Egitasmoaren helburu nagusia «herritar kulturalak» sortzea dela esan zuen, bestalde, Fernando Perezek: «Bertako kultura bultzatzeko, sormenari toki egokia emateko, kulturaren balioa aitortzeko eta esparru guztietako kideentzako aukerak sortzeko egin dugu».
Proiektua 2016an abiarazi zuten, parte hartze prozesu baten bitartez. Elkarrizketak, lan mahaiak, herritarren lan taldeak eta hausnarketa laborategiak egin zituzten, besteak beste. 500 pertsonak baino gehiagok parte hartu zuten, eta 601 ekarpen egin zituzten. «Prozesu horretan gehien errepikatu ziren gaiekin lanketa berezia egin dugu; horiek izan dira genero ikuspegia, kultura eta sormen industriak, eta sektoreen hibridazioa», azaldu zuen Barcenillak.
Plana lantzen Kulturaren Zuzendaritza Nagusiak, Nafarroako Kultura Kontseiluak eta Ikertalde Aholkularitza Taldeak hartu dute parte.
Hamar lan ildotan banatuta dago, eta dagoeneko onartu dute. Datozen asteotan Kultura Batzordean aurkeztuko dute. Bestetik, Urabaienek salatu zuen plan hau sortzeko eskaerak 2006an duela jatorria, eta gaur arte ez dela onartu. «11 urte itxaron behar izan dugu hau hezurmamitzeko».
KOHESIOA, ANIZTASUNA ETA LURRALDE DINAMIKAK
Kulturaren eta sormenaren eremuan Nafarroako lurraldeen kohesioa eta aniztasuna sendotzea da lehenengo lan ildoaren erronka nagusia.
Hori lortzeko Landarte izeneko egitasmoa abiarazi dute. Komunitate kultura bultzatzea, landa eremuko kultura adierazpenak berreskuratzea eta horiei ikusgaitasuna ematea du helburu proiektu horrek. Bestetik, bi ikerketa egingo dituzte, lehena liburutegien lurraldetasunaren gainekoa, eta bigarrena asoziazionismoaren gainekoa.
INFORMAZIOA, EZAGUTZA, BERRIKUNTZA ETA SORMENA
Lan ildo hau Nafarroako kulturaren eta sormenaren egoeraren eta bilakaeraren informazioari eta jarraipenari lotuta dago. Plan estrategiko eta sektorialak, eta egoeraren diagnostikoak egitea du helburu.
Honen barruan, 2018an Nafarroako Kulturaren Behatokia martxan jarriko dute, Nafarroako Gobernuak kulturara bideratzen duen gastua ezagutu ahal izateko, besteak beste. Beste egitasmo garrantzitsu bat sormen fabrikak sustatzeko proiektua izango da. Fabrika horiek kulturaren eta artearen arloan proposamen berriak bultzatzeko espazioak izango dira. Horrez gain, unibertsitateekin hartu-emana indartuko dute, eta Europako erreferentziazko eskualdeetara gerturatzeko neurriak bultzatuko dituzte.
ENPLEGUAREN KALITATEA
Kalitatezko enplegua bultzatzea du xede ardatz honek, kulturaren profesionalek gizartearen ongizateari eta lurraldearen aberastasunari egiten dioten ekarpena aitortzeko. Horretarako, bost helburu zehaztu dituzte: kulturaren eta sormenaren esparruan lan egiten duten langileen lan baldintzak hobetzea; euren ibilbidean zehar profesionalizaziorako babesa ematea; kulturaren eta sormenaren profesionalei orientazioa emateko zerbitzu bat sortzea; proiektuak biltzeko Internet bidezko plataforma bat sortzea; eta soslai berritzaileak dituzten langileei bultzada ematea.
Zentzu horretan, azaroan egin zuten 948 Merkatua «pausoak ematen hasteko aukera egokia» izan zen, Herreraren ustez.
SENTSIBILIZAZIOA ETA PARTAIDETZA
Politika kulturalen garapenean herritarren eta kultura eragileen partaidetza bultzatzea da laugarren arloaren helburu nagusia. Horrez gain, sektore profesionalen eta amateurren arteko lotura sendotzea eta gizarteak kulturarekiko eta artearekiko duen sentsibilizazioa sutatzea ere bilatzen dute. Plan Estrategikoa garatzeko 2016an egindako parte hartze prozesua funtsezkoa izan da, Herreraren esanetan.
FINANTZAKETA
Kultura ekimenak finantzatzeko formula berriak bilatzea da ildo horren erronka nagusia.
Horretarako, mezenasgoa bultzatzea bide egokia da, Herreren irudiko. Horregatik, Nafarroako Mezenasgo Legean sakontzeko neurriak sortuko dituzte. Horrez gain, diru laguntzen politikak etengabe berrikustea ezinbesteko erronka izango da, haren ustez.
ZEHARKAKOTASUNA ETA HIBRIDAZIOA
Kultura politika publikoen zeharkako osagarri bihurtzea bilatzen du, Nafarroan beste arlo batzuetan garatuko diren estrategietan kulturaren presentzia indartuz.
KULTURA ESKAINTZAREN IKUSGAITASUNA
Nafarroan zein atzerrian bertako kulturari eta sormenari ikusgaitasuna ematea du xede zazpigarren arloak, baita kultura herritarren esku jartzea ere.
Horretarako, foru erkidego osorako kultura agenda bakarra sortzea ezinbestekoa da, Herreraren hitzetan, baita Nafarroa marka bultzatzea ere. «948 Merkatua-rekin hori egiten saiatu ginen, eta bide beretik jarraituko dugu. 2016an mota horretako azoka, kongresu eta jaialdietara diru laguntzak bideratzeko deialdiak egin genituen».
IRISGARRITASUNA ETA BALIABIDEAK
Kultura ekipamenduen planifikazioa bultzatzea eta ekipamendu horien irisgarritasuna hobetzea du helburu ardatz horrek. Hori lortzeko, tokian tokiko erakundeekin lan egiteko «ahalegin berezia» egingo dute.
KULTURA SEKTOREAK ETA BALIO KATEA
Alor honekin kulturaren sektoreak eta balio katea dinamizatzea bilatzen dute, eta horretarako hainbat lan lerro zehaztu dituzte: Nafarroako Liburutegi Publikoen Sarearen hobekuntza eta kohesioa, kultura hondarearen finantzaketa publikoaren hazkundea, eta museo zein artxiboen jardueren eta balio katearen garapena.
Dagoeneko Musikaren Artxiboa izeneko proiektua abiarazi dute, eta Nafarroako Museoa egokitzeko plana garatzen ari dira. Horrez gain, Baluarte Fundazioarekin egiten duten elkarlan estrategikoa «ezinbestekoa» da alor honetan, kontsilariaren hitzetan.
KULTURA ETA SORMEN INDUSTRIAK
KSI Kultura eta Sormen Industriaren garapenerako eta ekintzailetza eta garapen profesionala bultzatzeko neurriak ezartzea du xede azkeneko ardatzak. Zentzu horretan, KSIen eragin ekonomikoa neurtzeko ikerketa bat egingo dute, NUPen laguntzarekin.