'Crybaby'
Artista: Siyi Li. Non: Cibrian galeria, Donostia. Noiz arte: otsailaren 17ra arte.
Orain dela hiru bat urte Nagore Amenabarrok egindako erakusketa etorri zitzaidan segituan gogora Cibrian galeriaren web orrira sartu eta abian dagoen erakusketaren inguruko argazkiak ikusi nituenean. Erakusketa hartan, objektu baten tamaina aldatze hutsak harekiko izan dezakegun hautemate eta esperientzia nola baldintzatzen zuen ezin hobeto senti zitekeen, eta bisita hartako oso oroitzapen onak ditut oraindik ere. Agian, oroitzapen horiek izan ziren galeriako web orriko argazkiak ikusi eta Siyi Li artistaren Crybaby erakusketa ikustera joatera animatu nindutenak.
Galeriara sartu, eta, ohi bezala, erakusketaren inguruko eskuorria hartu nuen, baina ikaragarrizko testu luzea zuen, letra oso txikikoa, eta, gainera, bertan ez dago lasai eseri eta irakurtzeko espaziorik. Beraz, tolestu eta poltsan sartu nuen aretora nindoan bitartean.
Salaren erdian zegoen web orrialdean nire arreta piztu zuen pieza: tamaina monumentaleko elur maluta bat. Baina nahiz eta ezagutzen ez ditugun gauzen argazkiek haien inguruko irudi bat eraikitzeko balio izaten diguten, irudi horiek ez dira beti bat etortzen errealitatearekin. Eta hori gertatu zitzaidan oraingoan. Sorpresa izan zen; sorpresa ona. Hain zuzen, elur malutarekin batera zenbait pintura lanen irudiak ere agertzen baitziren web orrialdeko argazkietan, mihiseak, eta, elur malutaren tamaina ikusirik, hauek ere handi xamarrak izango zirela irudikatu nuen nire baitan. Baina errealitatea guztiz kontrakoa da: mihiseak postalen tamainakoak edo agian txikiagoak dira. Irribarre bat irten zitzaidan; jolas batean sentitzen nintzen.
Tamainen inbertsioak erakusketari halabeharrez beste ikuspuntu bat atxikitzen dio. Objektuak irakurtzeko beste postura bat hartzea eskatzen dio ikusleari, mentala zein fisikoa. Pintura bakoitzera ohi baino gehiago hurbildu beharra dago, eta, haietako bakoitza ikusi nahi bada, begiak gerturatzeko keinu bera egin beharra dago, behin eta berriz, aretoko hormen perimetro guztian zehar lerrokatutako lanen aurrean. Eguneroko eszenen bat-bateko modukoak dira, polaroid batekin ateratako argazkiak balira bezala. Baina, mihise gaineko pinturaren bidez, egunerokotasunean garrantzirik gabe pasatzen diren une horiek gorestea lortu du artistak, nolabait carpe diem-aren adiera gogoraraziz; hainbatetan ahazten zaigun hori. Hutsaltzat jotzen ditugun baina era berean egun bakoitza berezi eta bakar egiten duten egoera eta eszenen plazaratzea da. Bata bestearen jarraian ipinita, ia komiki bateko binetak izango balira bezala, protagonista baten istorioa edo narrazioa kontatzen dute irudiek. Ikuslearen lana bunbuiloak sortzean datza. Eta aretoaren erdian metalezko hari mehetik zintzilik dagoen metal dizdizarizko elur malutak kontakizunari testuingurua edo abiapuntua eskaintzen dio: negua da.
Aretotik bakoitza bere pelikula-rekin atera zen; goiza zen eta, era berean, gure egun horretako kontakizuna osatuko zuten une hutsal horiek zein izango ote ziren esperoan eta gogoetan gelditu ginen. Carpe diem.
Etxera etorri, eta lasai, poltsa husterakoan galerian doblatuta gorde nuen eskuorria topatu, eta lehenengo lerroa irakurri nuen: «Elur malutarik ez da erortzen sekula okerreko lekuan». Testuko elur malutak aretoan hura inguratzen zuten ekintza eta uneei erreferentzia egiten die, zalantzarik gabe; une bakoitzaren garrantzia azpimarratzeari keinu eginez, eta haiek gure bizitzaren nondik norakoa definitzeko duten gaitasunari, era berean. Gauza guztiak arrazoi batengatik gertatzen omen dira. Edo hori esaten da behintzat.
Testua Elif Saydam artistak idatzia da, eta, bertan, C protagonistatzat duen bere kontakizun propio eta ederra eskaintzen digu. Nik sortua nuenarekiko hurbila zenbait kasutan, baina edonola ere, desberdina; berria. Berriz ere atzera, erakusketara itzultzeko aukera eskaintzen duen opari gisara hartu nuen; erakusketaren zatitxo bat modu sinplean etxera eramatea ahalbideratu, eta aretoko esperientzia luzatzen duena, aho zapore gozoa utziz, gainera.
Gidoi zehatzik gabeko antzerki baten gisakoa da erakusketa; jolas bat, hein batean. Pieza nagusiak eskaintzen dituena, eszena ezberdinak proposatzen dituena; hortik aurrera, bisitarien lana eta gozamena da bakoitzak bere istorio propioa sortzea.