Nafarroako Auzitegiak 25 hilabeteko zigorra berretsi dio Black Marfil rap abeslari nafarrari, polizien aurka kantatzeagatik

'Fuck a cripa 02' abestian Iruñeko Udaltzaingoa mehatxatzen duela berretsi du epaiak, eta ontzat jo du 2022an Iruñeko epaitegiak jarritako zigorra.

Ainhoa Sarasola.
2024ko urtarrilaren 30a
16:00
Entzun

Nafarroako Auzitegiko Bigarren Sekzioak berretsi egin du Black Marfil rap abeslari nafarrari aurrez epaile batek ezarria zion zigorra. Kantu batean Iruñeko Udaltzaingoa mehatxatzen duelakoan, Iruñeko auzitegi batek 25 hilabeteko espetxe zigorra ezarri zion abeslariari 2022ko abenduan. Eta, orain, orduko epaia ontzat eman du Nafarroako Auzitegiak.

Auzitegiak azaldu duenez, Fuck a cripa 02 kantuaren hitzetan ikusi dute mehatxu hori magistratuek; hain zuzen ere, pieza horretako une batean abeslariak kantatzen duen «matar al hijo de un munipa» (udaltzain baten semea hil) esaldian. Abeslariak 2020ko uztailean jarri zuen kantua Youtuben, eta hurrengo urteko otsailera bitarte ia 48.000 lagunek ikusi zuten bideoklipa.

2022ko urte amaieran, 25 hilabeteko espetxe zigorra ezartzeaz gain, Youtubeko bere kanala ixtera ere zigortu zuen Iruñeko Auzitegiak abeslaria, baita hiru urtean beste bat sortzeko debekua ezarri ere. Abeslariak zabaldutako kantu askotan «indarkeria sustatzen» zela frogatutzat jo zuen auzitegiak. Erabaki horren aurka haren defentsak jarritako helegitea atzera bota, eta zigor hura berretsi dute orain Nafarroako Auzitegiko epaileek, orduan emandako argudioak «zuzenak, koherenteak eta nahikoa» izan zirela iritzita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.