Atlantikaldia Errenteriako Udalak (Gipuzkoa) antolatzen duen kultur topagune eta musika jaialdiko talde nagusiak Nathy Peluso, Abdul and The Gang, BIM Benin International Musical eta The Skatalites izango dira. Lehendakari Agirre plazako agertoki nagusian joko dute guztiek, irailaren 19tik 22ra, eta Iker Tolosa jaialdiaren zuzendariak adierazi duenez, «bereziak eta bakarrak» izango dira emanaldiak: «Duela lau urte abiatutako Itsas Elkarrizketekin jarraituko dugu, kanpoko eta hemengo musikarien artean kolaborazioak eta egonaldiak sustatuz». Hala, jaialdiaren lehenengo egunean, Oreka TX eta San Salvador taldeek elkarrekin ikuskizun bat emango dute, Niessen kulturgunean egingo duten egonaldi baten emaitza izango dena.
Kultur topagune ere bada Atlantikaldia, eta horren egitaraua osatzeko eragileek bidalitako proposamenak baliatu dituzte. Guztira, 75 bat ekitaldi izango dira, besteak beste, musika, dantza, gastronomia, kaleko artea, eta kirola ardatz hartuta.
Bestalde, aurretik iragarri bezala, Errenteriako Udalak, Etxepare Euskal Institutuak eta Dance Base Eskoziako Dantza Zentro Nazionalak elkarlanean sustatutako Atlantik 1050 dantza proiektua Atlantikaldian aurkeztuko dute.
Nathy Peluso eta The Skatalites taldeak nagusi Atlantikaldia jaialdian
Musika festibala eta kultur topaketa irailaren 19tik 22ra egingo da Errenterian. Abdul & The Gang eta BIM taldeak ere ariko dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu