Txalupa batean Tamesis ibaian zehar egindako txango batean, Alice izeneko neska baten lur azpiko abenturak kontatu zizkien Lewis Carrollek Lorina, Alice eta Edith Liddell ahizpei, lankide baten hiru alaba gaztetxoei, 1862ko uztailean. Kontaketa hura idaztea erabaki zuen gero, eskuizkribua hiru neskatoei oparitzeko Gabonetan. Adiskideek adoretuta, kontakizun hura argitaratu egin zuen, 1865eko uztailean, Aliceren abenturak lurralde miresgarrian izenburuarekin—Alice's Adventures in Wonderland jatorrizko bertsioan—, hainbat planteamendu eta xehetasun aldatu ostean. Aurki 150 urte izango dira, beraz, haur eta gazte literaturako klasiko ezagun eta itzulienetako bat argitaratu zenetik, eta urteurrena ez da oharkabean pasatuko. Hasteko, narrazio horretan oinarritutako hamar posta zigilu zabaldu ditu Erresuma Batuko posta zerbitzuak, Graham Baker-Smith artistak diseinatuak. Horrez gain, artistaren beraren ilustrazioekin hornitutako argitalpena kaleratuko duela iragarri du Walker Books argitaletxeak. Ez dira Carrollen lanik ezagunena gogora ekarriko duten ekinbide bakarrak izango. Liburuaren euskarazko hainbat itzulpen daude. Ezagunena Manu Lopez Gasenik egin eta Pamielak 1989an argitaratutakoa da.
Charles Lutwidge Dodgson zuen benetako izena Lewis Carrollek, eta matematikako irakaslea zen, logika gaien inguruko hainbat libururen egilea izateaz gain. Aliceren abenturen kontaketan presentzia handia du logikak, eta bada idazlearen garaiko eta inguruko gizarteari, politikari eta hezkuntzari buruzko aipamen satirikorik ere. Haurrentzako ipuina da, beraz, baina helduak ere aise harrapatzen ditu, eta askotariko pentsakizun eta gogoetatan murgilarazi.
Helduen gustukoa da Carrollek Aliceren abenturak lurralde miresgarrian-en jarraipen gisa 1871n argitaratu zuen narrazioa ere, Ispiluan barrena eta Alicek han aurkitu zuena. Lopez Gasenik euskaratu zuen hori ere (Pamiela, 1990). Aurrekoa baino «arrazionalagoa» dela dio Lopez Gasenik euskarazko bertsioaren hitzaurrean. «Esan daiteke freskotasunean galtzen duena logika jolasean irabazten duela, eta agian horregatik irakurle heldua gehiago identifikatzen da Ispiluan barrena honekin».
Aliceren zikloa amaitzeko, Aliceren abenturak lurralde miresgarrian lanaren beste bertsio bat idatzi eta argitaratu zuen Carrollek, 1890ean, haurrentzakoagoa, bost urte bitarteko haurrentzat, The Nursery Alice izenburuarekin jatorrizkoan, Lopez Gasenik Alizia haurrentzat izenburuarekin euskaratua (Pamiela, 2004). Liburu horrentzat idatzi zuen hitzaurrean, Carrollek dio ehunka «ingeles haurrek» irakurri dutela Aliceren abenturak lurralde miresgarrian, baina iradokiz horien artean adin guztietakoak daudela, ez hain haurrak tartean: «Adin jakin bateko haurrak, zeintzuen urteen kontaketa kontatu gabe utzi eta adeitasunezko isiltasunean gorde behar den».
Arrakasta, nagusiekin
Aliceren abenturak lurralde miresgarrian liburuaren 13.000 ale saldu ziren argitaratu osteko lehen bi urteetan. «Arrakastaren giltza, neurri handi batean, bertsioaren konplexutasun eta anbiguotasunean, eta ordura arteko eredu literarioen manipulazioan zetzan», Lopez Gasenik Alizia haurrentzat liburuaren hitzaurrean dioenez. «Ezaugarri horiek guztiz erakargarri bihurtu zuten liburua helduen begietan, horiek izan baitziren liburuaren erosle nagusiak».
Nagusientzako haur literatura izan zen, beraz, duela 150 urte ere, Aliceren abenturak lurralde miresgarrian, gaur egun den moduan.
Nagusientzako haur literatura
Uztailean 150 urte izango dira Lewis Carrollek 'Aliceren abenturak lurralde miresgarrian' argitaratu zuenetik, haur literaturaren historiako liburu garrantzitsuenetako bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu