Kangchenjunga menditzarra helburu, Nepalera heldu zen 1990ean Iñaki Otxoa de Olza mendizale iruindarra zena. Honela idatzi zuen, jatorrian gazteleraz, Bajo los cielos de Asia memoria liburuan (Saga editorial, 2010): «Ni, bien bitartean, jostatzen ari naiz ezerezari begira, dena behatuz eta alferrik saiatuz ene burua blaitzen giro lasai, patxadatsu, ia magiko honetan. Bat-batean bururatu zait eurak bezalakoa izan nahi dudala: ekialdekoa izan, arroza hatzez jan eta patatak esku bakarraz zuritu, eskuak elkartu eta diosal egin: Namaste! Libertitzen nauen pentsamendua da hori. Pixkanaka jaisten naiz ene hodeitik...».
Inguruotan, Nepal entzun orduko, mendi garaiak eta zeru zabalak irudikatu ohi ditugu. Alabaina, hango zerupetik ez dira izarrak bakarrik ikusten; gero eta hizki gehiago ageri dira zerumugan. Euskararen antzera, nepaleraz egindako literatura ahozkoa izan da aski berandu arte. XIX. mendean atera zen argitara Ramayana lana, adituek ia aho batez hartu dutena nepalerazko lehen literatur lan idatzitzat. Izatez, itzulpen lana egin zuen Bhanubhakta Acharya idazleak (1814-1868); izan ere, hindu kulturako epika da Ramayana, sanskritoz idatzia. Nolanahi dela, berebiziko eragina izan zuen itzulpenak Nepalgo kulturan, erakutsi baitzuen goi mailako artelanak eman daitezkeela behe mailako hizkuntzetan ere.
Bigarren mendeurrenaren harira, Acharya omentzeko hainbat ekitaldi eta topaketa egiten ari dira Nepalen eta beste hamaika tokitan. Esate baterako, orain gutxi, Qatarreko Doha hirian errezitalak eta solasaldiak egin zituzten; irekiera emanaldian, Badri Prasad Parajuli poetak errezitatu zuen estreinako testua. Qatarren bizi da Parajuli, 2004an Nepal utzi zuenez geroztik. Lau liburu eman ditu argitara, eta berrehun poematik gora idatzi ditu diasporan. «Ohitura bihurtu dut poemak idaztea, gogoan hartzeko ene haurtzaroko oroitzapenak», adierazi zuen poeta nepaldarrak Dohako Grand Palace hotelean.
Iragan maiatzaren 29a eta 31 bitartean, historian lehen aldiz, emakume idazle nepaldarrek mundu mailako kongresua egin zuten Katmandu hiriburuan. Nepalen bizi direnak ez ezik, Nepaldik kanpo bizi diren hainbat letra andre ere bertaratu ziren; orotara, 300 bat lagun. Biltzarrean, Banira Giri poeta nepaldarrari sari berezia eman zioten, diruz hornitua: Nepalgo Literaturaren Emakume Harribitxia saria. Ez da gutxiagorako; izan ere, Giri izan zen unibertsitatean doktoregoa egin zuen lehen emakume nepaldarra, baita nazioartean sona lortu duen idazle bakanetariko bat ere.
«Poesia da ene lehen amodioa; ene premiarik barrukoena» adierazi zuen Girik From the Lake, Love libururako (2000). «Norbaitek zigortu nahi banindu, espetxera bidaltzea baino askoz okerrago litzateke idaztea debekatzea. Poesiara naraman espiritua datorkit ene ama entzutetik, nepalerazko eta sanskritozko slokak (bertsoak) errezitatzen, haren goizeroko puja (errezoa) egitean. Zuzenean edo zeharka, lurra prestatu zuen ene poesia kontzientziarentzat». Giriren sari nagusiaz gain, nazioarteko kongresuan 32 emakumezko idazleri eman zioten sari bana, eta berrehundik gora domina banatu zituzten.
Gorago esan bezala, Nepalgo literatura idatziak bide laburra egin du oraingoz. Adituen arabera, orain arteko gailurrik gorenak, Ramayana itzulpen lanaz gain, honako bi hauek dira: Laxmi Prasad Devkota (1909-1959) idazlearen Muna-Madan poema luzea (1936) eta Lil Bahadur Chettriren Basai eleberria (1957). Orain gutxira arte, oso jende gutxiren eskueran zegoen goi mailako hezkuntza, kasta sistema tarteko. Brahmin edo jakintsuak, nola ez, goialdean sortu izan dira, halabeharrez.
Zentsuraren bideak
Slok Gyawali kazetari nepaldarrak aste honetan sareratu berri du Censorship in Nepal: Forms and Evolution erreportaje zinez interesgarria. Gyawalik ematen dituen datu eta argibideei esker, aiseago uler daiteke nepalerak mendeetan izan duen idatzizko garapenik eza eta azkenaldian izaten ari den garapen bizkorra. Esanguratsua da, esaterako, 1990ean Nepalgo herritarrek sortu zuten Jan Andolan (Herriaren Mugimendua), erorarazi zuena Mahendra erregeak 1962an ezarri zuen Panchayat sistema. Halere, indarrean jarraitu zuen hierarkiak, baita kasta sistemak eta monarkiak ere. Egoera horretan piztu zen, 1996an, gerra zibila, eta hamarkada batean 15.000 hildako inguru eragin zituen.
Gyawalik azpimarratzen duenez, ekintzaile talde maoista batek bonba bat leherrarazi zuen Mahendra Sanskrit unibertsitatean, 2002an. Atentatuaren ondorioz suntsitu ziren sanskritoz idatzitako 50.000 liburu. «Unibertsitate hartan bonba jartzea ez zen izan funtsik gabeko ekintza terrorista», dio Gyawalik: «Nahita hautatu zuten, sinbolismoagatik. Sanskritoa beti izan da boteredunen hizkuntza, menderatzaileek erabilia eta menderatuei ukatua. Sanskritoa suntsitzea katarsi ekintza izan zen». Bestalde, aipagarria da 2006an bigarren Jan Andolan sortu zela, eta mugimendu horrek ere izan duela eraginik, gainera, zentsuraren aurka egite aldera.
Nepalgo estatua, Gyawaliren esanetan, ez da izan zentsura zuzenaren zale porrokatua; beste bide batzuk baliatu izan ditu. Esaterako, zentsuratu izan du beste estatuen bidez: Salman Rushdieren The Satanic Verses eta Taslima Nasrinen Lajja lanak debekatuta daude Indian, eta, estatu horrek Nepal liburuz hornitzen duenez, han ere ezin topa daiteke. Bestalde, konstituzioaren arabera, herritar orok du iritzi eta adierazpen askatasuna, baina «arrazoizko murrizketa» delakoen zerrenda luzea da oso. Esan gabe doa: zentsurarik eraginkorrena autozentsura da.
Nepalgo zerupean hizkiei begira
Aurten izan da nepalerazko emakumezko idazleen lehendabiziko kongresua. Bigarren mendeurrena bete da, era berean, nepalerak eman zuen aurreneko idazlea jaio zenetik: Bhanubhakta Acharya.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu