Euskal PEN Klubeko bi idazleak Europa erdialdean egin berri diren bi biltzarretan egon dira. Bakearen Aldeko taldearen bileran egon zen Urtzi Urrutikoetxea Esloveniako Bled aintziran, eta joan den astean Lutxo Egiak parte hartu zuen Poloniako Krakovia hirian Idazle Presoen bilkuran.
Zer da Bledeko bilkura?
Tradizio luzea daukan bilkura da, mende laurden baino gehiago. Lehen ere, Jugoslavia oso herrialde garrantzitsua zen literatura munduan, bi festibal garrantzitsugatik: Bledekoa iparraldean, eta Strugakoa bigarrena, hegoaldean. Gerra Hotzean herrialde kapitalista eta komunistetako idazleek elkartzeko zeukaten leku bakanetakoak ziren. Eta oraindik ere literatur gune garrantzitsuak dira. Bledeko bilkura honek garrantzia handia izan zuen 90eko hamarkadako gerretan; Sarajevoko setiotik irteten lagundu zieten hainbat idazleri. Orain ere bilgune inportantea da, israeldar eta palestinar idazleen artean kasu. Aurten jende asko bildu gara, Europakoak gehienak, baina Argentina, Korea eta Hegoafrikako ordezkariak ere izan dira. Herri gutxituen artean, palestinarrez gain, euskaldunak, katalanak, okzitaniarrak eta uigurrak egon gara. Egoera gogorrena horiek dute Txinaren menpe.
Euskal Herriko egoeraren berri eman duzue?
Bai. Duela oso gutxi baino hobeto egon arren, arduratzen gaituzten hainbat urraketa ere badaude oraindik: larriena kazetariak preso egotea, Egin-ekoak zehazki. Dagoeneko kazetariek ez dute mehatxurik jasotzen, baina oraindik bada hitza erabiltzeagatik auzipetua edo deklaratzera deitua denik. Lehen ere, 2011ko Belgradeko kongresuan, Euskal Herriko bake prozesuaren aldeko ebazpena onartu genuen, Aietekoa gertatu baino hilabete lehenago.
Krakoviakoa Idazle Presoen batzordeko bilkura izan da. Zertan datza?
Nagusiki, adierazpen askatasuna erabiltzeagatik jazarrita edo espetxeratuta diren idazleen inguruan eratzen da. Eta ez idazleak bakarrik, baita kazetariak edo, azkenaldion gero eta indar handiagoz, blogariak ere. Iaz, Koreako Kongresuan, PENek Eskubide Digitalen Adierazpena aurkeztu zuen. Krakovian, berriz, zehatzago aztertu dugu nola aplikatu adierazpena, nola salatu modu eraginkor batez zentsura ezartzen dutenak edo zentsurari ezikusia egiten diotenak. Zentsura edo jazarpena herrialde askotan gertatzen da. Sarri, zerbitzu hornitzaileak Suedia eta antzeko estatu demokratikoetan egonda ere, estatu autoritarioei baimena ematen diete herritarrak kontrolatzeko, spyware-ak ezartzeko adibidez. Eta horren ondorioz, hainbat idazle espetxeratu dituzte. Azkenik, salaketa lanean ari direnei nola lagundu eztabaidatu dugu.
Adibidez?
Mexikon kazetari askok oso egoera zailean egiten dute beren lana, sarri isiltasuna deserri bihurtzeraino. Nahikoa da herri horretako PENkideek kasu lazgarriak salatzea berehala dei batzuk jasotzeko. Halakoetan, Nazioarteko PENek ahalegina egin behar du anonimotasun digitala gordetzeko.
Non fokalizatu dira eztabaidak?
Ipar Afrikako eta Ekialde Hurbileko herrietan gehienbat. Egipto, Azerbaijan, Irak, Aljeria, Tibet eta Irango idazleek beren herrietako egoeretara hurbildu gaituzte. Erbestean bizi diren idazleak eta blogariak gehienak. Halako herrietan jazotzen dira kasurik larrienak. Baina horrek ez du esan nahi gurean gertatzen ez direnik. Krakovian aukera izan dugu Ernai gazte erakundearen webgunearen itxieraz aritzeko. Bestalde, beste behin ere Egin-eko kazetari presoen egoera salatu dugu. Kasu ezaguna da Nazioarteko PENen, hasieratik Case List edo kasu nagusien zerrendan egon baita.
Zertan da gaur egun Euskal PEN?
Datorren urtean hamar urte egingo ditu. BERRIAren uberan gu. Eta ez da kasualitatea. Hiru aldiz izan da orain arte. Lehena 1950ean, Ibiñagabeitia, Zaitegi, Mirande eta beste batzuen eskutik erbestean; bigarrena, 1987ean; eta hirugarrena oso lotua Euskaldunon Egunkaria-ren itxierari. Besteak beste, Martxelo Otamendik, Carme Arenas PEN Catala-ko presidenteak eta Laura Mintegik ikusi zuten behar hura. Alegia, talde bat adierazpen askatasunaren alorrean aritzen den nazioarteko erakunde baten barruan. Eta kasik hamar urte joan ondoren, orain arteko lan ildoarekin jarraitu eta kanpainaren bat indartu behar dugu. Baina esango nuke erronka nagusia egitura sendotzea dela.
Zer falta du PENek?
PEN erakunde handia da. Hainbat batzorde ditu. Gu geu hiru batzordetan ari gara bereziki: Idazle Presoak, Hizkuntz Eskubideak eta Bakea. Laugarrena, Emakume Idazleen Batzordea, kili-kolo ibili da zenbait urtez, baina indarra hartzen ari da, eta hor ere egon nahiko genuke. PENen bazabiltza, ezin zara beti zeure buruari begira ibili. Arreta eman behar diezu kanpoko egoerei. Geuk, urte hauetan, idazle kurduekin lan handia egin dugu. Orduan fronte asko sor daitezke hor. Eta logikoa denez, zenbat eta egitura indartsuago izan, hobe. Gure egitura txikia eta militantea da. Oinarrian militantea behar du izan funtzionatuko badu, baina aukeran handiagoa behar.
Zer ondorio izan lezake horrek?
Berriki gurean ibili diren Margaret Atwood eta Nikola MadzirovPEN bilkuretatik ezagutzen ditugu. Iazko Koreako kongresuan 103 zentrotako jendea bildu ginen. Han ziren Wole Soyinka, JMG Le Clezio eta beste hainbat. Dozenaka kontaktu eta lagun estu egin ditugu Hegoafrikatik Japoniara, eta gurean lantzeko potentzial garrantzitsua dago. Oraingoz Durangoko Azokatik deitu digute nazioarteko herri gonbidatuaren harira, eta gustura jarri gara Eskoziako PENeko lagunekin harremanetan, aurten hori izango baita herri gonbidatua.
Zein da Euskal PENen garrantzia gurean eta kanpoan?
Euskal PENek bertoko idazle, abeslari, kazetari eta abarren berri ematen du kanpoan. Baina ez soilik adierazpen askatasunari dagokionez. Norberaren literatura zabaltzeko ere bada erakunde baliagarria. Lan horri Etxepare Institutuak heltzen dio egun. Baina guk geuk antologiak atondu ditugu. Bestalde, haren laguntzaz, Basque Writing kazeta argitaratzen dugu urtean birritan euskaraz eta ingelesez. Eta bada kontu garrantzitsua: Euskal PEN gara. Nazioarteko PENen nazio gisa onartuak gara eta kide guztien begirunea dugu, gure xumean talde langile eta aktibo gisa ikusten gaituzte.
Lutxo Egia eta Urtzi Urrutikoetxea. Euskal PEN Klubeko kideak
«Nazio gisa onartuak gara nazioartean»
Urtzi Urrutikoetxeak hartu du Laura Mintegiren lekua Euskal PENeko lehendakaritzan, eta zuzendaritza lanean alboan du Lutxo Egia. Datorren urtean hamar urte beteko ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu