Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren sasoi berria baldintzatuko du zorrak

Baluarte Fundazioak 600.000 euroko mailegua eskatuko du Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren presazko gastuei aurre egiteko

Ricardo Gonzalez, Antoni Wit eta Carlos Medrano, atzo, Iruñean, orkestraren denboraldi berria aurkezten. IÑIGO URIZ / ARP.
Naiara Elola.
Iruñea
2016ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Orain arte egindako bidean sakonduko du Nafarroako Orkestra Sinfonikoak irailetik aurrera, 2016-2017ko denboraldian. Errepertorio «aniztuna eta erakargarria» prestatu dute denboraldi berria osatzen duten hamalau zikloetarako, Antoni Wit zuzendari artistikoak jakinarazi duenez. Egun, orkestrak 1,55 milioi euroko zorra du, eta horrek programazioan eragina duela aitortu du Witek. Dena den, ziur agertu da «guztien artean egoera zail hau» gainditzeko gai izango direla.

Heldu den irailaren 22an hasiko da Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren denboraldi berria, hamalau zikloz osatua. Antoni Witek zuzenduko ditu hamalau zikloetatik bost. Hura arduratuko da sasoi berriko lehen zikloa zuzentzeaz. Bertan, Radek Baborak tronpa jotzailea ariko da bakarlari modura. Besteak beste, Mozart, Strauss eta Brahmsen lanak emango dituzte.

Bestalde, azken urteetan egin bezala, Iruñeko Orfeoiarekin batera bi ziklo eskainiko ditu Nafarroako Orkestra Sinfonikoak. Lehena otsailean izango da, eta zarzuelako obrak eskainiko ditu. Besteak beste, Pablo Sorozabalen Gernika eta Aita Madinaren Aita gurea obrak entzuteko parada izango da Iruñean eta Tuteran (Nafarroa) egingo dituzten hiru saiotan. Bakarlari modura, David Alegret tenoreak eta Sebastian Peris baritonoak abestuko dute.

Bi taldeek elkarlanean gauzatuko duten bigarren zikloan, Gioachino Rossiniren Stabat Mater eta Fernando Remacha sortzaile nafarraren Jesucristo en la Cruz (Jesu Kristo gurutzean) emango dituzte, 2017ko ekain hasieran. Orfeoiarekin batera, bakarlari gisa abestuko dute Ruth Rosique sopranoak, Marina Rodriguez-Cusi mezzosopranoak, Jose Luis Sola tenoreak eta Jose Antonio Lopez baxuak.

Denboraldi berriko berrikuntza modura, Angela Wee eta Robert Lakatosek joko dute orkestrarekin batera —Pablo Sarasate Nazioarteko Biolin Lehiaketako finalista izan ziren—. Witek adierazi duenez, halako lehiaketek«izugarri» laguntzen diete musikaren munduan bidea egin nahi dutenei.

Egoera ekonomiko larria

2016-2017ko sasoia berezia izango da. Egoera ekonomikoa dela-eta programazioa osatu ahal izateko «ahalegin» handia egin behar izan dutela aitortu du Carlos Medrano Nafarroako Orkestra Sinfonikoko behin-behineko kudeatzaileak. Nafarroako Gobernuak aginduta egindako bideragarritasun planari esker jakin da Nafarroako Orkestra Sinfonikoa kudeatzen duen Pablo Sarasate Fundazioak 1,55 milioi euroko zorra duela. Fundazio hori heldu den abuztuaren 31n desagertuko da, eta Baluarte Fundazioak hartuko du kudeaketaren ardura.

Ana Herrera Kultura kontseilariak adierazi duenez, orkestraren premiazko gastuei aurre egiteko 600.000 euroko mailegua eskatuko du Baluarte Fundazioak. Ildo horretan, Wit zuzendari artistikoa pozik agertu da datozen asteetan orkestraren kudeaketan izango diren aldaketekin: «Guztiok dakigu orkestra garai zailean dagoela, baina ideia ona iruditzen zait haren kudeaketa Baluarte Fundazioaren esku uztea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.