Ingurumen thriller bat. Hala definitu du Harriet argitaletxeak Anker komikia. Orain arteko narrazio historikoetatik istorio garaikide batera egin du jauzi Gregorio Muro Harriet-ek gidoia osatzeko: Siberiako basoen soiltzea eta egurraren trafikoa. Eta ezohiko protagonista bat jarri du kontakizunaren erdi-erdian: bere giza ehizaldietan egurketari, ekologista edo mafiako kideen artean bereizketarik egiten ez duen tigre siberiar bat. Alex Macho marrazkilariak eraman du narrazioa irudietara, eta Ekaitz Agirre Garluk-ek jarri dizkio koloreak.
Hiru egileek Lotsa eta ahaztea komikia plazaratu zuten orain lau urte; eta Mugako dragoiak lanean ere elkarrekin aritu ziren Harriet eta Garluk, duela bi —orduko hartan, Ivan Gil marrazkilariarekin—. Bestelako istorio bat kontatu dute Anker-en. Muro: «Labur esanda, thriller bat da, Marrazoa-ren antzekoa, baina Siberian eta gizakiak jaten dituen beste piztia batekin. Noski, nik halako istorioetan geruza ezberdinak egotea dut gogoko, eta hemen gai askori buruz hitz egiten da». Gai nagusia, baina, ingurumena dela zehaztu du gidoigile eta argitaletxeko arduradunak. «Tigreak natura ordezkatzen du hemen, eraso egiten ari gatzaizkionez geure aurka jotzen duen natura bat».
Istorioa osatzeko, dokumentazio lan sakona egin du Murok. Siberia ekialdean, Errusia, Txina eta Ipar Korearen arteko mugaldean, baso soiltze handiak egiten ari dira, eta han bizi da, hain justu, tigre siberiarra, Amurreko tigre gisa ere ezaguna. «2014tik, Errusiari zigor ekonomikoak jartzen hasi zirenetik, are gehiago soildu dituzte hango basoak; errusiarrek, zigorren ondorioak leuntzeko asmoz, akordioak egin dituzte txinatarrekin, eta horiek ahalik eta zuhaitz gehien ari dira eramaten. Hori errealitate bat da, eta hainbat salaketa ere izan dira». Gaineratu duenez, orain urte batzuk hainbat pertsona hil zituen tigre baten istorioaren berri ere izan zuen. Eta errealitate puska horietatik abiatuta sortu du fikziozko narrazioa.
Udege etniako kideak ere ageri dira istorioan. «Niri jende arrunta interesatzen zait», azaldu du Murok; «kasu honetan, han bizi diren indigenak dira, baina aurreko lanetan ere agertzen da botereari aurre egiten dion jende apala, botereak txikitu ohi duena. Niri oso sanoa iruditzen zait edozein botere mota zalantzan jartzea. Eta hori bada konstante bat nire lanetan».
Siberiako paisaia elurtuen handitasuna, bakardadea eta are hotza ere marraztu ditu Machok, eta «alde handia» nabaritu du beste lanekin, jendetzak eta eraikinak irudikatu izan baititu. «Toki hauei bizitza ematea orrialde batean 200 pertsona sartzea bezain konplikatua izan da. Baita kolorean pentsatuz ere, adibidez; hondo zuriak, beltzekin kontrastea, ñabardura gutxi koloreetan—makinak eta arropak salbu—...». Horregatik, binetetan koloretako zatien tamainekin jolastu dela azaldu du, «arreta eman zezaten, baina paisaia elurtuaren handitasuna eta hustasuna galdu gabe».
Garlukentzat ere, erronka bat izan da irudiok koloreztatzea. «Kolore narratibo bat erabiltzen saiatu naiz, ñabardura gehiago lortu ahal izateko. Askotan, marrazkia koloreztatu ordez, gidoia koloreztatzen dut, eta, gidoiaren arabera, koloreekin jolastu naiz hainbat momentu indartzeko».
Urteetan elkarrekin lan egiteak elkar ongi ulertzea ekarri diela azaldu dute biek. Machok adierazi du argiari buruz zehaztapenen bat eman diola, asko jota, Garluki; eta hark gehitu du koloreak garrantzi handiegia har ez zezan saiatu dela, irudiak ez zapuzteko.
Manga euskaraz
Iaz abiatutako bidean sakontzen eta manga euskaraz argitaratzen jarraituko dutela ere adierazi dute Harriet argitaletxeko kideek. Tomomi Usui komikigilearen Cube Arts seriearen lehen komiki pieza eman zuten iazko abenduan, Iker Alvarezek itzulia; arrakasta handia izan zuela eta ale guztiak laster agortu zirela azaldu dute. Hala, haren beste edizio bat argitaratuko dutela jakinarazi dute, eta bigarren pieza ere kalean dela.
Istorioari segida emanez, protagonista eta haren lagunak bideojoko batean murgilduko dira bigarren atalean ere. Gaztetxoentzako bilduma euskaraz argitaratzearen garrantzia nabarmendu du Murok, eta gaineratubi hilean behin bina lan plazaratzeko asmoa dutela aurrera begira.
Naturak atzaparrak ateratzen dituenean
'Anker' komikia plazaratu du Harriet argitaletxeak, tigre siberiar bat protagonista duen thrillerra. Gregorio Muro 'Harriet'-ek idatzi du gidoia, eta Alex Macho eta Garluk arduratu dira irudiez eta koloreaz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu