Melodia leun-leunak eta energiaz betetakoak uztartzen dituzten bi gitarra. Eta Miren Narbaizaren ahotsa, hura ere orain goxo, orain indartsu agertzen badakiena. Horrekin nahikoa du Napoka Iriak P.J Harvey eta Jeff Buckley gogora ekartzen dituzten kantuak sortzeko. Narbaizak eta Ander Mujikak 2005ean sortu zuten taldea, eta orduz geroztik, agertoki ugari zapaldu dituzte. «Ur azpian jotzea bakarrik»falta zaie, Mujikak erdi txantxetan esan duenez.
Duten eskarmentuagatik agian, lehen disko luzea argitaratzeko ere zuzeneko formatua aukeratu du bikoteak. Joan den urtarrilean Bergarako Zabalotegi aretoan emandako bi kontzertutan grabatu zuten Lehertarazi edifizioak (Bonberenea ekintzak). Hau baino lehen, bi maketa kaleratu zituzten, 2005ean eta 2008an. «Guretzat zuzenean grabatzea ez da salto handia izan; izan ere, estudioan ere zuzenean bezala egiten genuen, biak batera abestiak jota», adierazi du Mujikak. Hasieratik sortu duten musika estiloa mantendu du bikoteak lan berrian ere. «Soinua bera ez da gehiegi aldatu», Mujikaren ustez, «kantuak egiteko modua, ordea, bai. Urteak ez dira alferrik pasatzen, eta musika berri asko ezagutu dugu».
Bi inprobisazio eta bertsio bat
Hamar kantuk osatzen dute Lehertarazi edifizioak, tartean kontzertuetan inprobisatutako bi konposiziok. Letrak Narbaizarenak dira guztiak, eta diskoaren izena Berotzeko lehen kantuko zati batetik hartu dute. Zulo honek itotzen nau, estutzen nau, lotuko nituzke denak, lehertarazi edifizioak, dio abestiak. «Gure hiriez hitz egiten du, nola dauden zementuz beteta, eta nola gizakiok argia pasatzen utziko duten zirrikituak behar ditugun. Nahiko izenburu makarra dirudi, baina ez da hainbeste, ez dauka intentzio terroristarik» azaldu du Mujikak umorez.
Horrez gain, Su ta Garren Zure atzetik kantuaren moldaketa berezi bat ere badago diskoan. Abestia euren estilora eraman dute, Mujikaren hitzetan. «Dena jolas baten moduan hasi zen. Gu, gure adineko jende asko bezala, Su ta Gar asko entzundakoak gara, eta ukelelea eta kalimba sartuta, probatzen hasi ginen. Kontzertu batean jo, eta jendeari asko gustatu zitzaion». Eurek ere atsegin zuten, eta diskoan sartzea erabaki zuten.
Lehertarazi edifizioak joan den uztailaren 28an aurkeztu zuten Eibarren. Orduz geroztik, hainbat kontzertueman dituzte, eta «oso gustura» daude izaten ari diren harrerarekin, Mujikaren esanetan. Kontzertuak, gainera, diskoak saltzeko aukera ederra izan ohi dira beraientzat. «Taberna batzuetan ere badaude salgai, bainaemanaldietan saltzen dugu gehien». Datozen hilabeteetan, aukera ugari izango dira bikotea zuzenean ikusteko, leku askotan ari baitira kontzertuak lotzen.
Aurrera begira, Napoka Iriakoek «gauza berriak probatu» nahi dituzte. «Denbora dezente daramagu Mirenek eta biok jotzen, eta gustura gaude, baina talde batekin jotzea probatu nahi dugu», iragarri du Mujikak. «Jada ari gara lagun batzuekin hitz egiten, ea zer ateratzen den». Horrez gain, atzerrira joateko plana ere badute buruan. 2008an Japonian izan ziren, eta «itzelezko esperientzia» izan zen, Mujikaren hitzetan. «Agian berriz hara joango gara, edo beste leku batera, ikusiko dugu». Oraingoz, Euskal Herrian eman beharreko kontzertuekin buru-belarri dabiltza. Hurrengo hitzordua Bermeoko Kapila aretoan izango da, urriaren 15ean. Emanaldi horretan Mursego ere ariko da. Hilaren 21ean Bilboko Azkenan ariko dira, eta hilaren 28an, Tolosako (Gipuzkoa) Bonberenean.
Napoka Iria: «Taldea handitu nahi dugu, gauza berriak probatzeko»
Miren Narbaiza eta Ander Mujika «pozik» daude 'Lehertarazi edifizioak' diskoa izaten ari den harrerarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu