Naturalizatua desnaturalizatzea

Lisipe bildumaren hirugarren zenbakia argitaratu du Susak: 'Pentsamendu heterozuzena'. Monique Wittigen saiakera bilduma bat da, 'The straight mind' oinarri hartuta itzulia

Arrarats, Sarriugarte, Berasategi eta Larrañaga atzo, Donostian, Pentsamendu heterozuzena artikulu bildumaren aurkezpenean. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Maialen Unanue
Donostia
2017ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Susa argitaletxearen Lisipe bilduma feministak atera berri du hirugarren zenbakia: Pentsamendu heterozuzena. Monique Wittig idazle eta feministaren (Alsazia, Frantzia, 1935-Arizona, AEB, 2003) saiakera bilduma bat da, Wittigek berak 1992an argitaratutako The straight mind liburuan oinarritua. Jule Goikoetxeak koordinatuta, Maialen Berasategi Catalanek, Irene Arrarats Lizeagak, Danele Sarriugarte Mochalesek eta Mirentxu Larrañaga Sueskunek ekarri dute euskarara. Jatorrizkoan bederatzi artikulu ditu The straight mind-ek. Sei euskaratu dituzte: kanpoan utzi dute Itxaro Bordak itzulitako Ikuspuntu berezia ala unibertsala?Desira desordenatuak liburuan dago—, eta beste biak literaturari lotuak zirelako baztertu dituzte.

Pentsamendu heterozuzena liburu «laburra bezain mamitsua» da, Arraratsen esanetan. «[Wittig] Ez zen lore joko intelektualetan aritu». Mugimendu feministan aritu zen «buru-belarri»; aktibista feminista izan zen «egiten zuen guztian», eta ez zen, nolabait, «teorialari akademiko bat». «Horrek ez du esan nahi ikuspegi partikular bat daukanik: aitzitik, guztiz kontrakoa. Feminista delako dauka ikuspegi unibertsal bat; hain zuzen, emakumeak ere kontuan hartzen dituelako, berak pentsamendu heterozuzen deitzen duen horrek egiten ez duen bezala». Azaldu duenez, Wittigi zor zaio heteropatriarkatua kontzeptua, besteak beste.

Horrekin lotuta, unibertsaltasunaren inguruko Wittigen aipu bat irakurri du Arraratsek: «[...] Gizonezkoen klaseak bere egina baitu unibertsaltasuna. Batek ulertu beharra dauka gizonek ez dutela, sortzez, unibertsal izateko ahalmenik, eta emakumeak ez direla, sortzez, izaki partikular. Gizonek bere egin izan dute betidanik unibertsaltasuna [...]. Eta hori ez da gertatzen magiaz: egin egiten da, egintza bat da, egintza kriminal bat, klase batek beste klase baten kontra egindakoa, maila kontzeptual, filosofiko eta politikoan mamitutakoa».

Izenburuak artikuluen arrastoren bat ematen du, itzultzaileen esanetan. Ingelesezko straight kontzeptuan dago gakoa, Sarriugarteren esanetan. «Straight-ek esan nahi du zuzena edo norabide zuzena. Baina badauka halako konnotazio argi bat, erabiltzen dena esateko pertsona bat heterosexuala dela». Queer mugimenduak egin bezala —azaldu duenez, irain gisa erabiltzen zen queer hitza, eta mugimenduak bere egin zuen, bere burua «afirmatuz»—, beste konnotazio bat eman zion Wittigek straight hitzari; «hain zuzen ere, gizon eta emakumeen arteko praktika sexualetik harago, erregimen oso bat badagoela adierazteko». Azalpena osatu du Arraratsek: «Bizi garen sistema interklasista, interrazial eta interkultural den honetaz ari da».

Marxismo dialektikotik edan zuen arren—klase borroka eta klase gatazka kontzeptuak darabiltza—, bere burua, batez ere, aurreko feministen ondorengotzat du Wittigek, Arraratsek nabarmendu duenez. Eta, nahiz eta haiekin kritiko izan, ez ditu ukatzen ez baztertzen, eta hori bera mugarria da, haren ustez. Frantziako feministen «soka harrigarri horretan», Simone de Beauvoirren hurrengo katebegi «ikaragarria» da Wittig, Arraratsen ustez: «Beauvoirrek esan zigun emakumea ez dela jaiotzen, egin egiten dela, eta Wittig horren segida logikoa da: 'Emakumea egin egiten da, eta desegin egin behar dugu, askatuko bagara'».

Izan ere, gizon eta emakume kontzeptuak «suntsitu beharreko» kategoria politikotzat ditu Wittigek, «zapalkuntzarako tresnak izateko sortuak diren heinean». Wittigek heterosexualitatearen erregimen deitzen duenak sortu ditu kontzeptuok: «Horregatik esaten du emakumeak suntsitu behar direla, eta horregatik esaten du gizonak suntsitu behar direla kategoria politiko gisa».

Sistema, barneratua

Beauvoirren ideiei tiraka Wittigek beste urrats bat ere egin zuela nabarmendu du Arraratsek: «Beauvoirrek erakutsi zigun generoa eraikuntza sozial bat dela. Naturaltzat jotako gauzen azken gotorlekua sexua zen, eta zeinek ukatu behar zuen sexua biologikoa dela? Wittigek horixe egin zuen, eta esan zuen sexuaz egiten dugun interpretazioa ere kulturala dela». Nola bermatzen da, beraz, naturalizazio hori? Diferentziaren kategorien bidez: «Esaten du inguratzen gaituen pentsamendu ikusezin hori diferentzian oinarritua dagoela; beti bi kategoria daudela pentsamendu zuzena deitzen den horretan: argia eta iluna, beroa eta hotza, arrazoia eta natura, eta, noski, gizona eta emakumea».

Wittigek naturalizazio horren «tranpa» agerian uzten du liburuan, eta hasiera bat proposatu: «Mundu berri bat amesten ausartzea. Esaten du gauzak ez daudela behin betiko eginak: 'Bistan da hau gaizki dagoela, eta zer egin behar da hau aldatzeko? Errora joan behar da, eta erroa hauxe da. Sistema hain dago denean, ez baitugu ikusi ere egiten'». Beste pasarte bat irakurri du Arraratsek, horren erakusgarri: «[...] maila guztietan ezberdin bat/beste bat egotea behar du gizarte heterozuzenak; hori du oinarri. [...] Baina zer da ezberdin hori/beste hori, menderatua ez bada? [...] Gizonak ez dira ezberdin, zuriak ez dira ezberdin, ez eta ugazabak ere. [...] Emakumeen eta gizonen arteko klase borrokak berak ezeztatuko ditu gizonak eta emakumeak».

Egungo testuinguruan, «kapitalismoak eta neoliberalismoak hartu duen oldar honetan», ezinbesteko autoretzat du Arraratsek Wittig: «Esaten digute gatazka kulturalek ordezkatuko dituztela klase gatazkak, eta Wittigek gogorarazten digu feminismoa ez dela zapalkuntzaren piramidean gora egiteko, baizik eta feminismoa dela zapalkuntza askoren piramide hori suntsitzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.