Jon Uriarte. Argazkilaria

«Nahiago ditut pelikularen estetika, tempoa eta prozesua»

Getxophoton ikusgai jarri du 'Álbum' bere lehen lana. Horren bidez, autoanalisia egin, eta argazkilaritza digitalak ekarriko zituen aldaketak aztertu zituen garai batean.

Getxo
2012ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Jon Uriarte (Hondarribia, 1980)oso pozik dago aurten Getxophoto jaialdian parte hartzearekin; «ilusio handia egiten dit», azaldu du. Jaialdia haurtzaroari gorazarre egiten ari zaio aurten, eta Uriarteren Álbum proiektua Algortako Villamonte kaleko kultur etxean jarri dute ikusteko. Hor bere haurtzaro eta nerabezaroko familia albumeko argazkiak bildu ditu.

Zer daukaguhemen ikusteko?

Nire album pertsonaletik hartutako argazkiak dira. Horiek hartu, eta aldatu ditut, beste zentzu bat emateko. Normalean, albumeko argazkiak erabiltzen dira familiarentzat eta gauza intimoak gogoratzeko. Neure burua horietatik ezabatuta, horiek aldatu egiten dira. Proiektua, jatorrian, album bat izan zen. Pixka bat zaila eta interesgarria izan da horiek albumetik hormara pasatzea.

Nola egin duzu hori?

Argazkien formatuak originalenak dira; badira, halaber, oso zaharrak diren argazki batzuk ere, eta saiatu naiz ia faksimileak bezala tratatzen, originalen koloreak lortzen, te bainuekin adibidez, eta beste prozesu batzuekin, eta baita kopia horiek garai bateko paperen antzekoetan inprimatzen ere.

Zer lortu nahi zenuen proiektuarekin?

Nire lehen proiektua izan zen, etaargazkilaritzaz oso gutxi nekien eta oso inozentea nintzen. Ez nuen kontzienteki egin, baina egia da, eta hori denborarekin ulertu dut, autoanalisia egiten ari nintzela, balantzea egiten ari nintzen. Bestalde, bazegoen ere bai ikerketa puntu bat, ikusteko argazkilaritza digitalak nola aldatuko zuen argazkilaritza. Oso aldaketa handia eta interesgarria izan da. Ordurako, argazkilaritza digitala hasita zegoen, baina oraindik jende gutxik zuen kamera digital bat.

Teknologia berriek argazkien ugaritzea ekarri dute, baina nola eragin dieargazkilariei ?

Adibidez, telefonoetako kamerarekin edonork argazkia hartu eta mundu osora zabal dezake segituan. Prentsa argazkilaritzan ere antzerakoa gertatzen da. Halaber, argazkia ateratzeko prozesua ere asko azkartu da; pelikularekin, argazkia atera aurretik askoz ere gehiago pentsatu behar duzu, argazki bakoitza dirua delako. Argazkia ez duzu momentuan bertan eta, beraz, badaukazu beste une bat pentsatzeko eta proiektatzeko zeintzuk izango diren onak eta zeintzuk ez. Pauso horiek dena polikiago eta lasaiago asimilatzeko balio dute. Horrek gauza onak eta txarrak ditu, oraindik ez dakigu gauza onak aprobetxatzen, eta, agian, gehiegi begiratzen diegu txarrei. Horregatik, oso interesgarria da; aldaketa garaian gaude.

Zuk zeuk biekin lan egiten duzu, analogikoarekin eta digitalarekin ezta?

Saiatzen naiz ia beti pelikularekin lan egiten. Estetika, prozesu, tempo eta ohituragatik egiten dut. Pelikula asko gustatzen zait, baina badira argazkilaritza digitala behar duten lan batzuk. Jakin beharra dago zer abantaila dituen bakoitzak, eta horiek zeure alde erabili.

Erakusketako argazkiei dagokienez, ez dituzu zuk atera, apropiazioa egin duzu.

Bai, berez, apropiazioa oso joera interesgarria da artean; eztabaida handia sortzen du eta aukera asko ematen ditu. Asko interesatzen zait, baina, egia esanda, proiektua egiteko orduan horretaz ezer gutxi nekien.

Apropiazioak saturazioaren aurka egiteko biderik zabaltzen du?

Aukera bat da, batzuek hala uste dute. Badago joera bat, postfotografia, argazki guztiak aterata daudela esaten duena. Ni ez nago ados horrekin, bakoitzak badauka bere begia eta argazkiak egiteko modua, argazkilaritza ez da objektiboa. Egia da saturazio handia dagoela, jende gehienak argazki kamera bat izatea aldaketa handia izan da, eta hori oraindik ere asimilatu egin behar dugu. Inprenta asmatu zenean, milaka liburu agertu ziren denbora gutxian, eta oraindik ere liburuak badaude. Garai batean, kopistek kopiatzen zituzten horiek; orain, jende gehienak irakur ditzake eta idatzi dezake, eta horrek ez die lanik kendu idazleei. Idazleek oraindik badute beren lana, eta argazkilariek ere hala izango dute.

Hainbeste argazkilariren artean, onenak bakarrik bereiziko al dira?

Ikuspuntu propioa dutenak bereiziko dira. Orain arte egon dira teknikoki oso onak izan diren argazkilariak, baina ikuspuntu berezirik izan ez dutenak. Orain, aldiz, garrantzitsuena da argazkiek nortasuna izatea; izan ere, teknikoki argazki perfektua ateratzea oso erraza da. Profesionalki aritzeko, argazkietan norberaren subjektibotasuna agertzea izango da garrantzitsuena; argazkia ikusi eta berehala, jendeak ezagut dezala norena den.

Zere argazkietan, zere marketako bat da jantziek duten garrantzia, aurpegiak edo gorputzak agertzen ezbadira ere, arropak hor izaten dira. Zeren erakusle da hori?

Nortasunaren, eta batez ere nire belaunaldiaren nortasunaren erakusleetako bat da janzkera. Bestalde, argazkilaritzaren mugak gurutzatzea interesatzen zait ezabatze horiekin, baina baita nortasunaren inguruko galderak planteatzea ere. Arropa da gutaz gehien esaten duten gauzetariko bat besteen aurrean aurkezten garenean eta, bide horretan, oso interesgarria iruditzen zait ikustea nortasunak nola islatzen diren janzkeran. Ikasten nenbilen garaian, maniki bati nire arropak jarri nizkion eta atera nion argazki bat, eta ikusi nuen ni nintzela. Argazki horretatik Álbum proiektua etorri zen, eta horretatik beste guztiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.