Nazioarteko 17 pieza eskainiko dituzte ACT jaialdian

Mundu osoko konpainia hasiberrien jaialdia ekainaren 2tik 6ra egingo da Barakaldo eta Bilbon

ACT antzerki jaialdiaren aurkezpena, atzo. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2014ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
«Eskolatik atera eta nahiko galduta zeuden ikasleei erakusleiho bat eskaintzea». Asmo horrek bultzatu zituen orain hamaika urte BAI Bizkaiko Antzerki Ikastegiko kideak ACT jaialdia antolatzera. Urteekin, garatuz joan da festibala, ordea, eta nazioarteko konpainia gazteen performance, dantza, antzerki eta zirku pieza laburrak eskaintzen dituen jaialdi eta azoka da egun. 11. aldia du aurtengoa, eta tailer, ikastaro eta mintegiez gainera, 17 pieza eskainiko ditu Bilbon eta Barakaldon (Bizkaia) ekainaren 2tik 6ra. Konpainia gazteenak denak. Pieza laburrak guztiak. Eta antolatzaileen hitzetan, baita «kalitate oso handikoak» ere.

Nazioartekoa da deialdia, eta mundu osoko 200 proposamen inguru jaso dituzte aurten. Haietariko 17 hautatu dituzte programarako. Kataluniako, Espainiako, Erresuma Batuko, Herbehereetako, Frantziako, Koreako, Belgikako, eta Hungariako konpainiak izango dira oholtza gainean, baina baita Euskal Herrikoak ere. Hooked dantza pieza eskainiko du, esaterako, Lasala konpainiak, eta #Elkarrekin bakarrik pieza eskainiko du Mauma elkarteak oholtza gainean.

Kafe Antzokian egingo dituzte hasierako eta bukaerako ekitaldiak ekainaren 4an eta ekainaren 7an. Eta iazko jaialdiko sari nagusia jaso zuen Sandman konpainiak bietan egingo ditu emanaldiak. Iaz saritutako lana jokatuko du bukaerakoan, eta sortzen ari den pieza bat erakutsiko du hasierakoan: Touch me!. Lehiaketatik kanpo eskainiko dute hasiera ekitaldian Mirage Teatro taldeak Saharaz hegoaldeko etorkinekin elkarlanean sortutako Quijotadas pieza ere. Eta lehiaketatik kanpo izango da Feren Feher hungariarra Tao Te pieza eskaintzen jaialdiko azken saioan.

Hamabi lanek hartuko dute parte lehiaketan, eta 2.000 euroko saria eta hilabeteko egonaldi bat egiteko aukera izango du garaile izango denak. Horrez gain, nazioarteko artista berri onena ere sarituko dute, eta Seuleko Duri Dance antzokian antzezteko parada izango du.

Jaialdia publikoari zabaltzea da aurtengo erronka, antolatzaileek azaldu dutenez, eta eskainiko dituzten 17 piezak ikusteko 12 euroko bonua jarriko dute salgai horregatik.

Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau:

www.bai-bai.net/act
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.