Hotzetik sortu dute beroa Mandoilek taldekoek. 2011ko neguan batu ziren lehenengoz Igon Olaguenaga eta Asier Linares, eguneko lanak bukatuta, Amurrion (Bizkaia), denbora-pasa aritzeko asmoz: trikitia eskuetan bata eta baterian eserita bestea. Ongi pasatzeko asmoz hasi ziren trikitiari kunbia, korrido eta runba erritmoak batzen, eta hala ari zirela, uda heldu zen. Hor lehen mandeuliak negu betean. «Dantzarako gogoa sortzen duen musika da gurea». Kantak pilatuz joan, eta kide berriak batu zitzaizkien taldera: David Ferreño baxu jotzailea, Andoni Vera gitarra jotzailea, eta Unai Mendibil abeslaria. Berrogei kontzertu eman dituzte formatu horrekin, eta taldearen izen bereko lehen diskoa kaleratu dute orain (Elkar).
Bizitzaren alde argian kokatu dute beren burua taldekideek. Eta alde horri kantatu nahi izan diote. Horregatik, dantzagarriak dira kantarik gehienak, eta ludikoa da haien asmoa. «Erakutsi nahi izan dugu dena ez dela balada malenkoniatsua. Ipurdia mugitzeko zer edo zer aurkeztu nahi izan dugu». Disko osoa hartzen du festa gogo horrek, eta erritmo biziak dira nagusi, baina bada erritmo lasaiagoko kanta pare bat ere. Be Quiet izeneko reggae kanta da bata, eta Joan eta etorri maitasun kanta bestea.
Parranda giroko hitzak
Hitzetan ere agerikoa da jarrera bizizale hori. Unai Mendibil abeslari eta bertsolariarenak dira hitzak, eta, dioenez, parranda girokoak dira abesti asko. Hori da Bilboko auzo ezagunari eskainitako Bilbi kantaren kasua, eta baita La Espuela izenekoarena ere. Baina badira gai arantzatsuagoei buruzkoak ere: emakumeen aurkako indarkeriaz mintzo da Maria Cristina, esaterako, eta ustelkeriaren aurkako salaketa da Be Quiet, Please.
Kolaboratzaile sorta izan dute diskoa grabatzeko. Samalda bat, egia esanda. Rap kutsuko tarte batzuk txertatu dituzte 121 Crew taldeko kideek eta Askapen Dub taldeko Gorka Suaiak, esaterako. Baina askoz ere luzeago den zerrenda bateko lehenak baino ez dira. Urrutitik kantu abestia hautatu dute single modura emateko, eta Naroa Gaintza abeslariak lagundu ditu ahotsarekin. Euskal presoei eskainitako kanta bat da, lelo itsaskorrekoa: «Maite duzun hori/ esan ziguten zaintzeko,/ eta distantziak/ ez ditu aldenduko:/ zuengatik gara/ ilunpetatik argira./ Garelako bihar ere/ izango dira».
Neguan sortutako mandeuliak
Kunbia, korrido eta runba erritmoekin batu du eskusoinua Mandoilek taldeak bere lehen diskoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu