«Kontuz, pertzepzioak inplikazioa eskatzen du». Aurrez aurre hartu ditu esaldi horrek udan Iruñeko Moises Perez Albeniz galeriara joan diren bisitariak. Antonio Muntadas artistaren pieza bat zen, baina balio dezake Moises Perez Albeniz (Iruñea, 1955) galeristaren filosofia laburbiltzeko. Hamabost urte daramatza Iruñean lanean, eta luzea da bere aretoan izan diren euskal artisten zerrenda. Kanpoko sortzaileekin ere lan egin du, baina bertako panorama horri erantzutea izan da bere egiteko nagusietariko bat. Hain zuzen ere, inplikazio falta sumatu du azken urteetan. Sorterrian arte garaikidearekiko interesa piztea zen bere asmoa, baina lortu ez, eta Nafarroako aretoa itxi, eta Madrilera joatea erabaki du orain. Ilusioa du galeria berriarekin hasteko, baina ez du frustrazio karga bat ezkutatzen.
Ezintasunetik asko du Iruñea uzteko erabakiak, ezta?
Arte garaikidea ez da sustraitu nire hirian, nire autonomian, nire probintzian. Barru-barruan dut ezintasun hori. Nik neuk beti sentitu dut errespetua hedabideen eta herritarren aldetik. Baina gehiago behar da: inplikazioa. Hori eskatzen dut nik. Funtsezkoa da, eta horren falta sumatzen dut. Pozik nago, halere, hamabost urteotan egindakoarekin. Ehun erakusketa baino gehiago badira, guztira, eta nire gain hartzen dut hemendik pasatu den guztiaren gaineko ardura.
Pello Irazu, Txomin Badiola, Itziar Okariz, Jabier Balda, Sergio Prego... Zure galerian izan diren sortzaileei begiratuta soilik ere ikusten da Euskal Herrian badela artista multzo interesgarri bat. Zerk egiten du kale? Zergatik inplikazio falta hori?
Ikerketa sakon baterako gaia da. Nafarroan hiru unibertsitate daude, eta 25.000 ikasle. Arte garaikideak sarbide zailik ez luke behar sektore horretan. Eta hala ere... Inplikazioa eskatzen dudanean, egia da nik jende gaztea dudala buruan. Uste dut errazagoa dela jende multzo horretara heltzea, zaharragoei zail egingo zaielako, beharbada, sorkuntza garaikidera heltzea. Baina gehiago heldu naiz maiz jende helduarengana, gazteengana baino. Frustrazio apur bat sortu dit horrek ere.
Esana duzunez, zure sorterritik munduko merkatura heltzea izan da zure erronka. Lortu duzu?
Egin dugu. New Yorken izan gara, Chicagon, Miamin, Mexikon, Parisen... Galeria honek erakutsi du erakutsi nahi zuena. Baina heltzen da une bat asmo hori ezinezko bilakatzen dena. Ez dago interesik. Ez da inor etortzen galeriara. Inaugurazioetara bai, baina ez erakusketetara. Ekitaldi sozialak erakartzen du jendea, ez kulturalak. Baina hori da funtsa. Orain aurrera egin behar dut. Krisiak kalte egin dio galeriari, bai, baina Madrilera joateko aukera ere krisiak ekarri du. Lehenago ere saiatu nintzen han zerbait egiten, baina lokalen prezioekin ez zen posible. Orain bai.
Euskal artistak izan dira beti zure lanaren ildo nagusietariko bat.
Hasi behar dugu ohartzen artearen mundua ez dela soilik salerosketa handiena. Enkanteena. Hori da hedabideek aipatzen duten bakarra, baina hori baino askoz ere zabalagoa da argazkia. Warholek oso kotizazio handia du, eta Gaugainek ere bai. Baina ez da hori gure lana. Guk gure hiri eta autonomiako artistak hartzen ditugu, eta gainontzeko artisten alboan jartzen ditugu. Maila nazionalean eta nazioartean. Hori da galeriaren lana. Zer gertatzen da Euskal Herrian? Badago artista belaunaldi sorta bat, eta interes handiko lanak egiten dituzte. Beraz, zer da kontatzen digutena? Erantzun egin behar zitzaion horri, eta lan hori egiten saiatu naiz.
Eta zerk batzen ditu?
Panorama hori ez da ezerezetik sortu, faktore askori esker baizik. Angel Bados, Pello Irazu eta Txomin Badiolak Bilboko Arte Ederren fakultatean hasitako irakaskuntza esperientzia dago, Arteleku dago, Oteiza eta Txillidaren presentzia, Guggenheim efektua, Bilboko Arte Eder museoa... Ni horren aurrean ezin naiz geldi geratu. Galeriara eraman beharra dut interesatzen zaidana, eta hori egin dut. Eta, noski, nazioarteko azoketara eraman ditut, eta saldu egin ditut haien piezak.
Bada nortasun bat, beraz, galeriaren ibilbidearen atzean ere?
Galeria Cadizen banu, agian bestelako proiektua izango nuke.
Horregatik galdera. Madrilen ere hemengo artistekin jarraituko duzu?
Jarraitu egingo dut, noski. Are gehiago. Hazi egingo da kolaborazioa, proiektua ere hazi egingo denez. Izen berriak ere sartuko dira. Madrilera joateak dakarrena da Iruñeko proiektua hazi egingo dela, eta adarkatu egingo dela. Ikusle gehiago izango dugu, eta jendearengana heltzeko aukera handituko da. Hamar galeria hartuko dituen kale batean egongo gara. Galeria komunitate moduko batean. Artista zerrenda luzea egin dezaket, eta guztiak pasatu dira galeria honetatik, eta pasatuko dira Madrilekotik ere. Ez naiz orain hasiko beste lan bat egiten. Hau da nire proiektua, eta garrantzitsua dela uste dut. Loraldi hori ez da beste eremuetan gertatzen.
Txomin Badiola artistak behin baino gehiagotan aipatu eta goraipatu du hemengo artista sarea ere. Ez omen da beste eremu askotan ematen halako igurtzia duen komunitaterik.
Bakoitzak bere bidea du, eta oso ezberdina da, adibidez, Badiolaren lana edo Manu Muniategiandikoetxearena, baina halere, lotzen ditu zerbaitek. Eta gauza bera gertatzen da beste artista askorekin. Bitxia da. Artista komunitatea dugu hemen, eta Madrilen galeria komunitatea. Hemengo sorkuntzak 1960ko eta 1970eko hamarkadako artea dakarkit gogora. Garai hartan, elkarrekin aritzen ziren artistak, eta indibidualismorantz jo zuten gero. Baina Euskal Herrian mantendu egin da jarrera hori. Elkarrekiko harreman pertsonalak dituzte sortzaileek, elkarrekin aritzen dira lanean, elkar laguntzen dute... Badago harreman bat, eta nahiko harreman indartsua da. Halakoa behar luke arteak, nire ustez.
Egun ere indartsu ikusten duzu?
Noski. Horrek huts eginez gero, hobe dut nik neuk ere etxera joatea. Ez dut eta nire arte esparruan zer proiektaturik izango.
Eta kanpoan izan zaretenean interesik sumatu duzu hemengo lanekiko?
Oso merkatu konplexua da artearena. Polarizatuta dago, eta kontrolatu egiten dute zenbaitek. Oso hermetikoa da. Hain indartsua den merkatu horren azpian dago nire merkatua. Eta behin hori onartuta, lan handia dago hor. Pesimista samarra naiz, halere. Ni lokaletik aritzen naiz nazionalean, baina gero nazionala nazioartean kokatu beharra dago. Iruñea Madrilen periferia da, baina Madril New Yorken periferia. Arazo bat dago, gainera, Espainian. Merkatu bat osatzeko zorian ginen, eta krisia heldu da. Geneukan lekua kendu digu horrek. Hemen ez dago merkatu sendorik. Artistek egiten dutenaz bizitzeko aukera dutenean sendotzen da merkatua. Hogei urtez lanean egon ostean, hemen badira horri esker bizitzeko aukerarik ez duten artistak. Eta garrantzizkoa da haien lana.
Galeria ixtea hiriarentzat galera bat dela esana duzu. Zer egoeratan dago arte garaikidea Nafarroan?
Egun, herrialde honetan instituzioekiko menpekotasuna handiegia da, eta, beraz, baita mugimendu politikoekikoa ere. Horrek ez luke hala izan behar. Artista bat ezin da egon erakunde batek erakusketa bat antolatuko zain. Beste eragile batzuk ere behar dira. Galeriak, esaterako. Erakundeekin lotuegi dago artea hemen, eta baita Europan ere. Eta Nafarroan ere, antzera. Zer da daukaguna? Bada, Nafarroako Unibertsitate pribatua eraikitzen dabilen museoa, adibidez. Oso lan interesgarriak jarriko dituzte han, eta lan ona egingo dutela espero dut. Uharteko Arte Garaikideko Zentroa ere badugu. Daukan aurrekonturako areto gehiegi ditu, baina badu beste bide bat hartzerik ere. Artelekuren moduko zerbait egin liteke bertan, eta artisten behar batzuk bete ahalko dira horrela. Eta horrek ireki diezaioke garaikidetasunari ate bat Nafarroako Museoan ere. Eta iaz utzi zioten pieza berriak erosteari, baina Iruñeko Udalaren arte bilduma garaikidea ere hor dago... Baina bada funtsezko kontu bat honek guztiak funtziona dezan: sinetsi egin behar da artean. Sinetsi ezean edozein aitzakia da ona artelanak erosteari uzteko. Eta oraindik orain ez dute sinesten. Ez da diru arazoa, baizik eta fede arazoa.
Moises Perez Albeniz. Galerista
«Nafarroan, artearena ez da diru arazoa, baizik eta fede arazoa»
Hamabost urte daramatza Moises Perez Albeniz galeristak Iruñean, baina krisiak eta bisita faltak aretoa itxi eta Madrilera joatera bultzatu dute. Han euskal artistekin segituko duela dio, baina ez du frustrazioa ezkutatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu