Aurkezpen, elkarrizketa, proiekzio eta erosketa artean topatu dute elkarrekin BERRIA egunkariarekin aritzeko tartea Nerea Loiola idazleak (Deba, Gipuzkoa, 1985) eta Iban del Campo zinemagileak (Arrasate, Gipuzkoa, 1971). Epizentroa ipuin liburuarekin dabil Loiola azokan, eta Serendipia filmarekin Irudienean Del Campo. Ez zuten elkar aurrez aurre ezagutzen, eta, Harkaitz Canoren Kandelikara liburuaren aurkezpenean egin dute topo, kasualitatez. Horra, zertarako aurrez aurreko Durangoko Azoka.
Nola heldu zineten hona aurrenekoz?
NEREA LOIOLA: Ni gaztaroan, parrandara etorri nintzen lehenengo aldiz, eta orduan deskubritu nuen azoka. Orduan aldatu zen fokua.
DEL CAMPO: Oso ezabatua dut nik. Gurasoekin etorriko nintzen, batzuetan parrandan, batzuetan lanak aurkeztera... Guztien nahasketa bat daukat.
Erosi nahi duzuenaren zerrenda eginda etorri zarete?
DEL CAMPO: Beste batzuetan argiago izaten dut, baina aurten fikziozko film bat bukatzen ari naiz, eta zer dagoen ere jakin gabe etorri naiz. Serendipia baten bila etorri naiz! Ezusteko aurkikuntza baten bila nator beti.
LOIOLA: Nik beti daukat presente zer liburu nahi ditudan. Lehengo astean, adibidez, erosi nituen horietako hiru, ze jada ezin nuen aguantatu gehiago. Hemen Leire Vargasen liburua hartuko dut.
DEL CAMPO: Nik Kandelikara baneukan jada, eta orain lortu dut eskaintza eder bat.
Zertan egin dugu aurrera kultur komunitate gisa? Edo nahiago baduzue, alderantziz: Zertan goaz atzera?
DEL CAMPO: Ai! [Oina sartuta zuen euri putzutik atera du kolpean] Galdera entzun, eta putzu batera erori naiz! [Barreak].
LOIOLA: Zertan egin dugun aurrera... Uste dut pandemiarekin egon dela blokeo bat, eta nahikoa lan izan dugula atzera ez egiten, edo atzerakada horri eusten.
DEL CAMPO: Pandemian, etxera sartu ginenean, niri sormena piztu zitzaidan. Ohiko denbora geratu egin zen, eta jendeak, ahal izan duenak, noski, baliatu du hori sormenari bultzada emateko. Ihesbide bakarra izan da niretzat.
LOIOLA: Urtebete, 3 urte eta 9 urteko hiru ume genituen guk etxean, eta sormena baliatu nuen, baina beraiek ez erotzeko.
Durangoko 56. Azoka. 'Aurrez aurrekoa'. Iban del Campo eta Nerea Loiola. Zinemagilea eta idazlea
«Nahikoa lan izan dugu atzerakadari eusten»
Loiola, festara etorri, eta kulturak harrapatu zuen bere lehen Durangoko Azokan, eta Del Campo sormenerantz bultzatu du pandemiak. Landakon ezagutu dute elkar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu