoki sozialean banatzen duten afaria hartzera joango dela esan dio Ibarzabali. Bien artean saio ederra egin badute ere, Ibarzabalek utziko zuen, ziurrenean, bertsorik finena: «Gobernua ez denez/ egin gutaz kargu/orain karitateak/estali behar du».
Bertsoaldi borobilak entzun dira, halaber, bakarkako lanean. Hauxe zuten ganbarako ariketa osatzeko gaia: «Medikuaren kontsultatik irten berri zara. Telefonoa sakelatik atera duzu». Bertso sorta osatzeko garaian, medikuak esandakoa zer zen argitu behar izan dute, beraz, bertsolariek. Baita telefonoa sakelatik zertarako atera duten argitu ere.
Erdialdera iritsi dira entzuleak besoak jasota txaloka jarri dituzten bi ganbarako ariketak: Iguaranena lehenik, eta Ibarzabalena ondotik. Haurdun egonda, birritan haurra galdu izana kantatu du Iguaranek, eta primeran deskribatu du emaginarekin izandako hitzordua. Aurreneko bi bertsoetan kantatu ditu alerik onenak, eta hirugarrena ere bide berean zihoan arren, ez du erabat lortu bertsoaldia borobiltzea. Hor hartuko zion aurre Ibarzabalek. Goitik behera josi ditu hiru bertsoak, publikoari kontatuz bikotekidearen laguntzarik gabe abortatzen ari den nerabe bat dela. Bere bigarren bertsoan, hain justu, hari deitzeko atera du telefonoa patrikatik. Ordea, ez deitzea erabaki du azken bertsoan:
Parean zenbakia ta
ni zalantzaren menpeko
deitu dezaket gaur abortatu
ein dudala esateko
baina agian ez gara izango
sekula parez pareko
beraz mobila berriro gorde
ta urruntzea hobeto
nerabea naiz baina urte asko
dauzkat oraindik tarteko
eta neurriak hartuko ditut
berriz sexuan urtzeko
ta batez ere zure moduko
inor ez ezagutzeko
SAILKAPEN OROKORRA (beltzez, zuzenean sailkatu direnak)
1. Alaia Martin 738 puntu
2. Nerea Ibarzabal 738 puntu
3. Oihana Iguaran 737,5 pt.
4. Nerea Elustondo 695 pt
5.Ane Labaka 694,5 pt.
6. Julio Soto 691 pt.
7. Agin Laburu 685 pt
8. Joanes Illarregi 678 pt.
9. Saioa Alkaiza 673 pt.
10. Iñaki Apalategi 664 pt.
11. Xabat Illarregi Marzol 659 pt.
12. Oihana Bartra 653,5 pt.
13. Eneko Lazkoz 649,5 pt.
14. Miren Amuriza 646,5 pt.
15. Unai Mendizabal 635 pt.
16. Peru Abarrategi 627 pt.
17. Gorka Pagonabarraga 616 pt.
18. Patxi Iriart 604,5 pt.
Gaur Gasteizen
Gasteizko biltzar jauregian egingo dute saioa gaur, eta bertsolari hauek izango dira kantuan: Amaia Iturriotz, Haritz Mujika, Iban Urdangarin, Manex Agirre, Miren Artetxe eta Xabat Galletebeitia. Azken bi final-laurdenak jokatuko dira hurrengo asteburuan; Donostian eta Lizarran (Nafarroa).