Naturaltasunaren aldarria

Elena Cajaraville eta Koldobika Jauregi artistek 'La terre est bleue comme une orange' erakusketa ireki dute Donostian. Oihalak, eskulturak, koadroak eta bitxiak daude ikusgai

Koldobika Jauregi eta Elena Cajaraville La terre est bleue comme une orange erakusketaren irekieran, Okendoko kultur etxean. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Nagore Garmendia Artano
Donostia
2023ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Poesiazaleak dira, artistak ez ezik. Hala erakutsi dute Elena Cajaravillek eta Koldobika Jauregik euren erakusketan, hari Paul Eluard poeta surrealistaren La terre est bleue comme une orange poemaren izenburua emanez. 77 piezaz osatu dute, eta irailaren 5era arte egongo da ikusgai, Donostian, Okendoko kultur etxean.

Erakusketan, elkartu eta banandu egin dira bi artistak. Elkartu, inspirazio iturri berak izan dituztelako: natura eta Ulia mendiaren magala (Donostia), esaterako. Banandu, aldiz, inspirazio horren interpretazioa guztiz ezberdina delako bakoitzaren ikuspuntutik. Metaforak erabiltzea ere bada haien lanaren parte: «Artelan bat ikusi, eta, batzuetan, geometria abstraktuak baino ez direla pentsatzen dugu, baina ez diogu galdetzen geure buruari artistak zer pentsatzen duen, nondik datorren, nondik atera diren forma horiek, zer gertatzen zaion», adierazi du Jauregik.

Bien artean pentsatu eta sortu dute erakusketa, eta bien obrak daude ikusgai. Cajaravillek lihozko oihalak aurkeztu ditu, eta Jauregik askotariko formatuetan sortutako eskulturak eta koadroak. «Materiala oso garrantzitsua da. Materialak asko esaten du obraz», nabarmendu du Cajaravillek.

Natura oinarri duten lanak bildu dituzte: «Gure adierazpenak naturaltasunaren saiakera bat izan nahi du, gure sentimenduen eta gogoeten kondentsazio bat, batzuetan haren edertasunaren ingurukoa eta beste batzuetan haren suntsipenaren aurreko beldurrarena». Horretarako, Henry-David Thoreauk idatzitako «ona den guztia basatia da» esaldian oinarritu dira: «Ez dira soilik koloretako orbanak», azaldu du Jauregik. «Interpretazioak ezberdintzen gaitu».

Kolore askotako oihal zatiak gainjarri ditu Cajaravillek, eta horiek paretan zintzilik ikus daitezke aretoan. Zuri, gorri, okre eta urdinak antzeman daitezke, besteak beste, denak naturarekiko erabateko konposizio batean. Jauregik margotutako koadro ilun baina distiratsuekin harmonian daude oihalak, baita areto erdian aurki daitezkeen eskulturekin ere. Egurraz baliatu da Jauregi eskulturetarako, gehienbat, eta horrek ere egiten du lotura naturarekin.

Bitrinetan jarri dituzte ikusgai elkarrekin sortutako bitxiak: Jauregik diseinatu ditu, eta Cajaravillek egin. Diseinatzeko eta lan egiteko modu oso ezberdinak dituzten arren, Cajaravillek alde batera uzten du artea egiteko duen izaera «intimoa» bitxiak egiteko orduan: «Bitxigintzan, oihalekin baino gehiago ausartzen naiz».

Bizitza osoa

Cajaraville Donostian jaio zen, 1965. urtean. Jauregi, berriz, 17 urte bete arte bizi izan zen han. «Lotura handia dugu Donostiarekin. Oso pozik gaude erakusketa hau hemen egiteagatik», esan du Jauregik. Elkarrekin egin zuten lehen erakusketa Donostiako San Telmo museoan izan zen, duela berrogei urte. Geroztik, beste hainbat egin dituzte.

Gipuzkoako Artisten Elkartean ezagutu zuten elkar, 1984an, eta, geroztik, ez dira inoiz banandu. Italian —1988tik aurrera— eta Nafarroan —Leazkuen, 1994an— bizi izan dira. Baita Alemanian ere, 1995etik 2000ra bitarte, Neuss-Hombroicheko Insel Hombroich museoan aritu baitziren lanean. Han, Naturarekiko paraleloa den artea izeneko proiektua garatu zuten beste artista plastiko, idazle eta zientzialari batzuekin batera.«Asko gustatzen zait ikustea zeinen ondo moldatzen garen elkarrekin», adierazi du Cajaravillek, irribarrez. «Koldo oso epikoa eta dramatikoa da, eta ni, guztiz kontrakoa. Gure lan egiteko modua hain ezberdina izateak berezi egiten du erakusketa. Oso ondo geratzen dira gure lanak elkarren ondoan».

Elkarrekin denbora asko pasatzeak eta tailer berean lan egiteak haien lana «aberastu» duela aitortu du artista pareak. Hainbeste urteren ondoren elkarrekin jarraitzen badute, «bakoitzak berea egiten duelako» da, diotenez. Bakoitzak bere bidea egin du, bere ideia eta materialekin. Bakoitzak bere artea eraikitzen du inspirazio iturri berak erabiltzen badituzte ere. Ikusten duten hori interpretatzeko moduak ezberdintzen du bikotekide bakoitza. «Lehenengoan, ez dizkiogu gauzak kontatzen elkarri. Artistak inbidiaz beterik gaude», adierazi du Jauregik, irriz.

Erakusketa 77 obrak osatzen duten arren, Cajaravillekaitortu du zenbait pieza etxean geratu direla: «Gauza asko ziren; ezin genuen dena ekarri».

Denboraren poderioz

Bikotea elkarrekin bizi da, Alkizan (Gipuzkoa), eta urtebete eman du etxean erakusketa prestatzen: «Denbora sobran daukazula iruditzen zaizu, eta, gero, azkar pasatzen da», esan du Cajaravillek. Emaitzarekin pozik daudela adierazi dute, eta «gozamena» dela etxean hainbeste mimoz egindako lan horiek areto handi batean ikustea. «Gaur etxean daude, eta bihar, berriz, ezagutzen ez duzun leku batean zintzilik. Arraroa da, baina oso polita», nabarmendu du Cajaravillek.

Beste jarduera batzuk ere egingo dituzte erakusketa zabalik dagoen bitartean: hilaren 19an, Artea eta natura hitzaldia emango du Jauregik, kultur etxean bertan, eta, hilaren 22an eta abuztuaren 2an, bisita gidatuak egingo dituzte bi artistek.

Alkizako Ur Mara museoko zuzendariak dira biak, gainera. Naturak, etnografiak eta arteak bat egiten dute han; hala, arte eta natura egonaldiak egingo dituzte hilaren 10etik abuztuaren 13ra arte, eta Euskal Herriko eta kanpoko jendearen bisitak jasoko dituzte. «Aberasgarria da jende gazteak artean duen interesa ikustea», gehitu du Cajaravillek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.