Nazioarteko inprobisatzaileen bira egingo dute urrian

Tomasita Quiala kubatarrak eta Araceli Arguello argentinarrak inprobisazio saioak egingo dituzte Euskal Herriko sei herri eta hiritan, hainbat bertsolarirekin batera, urriaren 9tik 14ra

Maider Belokik eta Julio Sotok Nazioarteko Inprobisatzaileen Bira aurkeztu dute Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ane Eslava.
Iruñea
2018ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Mintzola Ahozko Lantegiak eta Lanku Kultur Zerbitzuak Nazioarteko Inprobisatzaileen Bira antolatu dute. Urriaren 9tik 14ra Argentinako, Kubako eta Euskal Herriko hainbat inprobisatzaile batuko dituzte, sei herri eta hiritan saioak egiteko. Tomasita Quiala kubatarrak eta Araceli Arguello argentinarrak parte hartuko dute horietan, hainbat bertsolarirekin batera. Julio Soto bertsolariak, Maider Beloki Iruñeko Udaleko Kultura kontseilariak eta Iñaki Azkona Iruñeko Udaleko euskara teknikariak aurkeztu dute egitasmoa, Iruñean.

Kantu inprobisatuak lotutako kulturen arteko komunikazioa sustatzeko helburuz antolatu dute zikloa. Iruñean hasiko da, urriaren 9an, eta hainbat herritara zabalduko da urriaren 14ra arte: Erandiora (Bizkaia), Hernanira (Gipuzkoa), Gasteizera, Baionara eta Donostiara. Quiala eta Arguello inprobisatzaileek saio guztietan parte hartuko dute, eta haiekin batera bi bertsolari arituko dira saio bakoitzean. Maialen Lujanbio, Julio Soto, Jone Uria, Amets Arzallus eta Xabi Igoa bertsolariak tartekatuz joango dira. Gai jartzaileak Iker Iriarte eta Maialen Berriozabal izango dira, eta itzultzaileak ere egongo dira. Saio guztiak dohainik izango dira.

Julio Soto bertsolariak adierazi du «oso polita» dela nazioarteko bi emakume inprobisatzaile Euskal Herrira ekarri ahal izatea. Izan ere, kantu inprobisatuaren tradizioan emakumeek oztopo asko gainditu behar izan dituzte plazetan abestu ahal izateko. Soto: «Euskal Herrian ez dira urte asko emakumearen presentzia plazetan hutsaren hurrengoa zela, eta, zorionez, gaur egun emakume bertsolari asko dabiltza. Bada, Euskal Herritik kanpo ere gauza bera gertatzen da; horregatik, bira hau ederra izango da alde horretatik».

Tomasita Quiala punto kubatarraren erreferente nagusietako bat da. Oso gaztea zelarik hasi zen kantuan, eta Kuban kantu inprobisatuan hasi ziren lehenbiziko emakumeetako bat izan zen. Gerora profesional bihurtu zen, baina haren jarduna beti egon da herri mugimenduari lotua. Araceli Arguelloren ibilbidea, berriz, laburragoa da, 23 urte baino ez baititu. Hala ere, oso txikitatik aritu da kantuan, etxetik jaso baitzuen payadarako zaletasuna.

Punto kubatarrak Andaluzian eta Kanariar uharteetan du jatorria (Espainia), eta Afrikako musikaren elementuak ditu. Gaztelaniaz kantatzen da, eta inprobisatzaileak bakarka edo binaka aritzen dira, musikak lagunduta. Payada edo payoa, berriz, Argentina, Uruguai, Paraguai, Brasil etaTxileko adierazpidea da; gaztelaniaz kantatzen da, bakarka edo lehian, gitarraren laguntzaz. Bertsolaritzan bezala, lan handia egiten ari dira bi adierazpide horiek belaunaldi berriei transmititzeko, eta emakume inprobisatzaileen kopurua asko handitzen ari da.

«Aberasgarria izango da»

Sotok esan du «luxua eta opari ederra» dela bertsolari gisa egitasmoan parte hartu ahal izatea: «Kulturalki aberastuko gaitu, baita sortzaile gisa ere». Izan ere, inprobisatzeko modu bakoitza berezia da: ohitura batetik bestera aldatu egiten dira metrikak, erritmoak, gaiak eta estilo literarioak. Hori dela eta, emanaldiak «bereziak eta berritzaileak» izango direla ziurtatu du: «Agertokian egongo dira gaztelaniaz kantatuko duten inprobisatzaileak, itzultzaileak, musika...». Inprobisatzaile guztiek ariketak egin behar izango dituzte elkarrekin, eta inprobisatzeko beste moduetara moldatu beharko dute. Hori dela eta, Sotok «erronka» moduan ere ikusten du zikloa.

Sotoren eta Belokiren ustez, egitasmoa baliagarria izango da erakusteko kantu inprobisatua ez dela soilik Euskal Herriko ohitura bat; munduko herri askotan egiten dela, eta mendeetan sustraitutako tradizioa dela. «Ikusi ahal izango dugu kantu inprobisatua kultura askotan errotuta dagoela», adierazi du Belokik. «Hori bertsolariontzat aberasgarria izango da», Sotok.

Nazioarteko Inprobisatzaileen Bira Mintzola Ahozko Lantegiaren eta Lanku Kultur Zerbitzuaren arteko elkarlanaren emaitza da. Mintzolak lanean dihardu bertsolaritza mundura zabaltzeko eta beste nazioarteko kantu inprobisatuak ezagutarazteko; Lankuk, berriz, proposamen berritzaileak bilatzen ditu. Bira antolatzeko tokian tokiko erakundeen babesa jaso dute: Iruñeko, Erandioko, Hernaniko eta Gasteizko Udalak, Euskal kultur erakundea, Haizebegi jaialdia, Donostia Festak eta Donostia 2016 Kultur Hiriburutza. Sotok laguntzaile guztien lana eskertu du.

Antzeko esperientziak

Ez da hainbat herrialdetako inprobisatzaileak batzen dituzten lehenbiziko aldia, antzeko emanaldiak ere antolatu baitira. Kasurako, 2016an Europa Bat-batean Kantu Inprobisatuen Nazioarteko Topaketa antolatu zuten Donostian, Donostia 2016 Kultur Hiriburutzaren baitan. Zazpi herrialdetako inprobisatzaileak bildu ziren: Austria, Gales, Herrialde Katalanak, Kuba, Mexiko, Zipre eta Euskal Herriko ordezkariak. Belokik, Sotok eta Azkonak adierazi dute esperientzia hori «oso ederra» izan zela.

Nazioarteko Inprobisatzaileen Biraren lehenbiziko saioa urriaren 9an izango da, Iruñeko Zentral Aretoan, 19:00etan. Zikloaren inguruko informazioa www.mintzola.eus webgunean eskura daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.