Artea

Nagore Legarreta eta Karla Tobar, Wroclawko egonaldi artistikoetara

Etxepare Euskal Institutuaren Joan-etorriak programaren bidez joango dira bi artistak Poloniako hiri horretara.

Nagore Legarreta da egonaldirako hautatutako artistetako bat. ANDONI CANELLADA / ARGAZK PRESS
itziar ugarte irizar
2017ko uztailaren 5a
12:23
Entzun

Donostia 2016k eta Etxepare Euskal Institutuak abiatu zuten Joan-etorriak programa. Eta, orain, Wroclawko (Polonia) Artist in Residence Programme (AIR Wro) erakundearekin batera, kultur hiriburutzaren "legatuari jarraipena" ematea tokatzen dela adierazi du Miren Arzallus Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak. Laugarren urtez jarraian egingo dituzte, beraz, egonaldi artistikoak Wroclaw hirian, Donostiarekin batera iaz Europako Kultur Hiriburu izan zen horretan.

Aurtengo egonaldi artistikoetarako hamabost eskaera jaso dituzte. Hautatutako bi artistek Euskal Herrian hasitako lanari, nolabait, jarraipena emango diote egonaldiko zortzi asteetan. Nagore Legarretak (Hernani, Gipuzkoa, 1981) argazkilaritza estenopeikoan garatu du azken urteetako lana. Ildo horretatik, Wroclaw gurutzatzen duen Odra ibaian jarriko ditu berak metalezko ontziekin egindako kamerak; argazkien bitartez ibaiari galdetu nahi dio nola ikusten duen hiria, eta hiritarrei nola bizi duten ibaia. Hango musikariekin batera, emanaldi batekin borobildu asmo du proiektua Legarretak.

Bilbon hasitako proiektu bati segida emango dio Karla Tobarrek ere (Quito, Ekuador, 1981). Hortik izena: bilbao-wroclaw. Kasu horretan, Wroclawko zubiak aztertuko ditu, "espazio publikoaren eta arkitekturaren ikuspuntu alternatiboa erakutsiko duen ekintza artistikoa" helburu. DIY eskaneatzeko gailu batekin hiria zeharkatu, eta jasotako irudiekin instalazio baterako bi lan sortuko ditu: Bilboko eta Wroclawko ekintzen bideo dokumentala eta bi hirietako irudiekin koadro bana.

Uztailaren 31n abiatuko dira artistak Wroclawra, eta irailaren 24ra bitartean onduko du bakoitzak bere proiektua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.