Astelehena, 1920ko urriaren 25a (negu-sasoiko lehen eguna)
Zergatik da bizitza horren tragikoa, nola zementu lerro estu bat amildegi aurrean? Behera begiratu dut; zorabiatzen hasi naiz; ez dakit sekula ailegatuko ote naizen amaierara. Baina zergatik sentitzen dut hau? Orain, esan dudanez, ez dut sentitzen. Suak erre egiten du [...]».
Virginia Woolf jardun betean zegoen, 1920. urtean. Iruzkin eta kritika literarioak trumilka publikatzen zituen hainbat hedabidetan, eta bi nobela zeuzkan argitaratuta, The Voyage Out (Kanporako bidaia) eta Night and Day (Gau eta egun). Baziren zortzi urte Virginia Stephen gazteak Leonard Woolfi abizena hartu ziola, eta hiru, berriz, senar-emazteek Hogarth Press argitaletxea fundatu zutela, aurrerantzean Virginiaren hainbat lan argitaratuko zituena. Urtea Monk's House-n hasi zuten, Sussexen erosi berri zuten landetxe batean, non Virginiak izugarri disfrutatzen baitzuen «landako bizitzaz». Martxoan, Bloomsbury talde ezaguna berriz elkartzen hasi zen, Memoir Club izenarekin, eta Woolf giro intelektual horren gazi-gozoetan murgil ibili zen. Kazetaritza, literatura, edizio jarduna eta bizitza soziala, horiek zituen Virginia Woolfek bizigarri 1920an.
«Inpotentzia sentipen bat da; izotza ezin puskatua. Hemen nago eserita, Richmonden, eta, zelai erdian ezarritako argiontzi bat bezala, ilunean gora aienatzen da nire argia. Idatzi ahala urrituz doa melankolia. Zergatik ez dut, bada, maizago idazten? Tira, banitateak eragozten dio bati. Arrakasta itxuratu nahi dut, baita neure buruaren aurrean ere. Baina ez naiz horren hondoraino iristen. Haurrik ez izatea da, lagunengandik aparte bizitzea, ondo idatzi ezina, diru gehiegi xahutzea janaritan, zahartzea».
1920an, Virginia Woolfek tristura hartzen zuen bere eleberri argitaratuak berrirakurtzean. Ez dira haren lanik ezagunenak gaur egun, eta garai hartan ere ez zuten berealdiko estimaziorik jaso, batez ere bigarrenak, zeina gogor kritikatu baitzuen Katherine Mansfieldek berak ere. Nobela konbentzional samarrak ziren, gerora eskribituko zituenen oso bestelakoak. Bazerabilen beste eleberri baten proiektua buruan, eta 1920ko maiatzerako hasia zen Jacob's Roomzirriborratzen (Jacoben gela); bi urteren buruan plazaratuko zuen, eta horrekin bai, hasiko zen modernismo literarioaren bideetan barnatzen, mugimenduaren figura behinenetako bat bilakatu arte. Nobelak oso esanguratsua du hasiera, in medias res hasten baita erabat, Dalloway andrea-ko lehen esaldi famatuaren antzera, eta nobela osoa elipsi baten inguruan garatzen da, protagonista ez da-eta sekula agertzen. Jacoben gela-rekin jaio zen ahotsak gerora Dalloway andrea eta Farorantz emango zituen, besteak beste, baina 1920 hartan ernaldu zen, aurreko bi nobeletan bainoago. Neurri batean, urte hori gontz moduko bat izan zen Woolfentzat, aurrerantzean ekin baitzion bere «narratiba berria» garatzeari.
«Gehiegi pentsatzen dut zergatik eta zer dela-eta; gehiegi nitaz. Ez dut atsegin denbora nire inguruanhaizatzea. Ea, bada, lana. Bai, baina hain agudo nekatzen naiz lanaz; apur bat baino ezin dut leitu, aski dut ordubete idaztea [...]».
Bere lanarekin zituen ezin, kezka eta frustrazioekin, Woolfek Jacoben gela-ko bideetan aurrera egin zuen, baita nobela proiektutik kanpo ere. Ipuin funtsezko batzuk plazaratu zituen: Kew Gardens izugarri laudatu zion Mansfieldek, eta An unwritten Novel (Nobela idatzigabe bat), uztailean argitara emana, «aurkikuntza» hutsa izan zen Woolfentzat, haren hitzetan. Orduko bere artikulu eta saiakeretan ere ezagun du ari dela, zailtasunak zailtasun, Jacoben gela-ko esperimentazio bide propioa urratzen, pausoka bai, baina ezinbestez.
«Bizitza bera da, pentsatzen dut batzuetan, gure belaunaldikoontzat hain tragikoa. [...] Zorigaitza bazter oro dago, justu atearen bestaldean; edo ergelkeria, okerragoa baita. Halere, ez dut asuna kentzea lortzen. Jacoben gela berriz idazteak berpiztu egingo nau, nik uste [...]».
Katherine Mansfieldekiko adiskidetasun gorabeheratsua izan zuen garai hartako beste bizigarri ezinbesteko bat. Noiz nola indiferentziaz, grinaz eta amorrazioz hartzen zuten elkar, baina, 1920an aspaldikoz berrelkartu zirenean, Woolfek zera idatzi zuen egunerokoan: «[...]bakardadeari buruz mintzatu ginen, eta ohartu nintzen neure sentimenduak adierazten zituela, nik sekula entzun gabeak nituen era batean». Izugarri estimatzen zituen Mansfieldekiko elkarrizketak, eta faltan sumatu zituen hark Londrestik alde egin zuenean, urte hartan bertan. Gau eta egun-en kritika latza gorabehera, Mansfieldek, partitu aurretik, ipuinak eskatu zizkion argitaratzeko, eta Woolf durduzatuta utzi zuen, haren hutsunea indiferentziarekin estali nahian. 1923an hil zen Mansfield, berriz elkar ikusi gabeak zirela, eta Woolf zer sentitu asmatu ezinik geratu zen ostera ere. Idazten hasi nahi, eta iruditzen zitzaion alferrik zela hori, Katherinek ez baitzuen leitzerik izango. Baina ordurako urtebete pasatu zen Jacoben gela kaleratu zenetik, eta Dalloway andrea erditze bidean zeukan. Bide malkartsua izango zen, bai, baita zorigaiztokoa ere nahi baino sarriago, baina geldiezina, azken finean.
«Orain ez dut atsegin zer idazten ari naizen. Eta, halere, zein pozik nagoen... ez banu sentituko amildegi aurreko zementu lerro bat dela hau».
Literatura
«Negu sasoiko lehen eguna»
Idazle baten egunerokorik ezagun eta oparoenetako bat izango da Virginia Woolfena, ia bizi osoa eman baitzuen osatzen. Gaur duela ehun urte, astelehenarekin, Woolfek 38 urte zituen; idazle argitaratua zen, baina artean onenak eman gabea. Eta sarrera bat egin zuen egunerokoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu