Artea

Nafarroako arte garaikidearen zortzi erpin bistara

Zortzi proiektu artistiko ikusgai jarri dituzte Baluarten, erakusketa kolektibo batean. Arte plastiko eta ikusizkoetarako laguntza programa batean garatu dituzte, Uharteko Arte Garaikidearen Zentroak eta Nafarroako Gobernuak sustaturik.

Baluarteko Harresi aretoan bistaratutako proiektu artistikoetako bi. IÑIGO URIZ / FOKU
Baluarteko Harresi aretoan bistaratutako proiektu artistikoetako bi. IÑIGO URIZ / FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2024ko abenduaren 31
05:00
Entzun

Erakusketa kolektiboei behatzea ez da beti lan samurra. Hala iritzi dio Uharteko Arte Garaikidearen Zentroko zuzendari Oskia Ugartek. «Gerta baitaiteke, oharkabean, artista bakoitzaren lanak bata bestearen atzetik ikustea, batez ere ez dagoenean obrak elkarren artean lotzen dituen haririk», argudiatu du. Dena dela, haren hitzetan ez du helarazi kezka izpirik ere. Kontrara, ilusioz eman ditu azalpenok, Iruñeko Baluarteko Harresi aretoan zabaldu berri duten erakusketa kolektiboaren aurkezpenean. Hain zuzen, erakusketa horretan jasotako obrek bi gauza komun dituzte, eta ez bata ez bestea ez dira gaiari loturikoak. Hauek dira: arte garaikidea dutela oinarri, eta denek dutela abiapuntu beka berbera. Proiektu guztiak arte plastiko eta ikusizkoetarako laguntza programaren 2023ko deialdian aukeratutakoak dira, Uharteko zentroak eta Nafarroako Gobernuaren Kultura eta Kirol Departamentuak sustatutako programakoak. Zortzi, guztira. Eta, Ugarteren esanetan, «kalitate handikoak». Akaso, batik bat horri zor zaio hark transmititutako poza, batere kezkarik gabea. Otsailaren 9ra arte izanen da erakusketa ikusgai.

Taxio Ardanaz: Irudi bakar bat

1936ko gerran eta gerraondoan —1952ra arte— garatutako hainbat obra artistikori erreparatu izana du abiapuntu Taxio Ardanaz artistaren Irudi bakar bat proiektuak. Zehazki, gerrako gudu zelaietan eta kartzeletan aurkitutako marrazkiak dokumentatu eta aztertu ditu, eta, haiei behatu ondotik, galdera bat izan du buruan: «Zergatik eta zertarako aritu sorkuntzan indarkeria garaietan?». Hain zuzen, orainera ekarrita, galdera horixe bera egin dio bere buruari ere. Eta sorkuntza plastikoaren bidez ahalegindu da hari erantzuten, besteak beste. Diapositibaz osatutako aurkezpen bat eta hainbat margolan bistaratu ditu erakusketan. 

Alba de la Portilla: Bambi Falls in Love

2020an amaren trastelekuan Super-8 zinta batzuk eta haiek erreproduzitzeko gailua aurkitu zituenez geroztik, Alba de la Portilla artistak sarri egin du lan objektu horien inguruan, hala nola zinta horiek digitalizatuz, eduki zaharrei berriak erantsiz, edo haiek moldatuz. Askotariko edukiak dira bilduta artxibo horietan —western filmak, pornografia eta marrazki bizidunak tartean— eta horien gaineko berrinterpretazio batean oinarritzen da artistaren lana; obra aski autobiografikoa da, beraz. Memoriari eta oroitzapenen distortsioari buruzko hausnarketa ere egiten du. 

Nagore Txibite Lizarraga: Grama

Nagore Txibite Lizarraga artistak Itoizko urtegiak dakartzan askotariko ondorioez gogoetatu da Grama proiektu artistikoan. Gehienbat, presak ingurune naturalean daukan eraginari erreparatu dio, eta material organikoen eta artifizialen arteko mugaz hausnartu du, besteak beste. Baita memoriari eta «indarrez aldatu diren paisaienganako harreman afektiboei buruz» ere. Hori bai, fantasia eta fikzioa txertatuta egin du sentipenen kontakizuna, eta bideoak, irudiak, eta eskulturak bistaratuz erakutsi du proiektua Baluarten, esaterako.

Jaione Inda eta Leire Urbeltz:
Range Wars Are Ended

Jaione Inda humanistaren eta Leire Urbeltz artista plastikoaren elkarlanaren emaitza da Range Wars Are Ended. Euskal Herritik AEBetara —hegoaldera, bereziki— migratu zuten herritarren esperientzia du inspirazio iturri, eta identitateari buruzko hausnarketa sakona egiten dute hala; egileek esplikatu gisan, ikuspegi feministatik eta dekolonialetik, eta euskal diasporaren kontakizun zabalago bat erdiestea dute helburu nagusi. Hainbat elkarrizketa egin dituzte Kalifornian, Nevadan eta Idahon, eta muralak ere pintatu dituzte han eta hemen —oraindik ere ari dira—. Hain zuzen, horma irudi horien tankerakoak jaso dituzte erakusketan ere.

David Mutiloa: Titulurik gabe

Kapitalismoaz eta giza harremanen birtualizazioaz egin du gogoeta David Mutiloa artistak, besteak beste, eta neurri handiko eskulturen bitartez irudikatu ditu ideiok. Ongizate emozionalari eta norberaren burua gauzaturik sentitzeko premiari buruz hausnartu, eta kiroldegi batean indarra lantzeko baliatzen diren makinen gisakoak irudikatu ditu, baina guztiz moldatuta, kasik abstraktu bihurtzeraino. Lehiakortasunaren eta egoaren inguruan eginiko hausnarketetatik abiatuta, berriz, oihal handi bat osatu du 3.000 argazkitik gora ehun batean inprimatuz. 

Ada Garrues: Going Places

Obra aurkeztu atarian, zehaztapena egin du Ada Garruesek: «Proiektu hau etengabe garatzen ari naizen prozesu baten parte da, proiektu autonomo bat bainoago». Dioenez, aspaldi baititu begiz joak horizontaltasuna eta paisaiak, eta, hain zuzen, bi horiekiko tema ikus daiteke Baluarten paratutako piezetan ere. Kolore biziz pintatutako zenbait oihalek bereganatzen dute arreta gehien, eta igeltsuarekin eginiko figurez eutsi die haiei, propio hautatutako forman izan daitezen zintzilik eta airearekin kontaktuan. Ehundurari eta bolumenari buruz gogoetatzea du helburu nagusietako bat. 

Amaia Gracia Azketa: Desear una naranja en pleno verano es desear vivir hasta el invierno, negarnos a hacer del momento presente la última estación

Amaia Gracia Azketaren iritziz, gaur egun plastikoa da iraunkortasuna ongien irudikatzen duen materiala. «Garai batean izanen zen harria, baina plastikoa da orain», zehaztu du. Eta sinesmen horren isla ikus daiteke proiekturako sortutako piezetan: besteak beste, latexezko ehunekin askotariko formak osatu ditu, eskultura gisakoak, eta metalezko azpiegituren gainean paratu. Denboraren joanari, nostalgiari eta galerari buruzko hausnarketak bistarazi ditu, batik bat. Artistaren esanetan, konfinamenduak ekarri zuen etenak franko inspiratu zuen horretarako.

Elisa Arteta: Estrategias para una transmutación

Koreografia kolektibo bat du oinarrian Elisa Artetaren lanak, eta argiak, testuak, soinuak eta irudiak biltzen dituen instalazio baten bidez eman du argitara. Zehazki, Harresi aretoko gelaxka ilunean paratu du proiektua, eta, bertan, etengabe dago hainbat gorputzen arteko koreografia hura jasotzen duen bideoa ikusgai, martxan. Kontzientzia —norberaren gorputzarena, kasurako— izan da artistaren gogoetagai nagusia; hala izan da proiektu artistikoa sortzeko prozesuan, eta hala nahi luke izatea orain ere, proiektua ikusleen eskura dagoenean. Dioenez, nahi luke ikusleak sentitzea «denbora eten egiten dela tarte batez».

(ID_14528630) (Iñigo Uriz/@FOKU) 2024-12-19, Iruñea. 2023ko Arte Plastiko eta Ikusizkoetarako Laguntzak erakusketa aurkeztu dute ...
Baluarten proiektuak aurkeztu dituzten artistak —David Mutiloa salbu—, erakundeetako ordezkariekin. IÑIGO URIZ / FOKU

 

Argitalpenen aurkezpena, katakraken

Ohi denez, arte plastiko eta ikusizkoetarako laguntza programak bi atal izan zituen 2023an: erakusketara bideratutako adarra eta argitalpen modalitatea. Erakusketari loturikoa da Baluarten ikusgai dena, eta argitalpenei buruzkoa, berriz, urtarrilean aurkeztuko dute, hilaren 16an, 19:00etan, Iruñeko Katakraken. Artista hauek hartu dute parte adar horretan: Marian del Rio Orrantia, Edurne Garcia Ekiza —Edurne Dickinson—, Andrea Muniain Perales eta Daniel Sanchez Soto. Katakraken izanen dira arrats horretan, beren lanak jendaurrean aurkezteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.