Nafarroako Museoak iaz erosi zituen hamalau obra berriak ikusgai daude

Hamalau artista nafarren askotariko lanak dira. Erakusketak 'Hamalau gehiago' izenburua du

Kulturako zuzendari nagusia, Nafarroako Museoko zenbait arduradun eta erakusketan parte hartzen duten artistetako batzuk, museoan. NAFARROAKO GOBERNUA.
Ane Eslava.
Iruñea
2021eko urriaren 21a
00:00
Entzun
Nafarroako Museoan ikusgai dagoen Hamalau gehiago aldi baterako erakusketaren helburua da museoak iaz erosi zituen hamalau pieza berriak ezagutzera ematea. Artista nafarren piezak dira guztiak, 2004 eta 2020 artean sortutakoak, eta askotariko formatuetakoak: argazkia, eskultura, pintura, ikus-entzunezkoa eta instalazio performatiboa, besteak beste. Datorren urteko martxora arte ikusi ahal izango dira.

Egileak honako hauek dira: Alfonso Ascunce, Alicia Oses, Amaia Molinet, Angela Moreno, Clemente Bernad, Elba Martinez, Fermin Jimenez Landa, Greta Alfaro, June Crespo, Lorea Alfaro, Miren Doiz, Patxi Araujo, Teresa Sabate eta Txuspo Poyo. Belaunaldi ezberdinetakoak dira, eta Nafarroako bilduma publikoetan obra gutxi edo bakar bat ere ez dutenak, museoko arduradunek azaldu dutenez. Emakumeak gehiago dira gizonak baino, eta hori erabaki kontziente bat izan da: Nafarroako Museoaren bildumetan andre artistenganako egon den «defizit historikoa arintzeko» xedearekin egin dute, antolatzaileek adierazi dutenez. Berriki aurkeztu dute bilduma Ignacio Apeztegia Kultura zuzendari nagusiak, Mercedes Jover Nafarroako Museoko zuzendariak eta Marta Arriola erakusketaren komisarioak.

Nabarmendu dutenez, obrak epe jakin batez egongo dira ikusgai, baina museoaren ondarearen parte izango dira «betiko». Hori dela eta, piezak ohi bezala aldi baterako erakusketen aretoan jarri beharrean, museo osoan zehar banatu dituzte, beste obra batzuekin batera, ikusleei ibilbide bat proposatuz. Erabaki hori lotuta dago museoak 2018tik abian duen Arte guztia garaikidea da estrategiarekin. Egitasmo horrek erakusketa iraunkorraren ohiko ordena kronologikoa hausteko xedea du.

Lanen artean hiru margolan daude: Alfonso Ascunceren Interior (Barnealdea, 2019), mihise gaineko olioa; Alicia Osesen Cuadro 1 (Koadroa 1, 2011), mihise gaineko olioa; eta Teresa Sabateren Pamplona-Iruñea (2016), hari eta mihise gaineko pintura.

Eskulturaren alorrean, bi lan daude: June Cresporen Mismo calor (Bero berbera, 2018) eta Miren Doizen Totem (2020). Bestetik, lau ikus-entzunezko pieza daude: Greta Alfaroren Decimocuarta estación (Hamalaugarren estazioa, 2019), Lorea Alfaroren NLB (2019), Elba Martinezen Me confunde todo pero sobre todo me confunde el mar (Denak nahasten nau baina bereziki nahasten nau itsasoak, 2007-2020) eta Txuspo Poyoren Y el cuerpo se hizo pantalla o las imágenes no caen del cielo (Eta gorputza pantaila bihurtu zen edo irudiak ez dira zerutik erortzen, 2020).

Angela Morenok eta Fermin Jimenez Landak zenbait teknika nahasi dituzte beren lanetan: Morenorena da Cuando los sueños van a los ojos y susurran caricias de mares agitados (Ametsak begietara doazenean eta itsaso bizien laztanak xuxurlatzen dituztenean, 2020), eta ehunarekin, marrazkiarekin eta grabatuarekin osatuta dago; Jimenezena El nadador (Igerilaria, 2013) da, eta bost argazkirekin eta zortzi minutuko bideo batekin osatuta dago.

Bi argazki sorta ere badira, Clemente Bernaden Donde habita el recuerdo (Oroitzapena bizi den lekua, 2004-2005) eta Amaia Molineten Es posible que la Tierra quisiera ser como antes de que existiera (Baliteke Lurrak existitu aurretik zen modukoa izan nahi izatea, 2017). Azkenik, Patxi Araujoren Turba (2014) instalazio performatiboa ikus daiteke.

Krisiaren testuinguruan

Piezak eskuratzeko prozesua lotuta egon da osasun krisiak kulturan eragindako kolpea arintzeko Kultura Zuzendaritza Nagusiak hartu dituen zenbait neurrirekin. Gastua 90.105 eurokoa izan da. Nafarroako Museoak ez zuen tamaina horretako erosketarik egiten 2011tik.

Apeztegiak hurrengo hilabeteetan Nafarroako artea eskuratzen eta zabaltzen jarraitzeko eta zabaltzeko programak antolatzeko asmoa adierazi du. Gainera, eskuratutako lanak arte garaikidearen inguruko komisariotza eta bitartekaritza proiektuetarako ere erabiliko dituztela jakinarazi du. Hala, ekintzak erosketatik harago joatea nahi dute.

Marta Arriola komisarioak bi bisita gidatu egingo ditu erakusketan: lehena urriaren 10ean izan zen, eta bigarrena 2022ko martxoaren 6an izango da; erakusketaren lehen eta azken igandean, alegia. Igande guztietan ere izango dira bisitak, 12:30ean. Hilaren 27an mahai inguru bat egingo dute balorazio batzordeko kideekin. Artistekin topaketa bat ere egingo dute, baina oraindik ez dute eguna zehaztu. Halaber, aurki erakusketaren katalogoa argitaratuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.