Uraren, airearen eta suaren erdian sentitzen da Mikel Lertxundi (Berriatua, Bizkaia, 1951), «dena egin eta desegiten duten materialen artean». Elementu horiek elkarrekin duten harreman sortzailea eta suntsitzailea lantzen ditu bere obran. Donostiako Kur galerian jarri duen erakusketarako egin dituen lanetarako, baina, perspektiba eta eskalekin «jolastu» da artista, eta ikuslea joko horretan parte hartzera bultzatu nahi izan du: «Eskultura batek dituen formak argiak dira; hori bera margolan bateko eskalan jarrita, ordea, bestelako sentsazioa eragiten du». Eskulturak dira obrarik gehienak, baina tartean badaude pare bat margolan. Ekainaren 20ra arte egongo da zabalik.
Espazio propioa landu nahi izaten du Lertxundik, eta zalantzarik egin gabe dio espazio hori naturatik bertatik hartzen duela: «Natura interpretatuz sortzen dut nire paisaia naturala». Hor dira harria, burdina eta zura, haren ibilbide artistikoan nagusi izan diren hiru materialak. «Bakoitzak badu bere posizioa. Harria naturaren oinarria eta pisua da; burdinak indarra du, eta gauzak lotzen ditu; egurrak, berriz, mugimendua erakusten du».
Sentsazio bila aritu da Lertxundi. «Materiala hiru dimentsiotan landuta, bere izaeraren indarra, tenperatura, esanahia eta bizitasuna daramatza; hori bera margo bilakatuz gero, beste sentsazio batzuk eta presentziak agertzen ditu». Ohi duen eran, forma gutxiko eskulturak egin ditu, materialak bizirik baleude bezala agertzea nahi duelako: «Biluzi egiten ditut materialak, berez dutelako karga sinboliko handia». Zurak kurbadura leunagoa du; harriak, zorrotzagoa baina irregularra; eta burdinak, berriz, zuzena. Hirurak lotuta osatzen du obra gero, eta forma bereziak sortzen ditu. Ez dio gehigarri gehiagorik jartzen; isilik uzten ditu: «Bere isiltasunean hitz egiten dute; hala erakusten dute beren berezko izaera».
Naturako oreka hobeto adierazteko elementuak erabiltzen ditu. Burdinaren, zuraren eta harriaren barruan dauden ikus-entzunezko banarekin osatu du ikusgai dauden obretako bat. Materia eraldatzen duten hiru fenomenoak agertzen dira: sua, haizea eta ura. «Ezin nitzake egurra eta sua lotu, kiskali egiten baitu batak bestea; burdina, ordea, sutik igaro ondoren moldatzen den materia da, bizirik mantentzen du suak». Material bakoitzarekin egindako obrari dagokion elementua jarri dio agerian, elementu horrek —suak, haizeak, urak— egin eta desegiten baitu obra.
Denboraren lorratzak ere berarekin daramatzate obrek. «Denborak hiru elementurekin hasitako zirkulua ixten du, eta horien barruan sortzen dira espazioan bizirik dauden beste elementuak; lurra, kasurako». Arrasto hori erakusten «propio» ahalegintzen dela adierazi du Lertxundik. Horregatik ditu burdinak herdoildutako aldeak, harriak pitzadurak, eta zurak zirkuluak.
Erakusketaren erdigunean instalazio bat dago: 32 triptiko dira, edo, nahiago bada, 96 pieza solte. Materiaren arabera sailkatuak horiek ere. Beren artean erlazionatuta daudela dio Lertxundik. Horiekin poesia egiten ahalegintzen da. Obra guztiak azkeneko lau urtean egindakoak dira: «Ez ditut sarritan ateratzen erakusketak, nahiz eta asko produzitu».
Pieza askok obra bakarra
Memoriaren gordailu diren hiru zutabe ere ikusgai daude. Hustu egin ditu. Hirurek elkarrekin osatzen dute obra: horietako bat kenduko balitz «hankamotz» geldituko litzatekeela uste du. «Elkarren beharra dute, izan kontrastea egiteko, izan aldamenekoak kentzen dion berotasuna emateko, edo indarra emateko». Horrek desberdintzen du gainerako artistengandik Lertxundi. «Zenbat eta forma handiagoa eman materiari, hura osatzeko lan baten beharra txikiagoa da». Bizkaitarrarengan, ordea, helarazi nahi duen mezuaren zati bat baino ez da forma.
Ibilbide luzeko artista da Lertxundi. Antzeko bideari jarraitu izan dio beti, baina saiatzen da beti lur bera ez zapaltzen. «Artistak beti ari gara ikerketan, beti markatuko gaituen zerbait egiten». Betikoa, baina momentukoak markatuta.
Naturaren irudikapena
Espazio-denboren inguruko gogoetak bildu ditu Mikel Lertxundik 'Perspektiba eta eskala' erakusketan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu