Musika

NAK jaialdiak adiskidantzari jarriko dio arreta bere hamargarren aldian

Irailaren 3tik 14ra, era askotako ekitaldiak antolatuko ditu Nafarroako Musika Garaikidearen Jaialdiak. Kontzertuei ez ezik, gogoetarako topaketei eta pedagogiari ere garrantzi berezia eman diete.

Nafarroako Musika Garaikidearen jaialdiko antolatzaileak, Iruñean. NAK
Nafarroako Musika Garaikidearen Jaialdiko antolatzaileak, Iruñean. NAK
garbine ubeda goikoetxea
2024ko abuztuaren 29a
05:05
Entzun

NAK Nafarroako Musika Garaikidearen Jaialdiak hamargarren aldia izango du aurtengoan, eta, urteurren biribila nabarmentzearren, orain arteko ibilbidea islatuko duen egitarau bat osatu dute antolatzaileek. Hari gidaria adiskidantza hitzaren esanahia izango dela adierazi du jaialdiko zuzendari artistiko Yolanda Camposek: «Soinuak ez ezik, adiskidetasun harremanak ere sortu ditugu urteotan, eta horrek ezaugarritu egiten gaitu: lantaldearen elkartasuna eta konpromisoa jartzen ditu agerian».

Halaber, jaialdiak urteotan sortu duen ondarea ere nabarmendu du Camposek; izan ere, 70 obra berri baino gehiago eskaini dira hamar urteko jardunean, denak ala denak espresuki sortuak. Horrekin batera, «hausnarketa pausatua berreskuratzeko esparruak» eskaini izanaz harro agertu da zuzendari artistikoa: «Haize kontra joan gara askotan, baina beti eskutik, eta inoiz ez bakarrik».

Iruñean, Irailaren 3tik 14ra iragango da jaialdia, eta, horrenbestez, inoiz baino egun gehiago hartuko ditu NAK jaialdiak aurten. Hamar egun horietan hamazazpi ekitaldi eskainiko dituzte —besteak beste, kontzertuak, topaketak, elkarrizketak, tailerrak eta soinu laborategiak—, lau areatan multzokatuta: NAK Kontzertuak, NAK Txiki, NAK Didaktikoa eta NAK Explorer. Ehun artista baino gehiago arituko dira guztira, eta ikus-entzuleei eskainiko zaizkien erabateko estreinaldiak 22 izango dira.

Ignacio Fernandez Galindo Garaikideak zentroko kidea aurtengo aldiak dakarren garapen emozionalaz mintzatu da: «Hiru artista egoiliar izan ditugu, eta soinez soin aritu dira Joseba Torre maisuarekin, Belen Otxotorena aktore eta antzerkigilearekin, eta Javier Ucar Amsia soinu artistarekin». Parte hartzaileen artean, bestalde, Ramon Andres, Alberto Posadas eta Carolina Queipo ere arituko dira, pentsalari, konpositore eta musikologo gisa, hurrenez hurren.

Kontzertu tematikoetan, berriz, ikasketari, konfiantzari eta konpromisoari jarriko diote arreta, eta NAKen historian garrantzitsuak izan diren ensembleak eta artistak bildu dituzte. Kuarist saxofoi laukoteko kide Roberto Casadok, Iñigo Mikeleizek eta Ainhoa Quintanak, esaterako, kontzertu monografiko bat eskainiko dute Joseba Torreren inguruan, eta haren hiru obra estreinatuko dituzte. Horretaz gain, Silboberri txistu elkartea, Iruñeko Orkestra Gaztea, eta Omicron XXI eta Belen Otxotorena ere bertan izango dira.

Pentsalariak tarteko

Topaketarako eta pentsamendurako eremuetan, jaialdian toki berezia izan duten pentsalariei emango diete protagonismoa, bereziki Ramon Andres filosofoari, Carolina Queipo musikologoari eta Mirari Etxeberria orkestra zuzendariari.

Jaialdiaren proiektu pedagogikoa, bestalde, eskoletara hedatuko da estreinakoz, kolaborazio lerroak sortu baitituzte Musikaren Hiriarekin, goi mailako kontserbatorioarekin, lanbide kontserbatorioarekin eta Joaquin Maya musika eskolarekin.

Haurrentzako eta familientzako multzoan bi jarduera nagusituko dira: batetik, Alicia Torrea piano jolearen eta Miren Karmele Gomez artistaren ikuskari didaktikoa —abangoardiako musika eta teknologia berriak batuko ditu—, eta, bestetik, Beatriz Monrealek eskainiko duen esprientzia artistikoa —entzumenari loturiko lotura emozionalak landuko dituzte—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.