Ixiar Rozas idazle eta ikertzaileak ahotsa, lengoaia eta hizkuntzaren hotsak izan ditu langai Azkuna Zentroan egindako egonaldi batean. Erritmoen segida deitu dio bertan jorratutako prozesuari, eta horren barruan ernaldu da Narrugorritik liburu asmoa ere. Testu laburrak, poemak, eta entzumenetik nola erritmo eta arnasketa modu batzuetatik sortutako materialak bildu ditu bertan. Orain arte egindako lana egileak berak irakurriko du osorik Azkuna Zentroan, bihartik hasi eta ostegunera bitartean, 17:00etatik 19:00etara.
Artean lana bideratze prozesuan den arren, egindakoa ozen irakurtzeak helburu jakin bat du Rozasentzat: «Beste entzumen batzuei, beste gorputz batzuei azaltzea, konposatzen doan erritmoa aditzeko». Hortik, hain zuzen, beste konposizio eta hartzidura batzuk helduko direlakoan dago egilea. Bere lan horretan badira aspaldiko hitzak, «euskaraz biluzdura izendatzeko erabiltzen direnak». Eta badira bestelako hitzak ere; batzuk, esaterako, desagertzeko zorian. Horiei buruz, «hor, nonbaiteko belarri zuloan» haien erresonantziak aditu daitezkeela dio Rozasek. Badira, bestalde, hitz horien aldaerak eta sonemak, «oinez, bailaraz bailara, aditu daitezkeenak».
Langai gisa hartu dituen hitz eta hots horiek «ahoetatik eroritakoak» direla dio Rozasek: «Gehiago dira goritasunak, narrubixin, inklinazioak, argi motak. Gehiago dira paper zatiak. Gehiago dira markak, inskripzio motak, hitzen hotsak». Finean, erritmoen segida bat dakusa: «Gehiago dira, hotsak, oihartzunak, listuak, erraiak. Leku zehatzetan marka ikusezinak».
Narrugorritik irakurriz eta hots horiek aditzera emanez, «gogamena, narrutzea» eskaini nahiko luke egileak Azkuna Zentroan. Hain zuzen, hori bera egiten du idazleak ere: «Erritmoen segida bat entzun, eta, hortxe, idazketari eutsi».
Irakurketa publikoaz gain, solasaldi bat ere eskainiko du Rozasek, Danele Sarriugarte, Ibon RG eta Usue Arrietarekin batera, ostegunean, hilak 16, 19:00etan.