Nahastuz eraldatzea

Raquel Asensiren 'Objektu geldi(ezin)' erakusketa jarri dute Bilbo Arten. Zeramika lantzen du artistak. Hilaren 31ra bitarte izango da ikusgai

Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2019ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Gizakiak zeramikari lotutako bidea egin duela eta zeramikarekin lotutako tresnei esker jarduera berriak egiteko baliabideak izan dituela: hala uste du Raquel Asensi artistak (Barakaldo, Bizkaia, 1989). Buztingintza du lehengai nagusi, eta sortzen dituen piezekin esangura berriak sortu nahi dituela dio. «Jantzi batek hotzetik babesten gaitu, baina baita gizarte faktoreetatik ere». Berak sortutako Ideonella izeneko pieza aipatu du jarraian: beiraz, zeramikaz eta plastikoz egindako koraza. «Maskor bat da; berez, gu babesteko tresna bat. Baina oso hauskorra da era berean, zeramikaz eta beiraz eginda dagoelako. Beraz, bi kontzeptu kontraesankor biltzen dira elementu bakarrean». Piezarekin egindako performancearen irudi bat ere badago Asensik azken urtean sortutako hainbat piezarekin ondu duen Objektu geldi(ezin) erakusketan. Bilbo Arte ekoizpen artistikorako zentroan jarri dute ikusgai, eta hilaren 31ra bitarte izango da zabalik.

Artistak aitortu duenez, prozesu «esperimental» baten emaitza da ikusgai jarri duena. «Zeramikarekin egiten dut lan, baina bestelako euskarriekin nahastu dut materiala: beirarekin eta burdinarekin, kasurako». Paisaiaren eraginaren ondoriozkoa da nahasketa hori. «Denborarekin ulertu dut bizi naizen tokiak eragina duela nire sorkuntza prozesuan». Bilboko itsasadarraren iragan industrialaren aztarnak eta lurraldeak zerbitzuen sektorera egin duen jauzia aipatu ditu.

Urdin kolorea nagusitzen da pieza guztietan, eta ez du ausaz aukeratu. «Aurreko belaunaldiek luxuzko baxera eta zeramika industriala apaintzeko erabiltzen zuten urdin iluna». Duen sinbologiagatik ere erabili du Asensik, eta kontrapuntua ezarri dio aldamenean. «Urdinak ematen duen erosotasunaren aurrean jarri dut zurez egindako Animal machihembrado pieza; kolorerik gabekoa eta biluzik dagoena».

Gorpuztutako piezak

Zeramika lantzean egileak duen eraginera egin du segidan. «Materialari forma ematean, giza eragin ukaezina dago, eta horren jakitun egonda egin dut lan hasieratik». Azken urteetan, baina, urrunago jo du, eta gorputzak sartu ditu bere egitasmoetan. Ideonella piezarekin egindako performancearen argazkiaz ari da, zehazki: Laura Soto Sam idazlea ageri da, biluzik dela eta Idonella koraza soinean duela.

Antzeko formula erabili du La Santa Mari(c)a-rekin batera egindako Las plantas que conozco piezan ere. «Genero rolak iraultzeko saiakera bat dago bi lanen azpian. Sam boterearekin zerikusia duen inguru batean ageri da, zutik. Oso bestelako ezaugarriekin irudikatu dut Santa: bere etxeko teilatuaren gainean dago, makurtuta, eta askoz ere intimoagoa da helarazten duen mezua. Kontrakoak diren bi ardatz irudikatu ditut, baina, aldi berean, bat egiten dute».

Bizkaiko hiriburuan du Asensik sorkuntza lantegia. Azken urteetan sortzaile gazteen gorakada nabari duela dio, eta feminismotik edan duten emakumezko artisten belaunaldi berria ere aipatu du. «Ez dut uste lehen baino emakumezko artista gehiago dagoenik orain, baina ikusgarriagoak garela iruditzen zait. Gure artean sareak josten ari gara, eta horrek ere eragina du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.