Harrigarria suertatzen zait oraindik zelako predikamendua duen, literaturaren esparruan, naturalismo xaloak. Laburbilduz, halako zerbait litzateke naturalismo xaloak aldarrikatzen duen ekuazioa: literatura obra batek zenbat eta hobeki imitatu errealitatea hainbat handiagoa izango da haren kalitatea. Eztabaida literario ez gutxiren sakonean ikuspuntu hori egoten da. Zenbat aldiz ez ote dugu entzun halako hizkera literarioa «ez dela naturala» edo «errealitatean ez duela inork» horrela hitz egiten. Euskara batuaren inguruko enegarren aurreiritzi nagitik hitanoaren erabilerari buruzko azkeneko ika-mika bitxiraino. Errealitatean ez du inork horrela hitz egiten, ez, besteak beste errealitatean ez duelako inork idatziz hitz egiten. Euskal narratibak Euskal Herriko egoera soziolinguistikoa erreproduzitu beharko balu, ez legoke euskaraz idazteko tarte handirik, zoritxarrez; euskal narratiba Euskal Herrira joatea baino are aspergarriagoa litzateke.
Film eta nobeletan, normalean, pertsonaiek ez dute betarik hartzen gure egunerokoan hain oinarrizkoak zaizkigun eginbeharrak egiteko. Gure mundu honetan gertatzen denarekin konparatuz, ez dute gehiegi jaten, ez dira zakarra ateratzera irteten, ez diote bere buruari galdetzen hondakin hau zein koloretako kontenedorean bota behar den, ez diote iturginari deitzen konketa buxatu dela eta, ez zaie inoiz tokatzen auzokoen-erkidegoko presidente izatea, ezta hauteskundeetako mahaikide izatea ere, ez ditugu ezagutzen haien ugazaben kontu-korronte zenbakiak, oso gutxitan joaten dira komunera, barrenak lehertu beharrean izan behar dituzte dagoeneko.
Azken urteotako narratibari begiratuz, desfase handiena mundu digitalaren presentzia (ia) ezari dagokio ziur aski, baina horrek, jakina, ez du liburu bat hobea edo okerragoa egiten. Hots, gaur egun kokatutako narratiba lan eta filmetan mundu digitalak duen presentzia anekdotikoa izaten da konparatuz errealitatean gehienon bizitzetan hartzen duen espazioarekin. Berriki irakurritako albiste baten arabera, Espainiako populazioak (ez dut Euskal Herriko daturik aurkitu), batez beste, bere denboraren %35 ematen du mugikorrari edo ordenagailuari begira. Esan gabe doa askoz denbora gutxiago eskaintzen dizkietela fikziozko pertsonaiek (zorionekoak beraiek!).
«XIX. mendearen hasieran nobela bat mundu urbanoan kokatzea kontu ezohiko eta arraroa zen, eta denborarekin espazio nagusi bilakatu zen. Posible ote da hamarkada batzuen buruan horixe beraxe gertatzea mundu digitalarekin? Posible ote da etorkizuneko nobeletan agertuko den espazio nagusia digitala izatea?»
Literaturaren kasuan, funtsean, arazo tekniko bat dago, ez baita batere erraza mundu digitalaren mekanismoak, ohiturak eta dinamikak nobela batera modu sinesgarri eta integratuan eramatea. Zailtasuna ez da, noski, kontu formal huts bat, baizik eta generoari lotutako konbentzioak tarte gutxi eskaintzen duelako (momentuz) halakoetarako, irakurleak liburua pastiche eta b serieko lantzat hartu gabe. Kontua da, zorionez, literatura ona konbentzioa urratzean datzala neurri handi batean, eta beraz, idazle talentudunek bide irekia dutela horretan entseatzeko. XIX. mendearen hasieran nobela bat mundu urbanoan kokatzea kontu ezohiko eta arraroa zen, eta denborarekin espazio nagusi bilakatu zen. Posible ote da hamarkada batzuen buruan horixe beraxe gertatzea mundu digitalarekin? Posible ote da etorkizuneko nobeletan agertuko den espazio nagusia digitala izatea?
Dohain hori antzeman diot Espainiako literaturako urteko fenomenoetako bat den Sara Barquineroren Los escorpiones nobelari. Zortziehun orrialde pasako nobela neurriz gaindikoa da, gorabeheratsua (ia ezinbestez), baina deigarria suertatzen da atal batzuetan mundu digitala nolako erraztasunez eta errepertorio ugariz ekartzen duen paperera: txatak, foroak, komunitate digital anonimoak… Interneteko espazio horietako idazkera eta sintaxi partikularrak ere isla du nobelan bertan, eta hori aski kontu konplikatua da taxuz egitea. Film batzuetan ere saiatzen dira, esate batera, pantailaren erdian whatsapp mezuak hodei moduan azaleratzen, baina momentuz ahalegin herabeti samarrak dira. Gurean ere ez zaizkit saiakera ugari bururatzen; akaso nahiko oharkabean igaro zen nobela bat da bururatzen zaidan bakarretakoa: Erika Elizariren Zendabalitz.
Naturalismo xaloak literaturara hurbiltzeko bide erraz eta sinpleena proposatzen du, literatura errealitatea (omen) denarekin erkatzea, alegia. Literaturaren bideak, ordea, askoz ere sigi-sagatsuagoak dira; estrata mordoa abiatzen da obra batetik, ezin konta ahala norabidetan, eta literatura tradizioaren parte diren beste hamaika obretako estratekin gurutzatzen. Bide horietan barneratzea askoz ere nekezagoa eta konplexuagoa da, baina menturaz betea halaber, naturalismo xaloak proposatzen duen hiribide zabal eta kurbarik gabearen aldean, non parada militar batean nola egiten den aurrera.