Lionel Limiñana. Musikaria

«Nahiago izaten ditut istorio bat kontatzen didaten diskoak»

The Limiñanas taldearen eta Laurent Garnier DJaren arteko musika trukearen emaitza da 'De película': abestiz abesti sortutako disko bat, eta atalez atal osatutako istorio bat, 1960ko urteetako film baten gisakoa.

TITOUAN MASSE.
Andoni Imaz
2022ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
The Limiñanas garage eta psikodelia rock bikoteak hamar urte baino gehiago daramatza jotzen, gelditu ere egin gabe. Bira luzeak egin izan dituzte, eta zortzigarren diskoa aurkezten ari dira orain: De película, Laurent Garnier DJ eta ekoizlearekin batera egina (Barreto Music, Because Music). Bikote baten maitasun istorioari buruzko ametsezko road movie baten gisa aurkeztu izan dute. Bihar gauean, Andoaingo XIV. Rock Jaialdiko egitaraua itxiko du taldeak (Gipuzkoa). Garnierrek ez du joko, baina Lionel eta Marie Limiñana bikotea ez da bakarrik ariko: zazpi musikariz osatutako talde bat izango dute. Lionel Limiñana abeslari eta gitarristak (Perpinya, Herrialde Katalanak, 1972) erantzun die BERRIAren galderei.

Yeah musika jaialdian elkartu omen zineten Garnierrekin: urte batean topo egin, eta hurrengoan kolaboratzen hasi. Zerk bultzatu zintuzten horretara?

Garai hartan, Can, Neu eta horien lehenengo diskoekin genbiltzan, eta agertokian kantak luzatzeko joera genuen, trantze elektriko moduko bat sortzeko. Laurent ezagutzen duenak badaki ez dagoela bera baino aproposagorik musikarekin, soinuarekin eta elektronikarekin jendea dantzan jartzeko. Hirurok argi ikusi genuen.

Nola lan egin duzue diskorako?

Konfinamenduan, bakoitza bere etxean geunden. Denon birak eten ziren. Denbora asko generaman diskoarekin lanean hasi nahian, baina ezin izaten genuen, agenda arazoengatik. Orduan, ez genuen aitzakiarik. Hasi ginen bidaltzen planak, erritmoak eta eskuin eskuaren melodiak, eta horrela sortu genuen diskoa, dena trukatuz: mezu elektronikoak, telefono deiak, barreak eta wetransfer-ak.

Erreferentziak trukatzeak lagundu dizue horretan?

Bai, baina, egia esan, ez genuen askorik pentsatu behar izan. Beti ulertu dugu besteak zer zuen buruan; eroso aritu gara. Inoiz egin den diskorik errazena izango zen. Laurent zehatza, irekia eta argia da; erraza da harekin lan egitea. Hiruzpalau trukeren ondoren, izenburua jarri, eta behin betiko bertsioa genuen ia. Lanik neketsuena abestiak nahastea eta ordena erabakitzea izan da...

Diskoari De película izena jarri diozue. Zinemak garrantzi berezia du zuen musikan?

Abestiak zirriborro moduan egin genituen, eta gero elkartu, istorio bat osatzeko. Ordena aldatuz gero, malenkoniatsuagoa eta ilunagoa litzateke. 1960ko hamarkadako atalkako filmak bezalakoa da; Dino Risiren I mostri, adibidez [1963].

Baina, galderari erantzuteko, zinemak leku oso garrantzitsua du gure bizitzetan, egungo musikak baino are garrantzitsuagoa. Eta zinemako musikak ere bai. Disko asko entzun ditugu umetatik. Gaur egun, nahiago izaten ditut istorio bat kontatzen didaten diskoak. Nick Caverenak ditut gogoan, esaterako.

Istorioak kontatzeak lagundu egiten du disko bat sortzen?

Oraingoan, ez bereziki. Abiapuntu batzuk bakarrik genituen: pertsonaia baten izena, garaia... Idatzi eta konposatu hirurok batera egin genuen. Abestiak aukeratu genituenean erabaki genuen narrazioak, istorioaren norabideak eta garapenak nolakoak izan behar zuten. Maitasun istorio zapuztu bat da, bere gorabeherekin, pertsonaien ihesarekin... Road movie bat, azken finean.

Diskoak pasarte instrumental luzeak ditu, lisergikoak kasik. Horrelakoen bila joan zineten?

Bai, pista luzeak nahi genituen. Sortu genuen lehen kanta Steeplechase izan zen. Nahi genuena lortu genuenez, bide beretik segitu genuen hurrengoetan. Geure buruari ez genion inolako mugarik jarri.

Kolaborazio batzuk izan dituzue diskoan. Adibidez, Edi Pistolasek abestu du Qué calor abestian. Nolatan?

Laurent Yeah jaialdian elkartu zen Edirekin. Bai, bera ere han zebilen! Abesti horren musika egina genuen, eta abeslari bat nahi genuen; Alan Vega edo Iggy bat, benetako artista bat, nortasun handikoa. Eta Laurentek Ediri buruz hitz egin zigun. Maketa bidali genion, hitzak idatzi zituen, eta grabatu egin zuen. Asko gustatu zitzaigun. Ordutik, taldeko kidea da; gurekin dabil biran.

Lehendik ere jo izan duzue Andoaingo Rock Jaialdian, baita Euskal Herriko beste zenbait tokitan ere. Zer oroitzapen duzue?

Gauza asko gogoratzen ditut: giroa, pareko etxeko balkoietako jendea dantzan, janari ona, harrera beroa...

Formatu berezi batean arituko zarete bihar. Nolako kontzertua izango da?

Zazpi gara agertokian. Edik abestu egiten du, eta zuzeneko elektronikaz arduratzen da, eta instrumentu bat baino gehiago jotzen duten lau gitarrista daude: Alban [Barate], Michey [Malaga] baxuan, Bel Canto Orchestrako Ivan Telefunken, Marie baterian eta ni neu. Zarata, distortsioa eta elektrizitatea egongo dira.

Biran ibiliko zarete uda osoan. Baduzue gerorako planik?

Bai. Behingoz Brigitte Fontaineren diskoan arituko gara. Netflixen gerra film baten soinu banda egingo dugu, abesti bat egingo dugu The Undertoneseko O'Neillekin, beste bat Bobbie Gillespierekin, zinemagile frantses baten zientzia fikziozko labur baten musika... Zenbat lan!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.