Aranzadi zientzia elkarteko kideak 2008an hasi ziren San Adriango koban indusketa lanak egiten, Aizkorri-Aratzeko parke naturalean, eta aurten ere aurkikuntza esanguratsuen berri eman dute. Orain arte Goi Paleolitoko —duela 14.000 urte inguruko— arrastoak atzemanak zituzten, baina arkeologoek susmatzen zuten lehenagotik ere okupatu izango zutela gizakiek, eta aurten egiaztatu dute hala izan zela: neandertalek koba erabili zuten, orain dela 40.000 urte gutxienez.
Alfredo Moraza, Manu Zeberio eta Jesus Tapia arkeologoek gidatzen dute indusketa, eta, haien hitzetan, «inoiz ez da neandertalen kulturarik aurkitu San Adrianen pareko altitude handian», isurialde atlantikoan behintzat. Mila metro inguruko garaieran dago koba hori, eta Gipuzkoaren eta Arabaren arteko mendiko pasabidea da egun. Deigarria da, adituen esanetan, garaiera horretan atzematea gizakien arrastoak, aro hartan hotz handia egingo zuelako.
2023ko indusketa kanpainan hamar bat ikasle eta boluntariok parte hartu dute, eta bi sektoretan lan egin dute: baselizaren aldean eta garai bateko ostatuaren aldean egin dituzte indusketak. Baselizaren inguruko indusketa horretan atzeman dituzte neandertalen arrastoak: «Fauna zati batzuk eta dozena bat harrizko tresna».
Fauna zati horiek hezurrak dira, haragia kentzeko urratutako hezurrak, eta muinak ateratzeko hautsitakoak; «gizakiek erabili zituztelako zantzuak» dituzte. Harrizko tresnen artean, berriz, lauzak eta karrakagailu bat aurkitu dituzte; baita ikatz hondarrak ere.
Silexean eginak daude aurkitu dituzten tresna horietako batzuk —Urbasan eta Trebiñun badago material hori, ikertzaileen esanetan—, hareharrian beste batzuk, eta teknika «oso espezifiko eta bereziekin» egin zituzten. Tresna horiek eta teknikak adierazi diete neandertalek sortutakoak direla. Teknika hori Moustier aldian garatu zen, Aranzadiko ikertzaileen esanetan —duela 300.000 eta 30.000 urte artean; Erdi Paleolitoan, beraz—.
Indusketaren bukaera aldera atzeman zituzten piezak —uztailean aritu dira lanean, hamabost egunez—, eta ez dute denborarik izan gehiago sakontzeko. Datorren urtean, baina, ikerketa lerro horri eta neandertalen arrastoari jarraitzeko asmoa dutela azaldu dute.
Goi Paleolitoko estratigrafia batean aritu izan dira lanean orain arte, duela 14.000 urteko mailan, baina sakonago ikertu dute aurten, eta 1,80 metroko sakoneran agertu dira neandertalen aroko arrastoak. Aranzadik azaldu duenez, «neandertalek Eurasia okupatu zuten orain dela 240.000 eta 40.000 urte arteko garaian, eta haien desagerpenari buruz argitu gabekoek punta-puntako ikerketa arkeologikoak eragin dituzte munduan».
«Desagertu baino lehen, Izotz Aroan —duela 40.000 urte inguru—, neandertalek harremanak izan zituzten gure espeziearekin, eta gure genoman haien aztarna genetiko batzuk daude, proportzio txikian. Neandertalek gure antzeko adimena eta gaitasunak zituzten», esplikatu du zientzia elkarteak. Baina giza espezie horri buruz galdera asko daude airean oraindik, eta Gipuzkoan garaiera horretan halako arrastoak aurkitu izanak ikerketa bide hori sustatzen duela uste dute.
Erdi Aroko gazteluko horma
Beste ikerketa eremuan, garai bateko ostatutik gertu dagoen indusketa gunean, Erdi Aroko aztarnak ikertzen jarraitzen dute aurten. Gaztelak Nafarroa konkistatu aurreko gaztelu baten arrastoak daudela uste dute. «Egiaztatu dugu horma handi bat zegoela, hamahiru metro luze eta 1,20 metro zabal zena: erregistratu zenean, ia zimenduak bakarrik gelditzen ziren. Harresi hori nahiko goiz egokitutako gotorleku militarra izan zitekeen, gutxi gorabehera XI. eta XII. mendeen ingurukoa, eta baliteke Iruñeko Erresumak eraikia izatea».
Uste dute XIII. mendean berreraiki egin zutela gaztelua, «Gaztelako Erresumak eremua konkistatu ondoren». XVIII. mendeko lehen hamarkadetan eraitsi zuten, haren zimenduen gainean bide ondoko ostatu bat eraikitzeko.
Neandertalen arrastoak aurkitu dituzte San Adriango koban
Aranzadi zientzia elkartearen indusketetan aurkitu dituzte aztarnak, 1.000 metrotik gorako garaieran: «Inoiz ez da neandertalen kulturarik aurkitu horren altitude handian»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu