Nafarroako Filmotekak 'A la madrugada' filma emango du

Angel Katarainek Javier Arzuagaren bizipenei buruz egindako lana proiektatuko dute gaur, 20:00etan

Habanako La Cabaña presondegia da filmaren ardatza. ANGEL KATARAIN.
2016ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
ZINEMA. Javier Arzuaga oñatiarra (Gipuzkoa) Habanako La Cabañako presondegiko kapilaua izan zen Kubako Iraultzaren lehen hilabeteetan. Che Guevarak berak hala erabakita, bertatik bertara ikusi zituen Batistaren soldadu eta ofizialen aurkako fusilamenduak, eta oroimenean gorde zituen orduko pasarteak. Haren bizipenetan oinarritua, dokumentala ondu zuen Angel Katarain musika ekoizle eta zinemagileak. Gaur emango du Nafarroako Filmotekak A la medianoche. Momentos con Javier Arzuaga filma, Ikuspuntu jaialdiaren barruan, 20:00etan.

2008. urtean izan zuen Katarainek Arzuagaren berri, hark idatzitako liburua jaso zuenean, Kuban. Zinemagilearen hitzetan, «idazle eta poeta on bat» eta «giza bizipen hunkigarria» aurkitu zuten berak eta Amaia Apaolazak Arzuagaren testuan, eta hari buruz ikertzen hasi ziren. Egun leku turistikoa den La Cabaña presondegia filmatzeari ekin zion, Kubara itzuli gabea zen Arzuagari erakusteko. Hala, gaur egungo irudiak ikus daitezke filmean, Arzuagaren lekukotasunek lagunduta.

Kapilau izandakoak Oñatira egindako bidaietako batean erakutsi zizkioten filmatzeak Arzuagari, eta orduan konturatu zen Katarain esku artean zuen hura dokumental bat bihurtzeko bidean zela.

Hala ondu zuen zinemagileak filma, helburu bat buruan: «Ikusleari bizi izan dugunaren, sinesten dugunaren eta garenaren arintasunaren inguruko hausnarketa eragitea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.