Nafarroako Auzitegiak ez du Raimundo el Canastero taldea bide penaletik epaituko

Lizarrako epaitegiak hartuko du auzia, eta delitu arinengatik epaituko dituzte. Gehienez ere hiru hilabeteko isuna jar diezaiokete taldeko kideei zigor gisa.

Raimundo el Canastero taldeko kideak.
Raimundo el Canastero taldeko kideak.
Amaia Jimenez Larrea.
2025eko apirilaren 1a
09:27
Entzun 00:00:0000:00:00

Iazko abuztuan kaleratu zuen Raimundo el Canastero Lizarrako (Nafarroa) taldeak Beef D'Alda kantua, herriko festen atarian udal gobernuak hartu zituen erabaki batzuen harira. Maria Ruiz de Alda Lizarrako alkateari (UPN) egiten zion erreferentzia kantuak, eta UPNk salaketa jarri zion taldeari; alkatearen kontrako «irainak» eta «mehatxuak» egotzita.

Taldeko kideak joan den otsailaren 12an ziren Lizarrako epaitegira deklaratzera joatekoak, baina auzi saioa bertan behera geratu zen. Alkatearen abokatuak helegitea aurkeztu zuen auzia bide penaletik har zezaten. Nafarroako Auzitegiari zegokion hori ebaztea, eta, bien bitartean, Lizarrako epaileak bertan behera utzi zuen kasua.

Orain, ordea, Nafarroako Auzitegiak ebatzi du Ruiz de Aldak kasua gorroto delitutzat epaitzeko egindako eskaera epez kanpo dagoela. Kasua Lizarrako epaitegira itzuliko da, beraz, eta delitu arinengatik epaituko dute. Taldeko kideei gehienez ere hiru hilabeteko isuna jarri ahal izango diete zigor gisa.

Otsailean, epaiketa hasi baino lehen, 200 euskal musikarik baino gehiagok taldeari babesa adierazteko manifestu bat sinatu zuten. Kritikatzeko eskubidea aldarrikatu zuten sinatzaileek: «Zilegi da musikaren bidez instituzioak eta boterea kritikatzea». Musika kritika sozial eta politikorako «erreminta garrantzitsua» zela gehitu zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.