Urrats galduen hotsa neguko bidaia bat dela azaldu du Luis Gardek (Iruñea, 1961), eta, era berean, isiltasunerako bidaia bat ere izan litekeela. Liburuaren estrukturan ikus liteke arrazonamendua: atalek, bakoitzak hilabete baten izena harturik, urrian hasi eta apirilera arteko tartea hartzen dute. Halaber, decrescendo moduko bat marrazten dute hurrenkeran, lehen atala baita oparoena eta azkena urriena, poema kopuruz.
Pamielako editore Lander Majuelok beste ikuspegi bat eman dio bidaiari: «Niri, irakurle gisa, udaberria ekarri zidan, pausoz pauso eta poemaz poema. Baina ez kolpez, baizik eta erritmo bati jarraikiz». Hain zuzen, erritmoa litzateke dena batzen duena, hau da, «naturak eta egunek dakarten erritmo geldo baina gertuko horrekin nola dantzatzen duten Garderen poemek, eta nola lortzen duten irakurlea bertaratzea».
«Irakurle gisa, udaberria ekarri zidan, pausoz pauso eta poemaz poema, baina ez kolpez, baizik eta erritmo bati jarraikiz».
LANDER MAJUELOPamiela argitaletxeko editorea
Haren poesiarako gaitasuna ere goraipatu du Majuelok, hitz arrunten adibidea jarriz: «Zaldi bat, bidezidor bat, hesi bat, edo sega bat, ez dira soilik hori, askoz ere gehiago dakarte, eta askoz ere gehiago sortzen digute barnean». Hori bera da Majuelorentzat poema onaren definizioa; formaz haratago, estiloaz haratago, «zelako burrunba sortzen ahal duten poetaren hitzek». Liburu honetan bete-betean lortzen dela esan du.
Poetak darabiltzan ahotsak ere nabarmentzekoak iruditu zaizkio editoreari, bereziki «zenbat kabitzen den horietariko bakoitzean, eta zer gertu dauden, oso desberdinak izanik ere». Naturaren eta gizakiaren erritmoak ere hurre sumatu ditu Majuelok.
Poemak eguneroko bizitzatik eta esperientzia zuzenetik sortuak izanik ere, poesia fikzioa dela azpimarratu du Gardek, eta marko naturalaz mintzatu da, hainbat ohar egiteko. «Euskaldunok beti izan dugu erreferentzia hori, mendiak, ibaiak eta beste, baina erran beharko nuke ez naizela batere erruralista». Batzuetan, landari buruzko ikuspegia «hagitz bukolikoa» dela iruditzen zaio, eta euskaldunak idealizatu egiten duela. «Gure iruditerian beti dago idealizazio hori, Lizardik berak egiten zuena». Garderen ustean, zenbat eta hiritarrago izan, orduan eta handiagoa da bukolikora lerratzeko joera.
«Euskaldunok beti izan dugu naturaren erreferentzia hori, mendiak, ibaiak eta beste, baina erran beharko nuke ez naizela batere erruralista».
LUIS GARDEPoeta
Bere kasuan, Doneztebe (Nafarroa) bizitokia izateak eman dio markoa. «Gure poemak landan kokatzen ditugunean, izaten dugu aunitzetan mihise moduko bat. Eta hor, formak, argiak, paisaiak miresten ditugu». Hain zuzen, begiespen horretatik eta miresmen horregatik sortzen dira poemak, harentzat.
Lanean, gogoeta
Esperimentu bat egin nahi izan duela aitortu du. «Ahots poetikoa [baserriko] bizimodu horretan sartuta dago, hor bizi da, eta desagertzen ari diren lanbide horietan parte hartzen du». Ez da, beraz, begiratu besterik egiten ez duen ahotsa: «Lan egin bitartean, eta eskuak zikindu bitartean egiten ditu bere hausnarketak». Desagertzen ari diren lan horietan «erritualtasun bat» ikusten du Gardek, eta miretsi egiten ditu baserritarrak, baserriak zein eskuz eginiko lanabesak. Harentzat, horiek guztiak bizitzaren metaforak izan litezke: «Ez gara behatzaile hutsak, parte hartzaileak gara bizitzan, beraz poesian ere bai».
Elementu horien guztien galerak hizkuntza bera ere txirotzen dute, baina poetaren interesa ez da etnografikoa: «Nire asmoa ez da gauza horien lekukotza ematea, iradokitzen didatena jasotzea baizik».
Heriotza ere ageri da poemetan, baina ez naturak ezartzen duena. «Naturak badu bere erritmoa, baina marko horretan bizi den gizakiak bere erritmo propioa sortzen du». Bere ustez, landako gizakia ez da naturaren parte sentitzen, «baizik eta naturaren kontrako borrokari». Hain zuzen, horregatik, liburuan ageri den heriotza gizakiak inposatutakoa da. «Duela gutxi arte hagitz sarriak ziren norbere eskuz eragindakoak, soka bidez, eskopeta bidez; aunitzetan bakarrik bizi ziren jendeak ziren, gizonezkoak gehienbat».
Naturan eta naturatik bizitzea, eta, era berean, lanaren bidez naturaren kontra borrokan aritzea. Kontrajartze horri jarri dio arreta Gardek.