Oraingoan pintura eri jaio zaiola dio Patxi Buldain artistak (1927, Iruñea). Berak egin ez balitu bezala mintzo da uda honetan egindako koadroei buruz. Agertu egin balitzaizkio bezala, kasik. «Nafarreria edo baztanga dutela dirudi. Eri daudela esango nuke. Gaixo dagoen pintura bat da hau. Hutsune horiek, puntu gorri horiek... Erabat izatera heltzen ez den gizarte bat da, eta dena doa gaizki. Oso fondo arraroak dituzte, pikorrez beteta dago gainazala, bukatu gabeko prozesu bat erakusten dute, eta beren burua desegiten dirudite». Uharten bildu dituzte koadro horiek guztiak, Buldain museoan (Nafarroa), eta Kapritxo barrokoak izendatu dute erakusketa. Abenduaren 22ra arte egongo da zabalik.
Nabarmena da kontrastea koadroetako kolore bizien eta artistak helarazi nahi duen mezuaren artean. Argia da artistaren paleta, baina iluna, haren azalpena. «Koadroak egitea da nire kaleko kazetari izateko modua, eta hau da nik ikusten dudana. Hitz egiten duzu batekin eta hitz egiten duzu bestearekin, eta denek gauza bera esaten dute. Kezkatuta dago jendea». Eta kezka hori bildu du Buldainek bere neurri txiki eta ertaineko koadroetan.
Giza figura da lan guztien ardatza, eta pertsona da denetan lehen planoan dagoena. Lauso ageri da, ordea, aurpegiko ezaugarririk gabe. Ia nortasunik gabe, eta argi koroa gorri batzuekin ere bai maiz. Pertsonaien kezka eta ezinegona irudikatzen du horrek,Buldainen hitzetan. Artegagarri bilakatzen ditu aura horrek berez kolore atseginez margotutako izakiak. Eta indartu egiten da ezinegona koadroak multzoan ikustean, bata bestearen ondoan. Denak anonimo, lan koral baten parte balira bezala. Desagertzeko zorian. Izan ere, gizarte bat da erakusketak ageri duena, Nahikari Sanchez komisarioaren hitzetan. «Eri xamar dagoen gizarte bat», zehazten du berriz artistak.
Materia asko dute lanek, eta are ilunago bilakatzen ditu horrek. Ohi duenez, zur pusken gainean margotu ditu Buldainek margolanak, eta muino eta sakonuneak dituzte gainazalek pintura kopuru itzelagatik. Horregatik hautatu dute titulurako barroko hitza. Pintoreak irudien atzealdea tenkatu eta zailtzeko hautatu duen modu horregatik.
Txikiak izan arren, artistaren bilakaera erakusten dute bildumako koadroek. Bistakoa da Parisen egon zenean ezagutu zituen inpresionisten eta postinpresionisten eragina, eta baita guztiz propio dituen tekniken pilaketa ere. Xiringa bidez egiten dituen koadroen aztarnak ikus daitezke kapritxoetan, eta baita giza figurarekiko bere ohiko kezka ere.
Humanismoa aldarri
Koadroen motibo ilunak ez du Buldainen humanismoa ezkutatzen, halere. Eta erakusketa ixten duten bi koadroak dira horren froga. Ardo baso banarekin ageri dira bina figura, eta festan daudela dirudi. Ospakizunean. Artistak ezin du erabat baztertu bere berezko baikortasuna: «Bere gaitz guztiekin ere, nik sinesten dut gizakiarengan, bestela ez nukeen nere buruarengan sinetsiko!».
Buldainen atzera begirako bilduma bat ere jarri dute museoko bigarren solairuan. Artistak orain arte bertan egindako bakarkako erakusketen erakusgarri modura.
Nafarreriak jotako margolanak
Patxi Buldain artistak aurten egindako 22 koadro jarri dituzte ikusgai Uharteko Buldain museoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu