Nazioartean present egoteko, «behintzat», idatzitako istorio bat

'Basque Literary History' liburu kolektiboa atera du Renoko Euskal Ikasketen Zentroak, hamahiru adituren lan autonomoekinMetaketa egin ordez, euskal literaturaren bilakaeraren ikuspegi bat azaltzea du asmo

Xabier Altzibar, Patri Urkizu, Aurelia Arkotxa, Joseba Zulaika, Manu Lopez Gaseni, eta denen aurrean, Mari Jose Olaziregi liburuaren editorea, atzo Donostian egindako aurkezpenean. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Igor Susaeta.
Donostia
2013ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Renoko Unibertsitateko (Nevada, AEB) Euskal Ikasketen Zentroak 2004an abiarazitako Euskal Literatura Sailak zortzi izenburu kaleratu ditu. Basque Literary History da azkenekoa, eta Mari Jose Olaziregi liburuaren editorearen esanetan —hitzaurrea ere egin du—, obra eta autoreen metaketa hutsa egin ordez, euskal literaturaren bilakaeraren «ikuspegi bat» azaltzea da liburuaren asmoa. Hamahiru adituk modu «autonomoan» idatzitako lan kolektiboa da, eta «helburu praktiko batekin», atalka banatu dute. Olaziregiren iritziz, «kanpora begirako istorio bat» osatzea eduki dute buruan. Izan ere, eta Joseba Zulaika Euskal Ikasketen Zentroko Occasional Papers saileko arduradunaren ustez, «nazioartean present egotea, behintzat, inportantea da, nahiz eta asko ez saldu».

Amaia Gabantxok itzuli du ingelesera, eta kapituluka banatu dute XX. mendea arteko ibilbidea. «Azken bi mendeetakoa, berriz, bai kapituluka eta baita generoka ere», azaldu zuen Olaziregik, atzo, Donostian egindako aurkezpenean. Haren ustez, «esanguratsua» da XX. mendeak liburuan hartzen duen «pisua». Baina «justifikatuta» dago. «Gure literatura, jarduera autonomo gisa, XX. mendean instituzionalizatu zelako».

Liburuaren izenburuaz ere mintzatu zen, eta arrazoitu zuen zergatik ez den izan History of Basque Literature: «Ez delako izan bata bestearen atzean eta inongo loturarik gabe egindako autore eta obren metaketa. Esplikatu nahi dena da literaturaren bilakaera gizarte batean, euskal gizartean».

Liburuak «ikusgarri» egiten ditu «normalean» istorioetan aipatzen ez diren generoak, edo era «marjinalean» aipatzen direnak: «Ahozkoa, haur eta gazte literatura, eta euskarara itzulitako literatura». Hala, itzulitako literaturak euskal prosa literarioari, hizketa literarioari eta ekarritako poetika berritzaileei egindako «ekarpenari» kapitulu oso bat eskaini dio Manu Lopez Gasenik. «Hori normalean ez da horrela planteatzen», nabarmendu zuen Olaziregik.

Bada, gainera, gazteleraz, ingelesez eta frantsesez idatzi duten «gure» idazleei buruzko kapitulu bat liburuaren bukaeran. «Euskaraz idatzitako literatura ez baita izan euskal errealitatearen adierazpen literario bakar eta erabatekoa, euskara hizkuntza bera izan ez den bezalaxe». Eta Jesus Mari Lasagabasterrek ondutako —sarrera ere idatzi du liburuan— Las literaturas de los vascos (2002) liburuan aipatutako ideia bati heldu zion Olaziregik: «Bistan da euskal herritarrok ez dugula beti hizkuntza bakar batean sortu literatura. Badirela beste hizkuntzetan sortutako literaturak gurean. Euren arteko harremanak eta loturak aztertzeke daude, baina liburu honek ikuspegi posnazionala dauka».

600 bat aleko tirada eduki du liburuak, eta horietako 300 baino gehiago AEBetako liburutegietan doan utziko dituzte, Zulaikak atzo jakinarazi zuenez. Euskal Herriko zenbait liburu dendatan ere salgai dago, eta PDF formatuan ere deskargatu ahal izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.