Nekea, lanaren fruitu

Shakespeareren 'Neke asko eta ezer ez' antzezlanaren egokitzapena taularatuko dute gaur Dantzertiko ikasleek, Bilboko Azkuna zentroan

Unai Izquierdo, Rakel Esparza eta Noemi Santisteban, Neke asko eta ezer ez obraren aurkezpenean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Olatz Enzunza Mallona.
Bilbo
2023ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
William Shakespearek irudikatutako ametsezko, fantasiazko, amodiozko eta magiazko unibertsoa Bilboko Azkuna zentrora iritsiko da gaur arratsaldean, Dantzerti Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi Mailako eskolako ikasleen eskutik. Lau urte eskolan igaro ondoren, Neke asko eta ezer ez antzezlanarekin itxiko dute ikasketa zikloa bosgarren promozioko ikasleek. Nahasian joango dira euskara eta gaztelera emanaldian, eta gaur ez ezik, bihar ere izango da ikusgai obra Azkuna zentroko auditoriumean, doan, 19:00ean. Ekainaren 4an, berriz, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian taularatuko dute.

Shakespeareren antzezlanaren egokitzapena da obra, funtsean. Xabier Lopez Askasibarrek egokitu du testua, eta Iñaki Rikartek zuzendu du antzezlana. «%80 euskaraz izango da, gainera», aurreratu du Unai Izquierdo Dantzertiko zuzendari albokoak. Patxo Telleriak egin du itzulpena, eta hasieratik argi izan dute euskarari «pisu handiagoa» emango ziotela.

Antzezlana sortzeko, lau hilabete eman dituzte ikasleek Rikarteren gidaritzapean. Hala ere, Dantzertiko hainbat irakasle ere ibili dira haiekin lanean; besteak beste, Lucia Lasarte, Xabino Alkorta, Ainhoa Areitio, Martin Barandiaran, Matxalen de Pedro, Loida Gomez, Edurne Martinez eta Vene Herrero.

1960ko hamarkadako Italian dago girotuta obra, eta ikasleek ere horretara egokitu behar izan dute. «Eszenaratzea, jantziak, ahoskera... dena dago garai hartan kokatuta», zehaztu du Izquierdok.

Guztira, hamabost aktore ariko dira oholtza gainean: Ilargi Arrizabalaga, Ander Camacho, Kattalin Errazti, Uxue Fuertes, Imanol Gonzalez, Aitor Idiakez, Luis Mitxelena, Andrea Mora, Anzhelika Pankova, Izar Pizarro, Arnatz Alvarez, Miriam Pulido, Jon Ander Muñoz, Ander Rovira eta Ander Sanchez. Horien artean, gainera, «sekulako aniztasuna» dagoela azpimarratu du Noemi Santisteban Dantzertiko zuzendariak: «Profil desberdina dute ikasle guztiek, eta hori aberasgarria da, baina, aldi berean, zailtasunak ere baditu».

Komedia barregarri eta erromantiko bat da emaitza. «Maitasuna ospatzera garamatza obrak, eta apustu irmoa egiten du huts egiteko eta hori aitortzeko beldurrik ez izateko eskubidearen alde», azaldu du Izquierdok. Haren barruan, «Shakespeareren ohiko gaiak» jorratu dituzte, hala nola desengainuak, tranpak, maitasuna eta haren oztopoak. Antzezpenek ez ezik musikak ere «presentzia handia» izango duela azpimarratu dute, eta, hain zuzen, Adrian Garcia de los Ojos arduratu da obra osoaren soinu banda sortzeaz.

Rikarterekin aritzea «ohore izugarria» izan dela nabarmendu dute Dantzertiko kideek. Era berean, Shakespeareren obra bat interpretatzea «konplexua» dela gaineratu du Izquierdok: «Shakespeareren lengoaia zaila da, eta ikasleek, lehenengo, obraren mezua deszifratu behar izan dute, gerora publikoari transmititu ahal izateko. Lan asko egin behar izan dute, baina, era berean, asko ikasi duten irudipena dut».

Egoitza propioa

Zortzi urte dira Dantzerti martxan hasi zenetik, eta, gradua lortuko duen bosgarren ikasle promozioa da aurten oholtza gainera igoko dena. Aurrez ere, urtero taularatu izan dute antzezlan bat azken ikasturteko ikasleek, eta, horietako bakoitzean, arte dramatikoen munduan ibilbide luzea egin duten pertsonak aritu dira zuzendari: Maria Goirizelaia, Mireia Gabilondo eta Fernando Bernues, kasurako.

Azkuna zentroaren eta Dantzertiren arteko lankidetza hitzarmen bati esker egingo dute estreinaldia. «Azkuna zentrotik laguntza eskaini nahi diogu ikasleen jardunera bideratutako prestakuntzari», adierazi du Rakel Esparzak, Azkuna zentroko programazio arduradunak.

Dantzertiko zuzendaria pozik agertu da hitzarmenarekin, baina, bide beretik, egoitza propio bat izatearen garrantzia ere azpimarratu du: «Dantzerti hazten ari da, erreferente bihurtzen ari da, eta espero dugu gure lanak taularatzeko egoitza propio bat izatea ahalik eta lasterren». Berez, egon badago egoitza bat egiteko asmoa, baina haren esperoan daude aspalditik: «Behin eta berriro hitzematen digute egingo dutela, baina ez digute eperik zehazten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.