'Nemekitepá', abesti erromantikoa komedia bilakatuta

Patxo Telleria eta Aitor Mazo zinemagileak euskaraz ari dira filmatzen bien artean zuzenduko duten bigarren film luzeaMuturreko egoera eta ezusteko gertaerez betetako endredua ironiaz jantzi dute

Aitor Mazo, Itziar Atienza, Gorka Otxoa eta Mikel Losada, atzo, filmaketa lanetan. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2011ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Mariak bihotzeko gaitza dauka, eta hil egingo da. Bartzelonatik azken agurra emateko asmoz bidean datorrela, Xabik, Mariaren kuadrillako betiko lagunak,hura berataz maiteminduta dagoela jakin du. Hilzorian dagoen lagunari poztasun bat ematearren, berak ere maite duela esango dio. Baina Maria ez da hilko, eta Xabik, bere bihotz makala ez zauritzeko, bikote bizitza egin beharko du, Bartzelonan haurdun dagoen bere benetako neskalagunak, Nereak, jakin gabe.

Nemekitepá komediaren filmaketa astelehenean hasi zuten Bilbon Aitor Mazo eta Patxo Telleria zuzendariek, eta sei astez ariko dira lanean. Joxe Portela ekoizlearen esanetan, 2012ko udazkenean estreinatu nahiko lukete. «Ahal bada, irailerako; Donostiako Zinemaldian aurkezteko asmoa dugu». La máquina de pintar nubes (Hodeiak margotzeko makina), Telleriak eta Mazok lau eskutara egindako aurreko filma, nazioarteko hamalau zinema jaialditan izan da, eta bigarren honekin ez dute gutxiago espero. Euskal aktoreen kalitatea eta elebitasuna goraipatu du Portelak. «Garai batean ETBren jaiotzak bultzada ikaragarria suposatu zuen, eta begira gaur egun non dauden hainbat aktore: Miren Ibarguren, esate baterako, Aida telesail entzutetsuan, eta Aitor Luna Tele5n ekoizpen txiki bat eginez, eta abar».Etorkizunean Nemekitepá gaztelaniara itzuliko dute, azpidatziekin jatorrizko bertsioan emanez.

Aktore eskarmentudunak

Gorka Otxoa, Sara Cozar, Barbara Goenaga, Itziar Atienza eta Mikel Losada dira aktore nagusiak. Aitor Mazok berak rol bat jokatuko du, eta Unax Ugalderen parte hartze «berezi» bat egongo da. Mazok goraipatu egin ditu Nemekitepá-n parte hartzeko aukeratu dituzten aktoreak: «Nahiz eta ezagunak izan, aktore onak ere badira, eta beti ez da horrela izaten». Mazok ironiaz gaineratu du: «Zuzendari ona omen da antzezle talde ona batzen duena». Nolanahi ere, Barbara Goenagak baieztatu du tandem bikaina osatzen dutela bi zuzendariek, Telleria eta Mazo arras ezberdinak izan arren. «Gaua eta eguna bezain ezberdinak dira, baina guztiz osagarriak».

Umore faltarik ez

Otxoa, Cozar eta Goenaga Bilboko Quiron klinikaren sarreran ari dira egunotan lanean. Otxoa Xabi da filmean, eta Cozar, berriz, Maria. Eta lanean denbora gutxi eraman arren, gidoiaren bihurguneak ezagutzen dituzte; badakite muturreko egoeratara eramango dituela filmak. «Berez komedia bat da, baina umorea baino gehiago da. Ez da txiste errazez betetako komedia bat», azaldu du Otxoak. Filmaren izenburua Jacques Brel abeslari belgikarraren Ne me quitte pas abesti famatutik datorrela azaldu du Mazok. «Kantu erromantikoa komedia bihurtzen saiatuko gara». Goenagak Bartzelonako neska-lagunaren rola jokatzen du filmean. «Nire pertsonaiaz gehien gustatzen zaidana da berak ere badituela sekretuak». Telleria eta Mazoren lehen film luzea asko gustatu zitzaiola dio Goenagak, eta «haiekin lan egiteko gogo handia» zuen. Gidoia «oso-oso borobila» iruditzen zaio. «Orain arte egin ditudan filmetatik hau da gehien bete nauena, nahiz eta bigarren mailako rol bat jokatu». Hastapenetan Goenkale telesailean euskaraz lan eginez ezagun egin zen neskatoa aktore ezagun bilakatu da, eta dio euskaraz nahi baino gutxiagotan lan egiten duela: «Ez nahi ez dudalako; deitu ez didatelako agian. Nik nahiago nuke euskaraz lan egin, etxetik hurbil egon. Hemen, Katalunian eta Galizian lan asko egiten da, baina estatuan gehiago. Orduan, normala da honetaz bizi garenok gaztelaniaz gehiago aritzea». Aran 9 hilabeteko semea dauka Goenagak, eta jaio zenetik hau da egiten duen lehen lana. «Gogo biziz hartu dut pertsonaia, eta pozik nago oraingoan familiarengandik hurbil nagoelako».

Mariaren rola, gaixorik dagoen neskaren rola, Sara Cozarrek beteko du filmean. Zineman Izarren argia egin zuen, eta Kutsidazu bidea Ixabel-en pertsonaia txiki bat; gehienbat telebistan (Goenkale-ko Mimi, Mugaldekoak) eta antzerkian ibili da. «Oso pozik nago. Gure lanbidea oso zaila da, eta pertsonaia nagusi gisa egiten dudan lehen aldia da, erronka polita da. Mariaren rola asko gustatzen zait: nahiz eta hilzorian egon, emakume indartsua da».

Itziar Atienza Jone izango da, Xabierren kuadrillako laguna. Hasiberria da zinema munduan. Vaya semanita telebistako saioan egin da ezagun«Luxu bat da niretzat pelikula honetan lan egitea». Lukasen rola, berriz, Mikel Losadak jokatzen du. Ibilbide luzeko aktore hau askok Juan Martinen rolean ezagutu zuten Kutsidazu bidea, Ixabel filmean. «Plazer bat da aktore diren bi zuzendarirekin lan egitea», azaldu du.

Nemekitepá Bilbon eta Bizkaiko beste zenbait tokitan filmatuko dute, eta, Portelak dioenez, lehendabizikoa aldia izango da euskarazko film bat Bizkaiko hiriburuan filmatzen dena. Bartzelonan ere filmaketaren zati txiki bat egingo dute. La máquina de pintar nubes bezala Abra Prod-ek ekoitziko du, eta Portela izango du arduradun exekutiboa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.