Nafarroako Antzerki Eskolan ez da saiorik izango urtarriletik aurrera

Eskolak ez du Kultura Departamenduaren diru laguntza zuzenik jasoko, azkenean, eta eten egingo ditu saioak

Inigo Astiz
Iruñea
2011ko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Mobilizatu egin dira, eta izan dute oihartzuna. Azken unera arte heldu nahi izan diote esperantzari, baina, azkenean, huts. Kultura Departamenduaren diru laguntza zuzenik ez du jasoko Nafarroako Antzerki Eskolak, eta urtarrilaren 9an etengo dute beren aretoko egitaraua, eta murriztu egingo dute hezkuntza eskaintza ere.

Hurrengo urteko aurrekontuetan ahozko zuzenketaren bat onartuko zuten zain zeuden eskolako kideak, baina ez da halakorik gertatu, eta Hezkuntza Departamenduaren dirua baino ez dute jasoko; aurten jasotakoaren %10, zehazki. Aretorako antolatutako ekintzak bertan behera utziko dituzte, baina eutsi egingo diete ikastetxeekin hitzartutako ikastaro eta tailerrei, adibidez.

Egoera berriari erantzuteko denbora behar dutela adierazi dute eskolako kideek, eta, beraz, urtarrilera ez dutela adierazpen publikorik egingo.

Aste honetan, 1,4 milioi euroko diru saila aurkeztu du Nafarroako Gobernuak kultura proiektuentzat, eta hori izango da, itxura denez, eskolak bere egitaraua berreskuratu ahal izateko izango duen aukera bakarra, oraingoz. Gehienez ere, 300.000 eurokoa izango da laguntza hori. Urtarrilean aurkeztu beharko dira egitasmoak, eta otsailean banatuko dituzte diru sailak, Juan Luis Sanchez Muniain Kultura Departamenduko buruak azaldu zuenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.