«Gaur egungo musika zarata besterik ez da; nire ustez, denok gorturik geldituko zarete!». Douglass Nightinghale The Sparteens taldeko gitarra jotzaileak hitz umoretsu horiekin azaldu du rock abestiak ye-ye estilora egokitzeko joera. Maxisingle bat argitaratu dute, Negu Gorriak taldearen Bi doberman beltz abestia 60ko hamarkadako estilora eramanez. Oraingoan ez dute ohiko single bakarra kaleratu, eta beste bi abesti ere sartu dituzte CDan; hala, Gontzal Mendibilen Bagare eta Eustakio Mendizabalen Eustakioren bertso batzuk abestiak ere egokitu dituzte. Horretaz gain, Bi doberman beltz eta Eustakioren bertso batzuk abestien bideoklipak sartu dituzte CDan.
Nightinghalen arabera, Bi doberman beltz abestiaren bertsioa bideoklipetik sortu zen: «Alderantziz egin genuen ekoizpen prozesua. Hasieran bideoklipa grabatu genuen, eta, ondoren, irudien gainean, abestia irudikatzen hasi ginen». Maribel Iriarte taldeko abeslariak diseinatu ditu bideoklipen storyboard-ak, eta larunbatean Andoaingo Gaztetxean aurkeztuko dituzte hiru abesti berriak. Nightinghalek jakinarazi du Fermin Muguruza ados dagoela abestiaren egokitzapenarekin, eta, txantxetan, gaineratu du Muguruza «plagio egiteagatik» auzitara eramateko asmorik ez duela taldeak.
Negu Gorriak taldearen abestia egokitzeko erabakia ez da kasualitatea izan. Twist lehiaketak eta guatekeak alde batera utzita, taldeak alde «serioagoa» ere baduela erakutsi nahi izan dute abestiarekin, baina ironia jokoarekin jarraitu du Nightinghalek: «Oso ondo dago zaleek gurekin ondo pasatzea, baina bitartean badira munduan hiltzen diren haur asko, eta hori oso tristea da».
Guztien abestiak
Txantxak ez du amaierarik taldearentzat. Dena den, Nightinghalen esanetan, aurretik kaleratutako abestietako umorea leundu nahi izan dute: «Oso pozik gaude gaur egun oraindik gazteek gure kantak kantatzen dituztelako kalean, baina oso gai konplexuak daude gaur egun gure herrian». Bi doberman beltz abestiak gai horiek erakusten ditu taldearen iritziz: «Abestiak kontatzen du doberman horiek ez lortzeak sortzen duen frustrazioa. Dobermanak sinboloak dira: bizitzan zerbait lortu nahi arren, ametsa betetzerik ez dugunean sortzen den etsipena irudikatzen dute».
Besteen abestiak beren estilora egokitzeak ez die buruhauste handirik eman taldekideei. Nightinghalen ustetan, kultura denona da: «Kultura guztiona da, eta baita abestiak ere. Guk aukeratzen ditugun abestiak oso ezagunak dira, gainera».
Negu Gorriak-en 'Bi doberman beltz', ye-ye moldean
The Sparteens taldeak 'Bagare' eta 'Eustakioren bertso batzuk' abestiak ere egokitu ditu maxisingle batean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu