Urtarrilean itxi zituen Nafarroako Antzerki Eskolak ateak, baina berriz irekiko ditu martxoan. Aurrekontuetan diru sail propiorik ez izateak bultzatu zituen eskolako kideak beren programazioa bertan behera uztera. Izan ere, Nafarroako Gobernuak aldatu egin du aurten kultur ekintzetara dirua bideratzeko sistema, eta lehiaketa bidez egin dute diru banaketa. 1.441.299 euro banatu dituzte, guztira, eta eskolak antolatutako ekintzetarako izan dira haietariko 273.876. Iaz baino 100.000 euro gutxiago jasoko dituzte, baina nahikoa, hala ere, ateak itxi behar ez izateko. Beste finantzaketa bideen bila ere badabiltza arduradunak.
Diru kopururik handiena jaso duen bi erakundeetako bat da Antzerki Eskola. Operaren Lagunen Gaiarre Elkartea da bestea. Haiek izan dira laguntzarik handiena jaso dutenak; 280.257 euro izango dituzte aurtengo opera programazioa. Nafarroako Ganberako Operak 249.800 euro jasoko ditu, eta 207.350, aldiz, Iruñeko Kamarako Koru taldeak. Nafarroako Ganbera Koruak, aldiz, 125.000.
46 elkartek aurkeztu zituzten proiektuak lehiaketara, baina 14 taldek pasatu dute galbahea, eta200 ekintza lagunduko ditu, orotara, Gobernuak aurten. Operari eta antzerkiari bideratu zaizkio laguntzarik handienak, baina zirku jaialdi bat, dantza garaikide jaialdi bat eta pop-rock jaialdi bat ere lagunduko dituzte.
Badira diru laguntza zuzenik jasoko ez dutenak: beren programaren parte gisa hartuko ditu Gobernuak, besteak beste, Diego Gomez musika elkartearen, La Ortiga taldearen eta La Pamplonesa bandaren proiektuetariko batzuk.
Juan Luis Sanchez Muniain Kultura Departamenduko burua «harro» azaldu da lehiaketak izandako emaitzarekin, eta uste du lehiaketa bidezko banaketa sistema «hobea» izan dela. «Sistema berri honi esker, eta elkarte guztiek egin duten esfortzuari esker, orain handiagoa da Nafarroako herritarrek jasoko duten eskaintza kulturala. Aberatsagoa izango da, eta jende gehiagorengana helduko da».
Nafarroako Antzerki Eskolak ateak ireki ahal izango ditu berriz
Hamalau kultur elkarte lagunduko ditu Nafarroako Gobernuak milioi eta erdi euroko diru sailarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu