Atzerrian etxean baino ezagunagoa da Xabier Minaren izena. Nafarroako Elortzibarren, Otao herrian 1789an sortua, Napoleonen tropen aurka borrokatu zen lehenik, Fernando VII.aren aurka altxatu zen gero, eta Mexikoren askapen borrokaren buruetako bat izan zen ondoren, harik eta Guanajuaton fusilatu zuten arte, 28 urte zituela. Mexikon heroi izendatu bazuten ere, sorterrian haren izena ahanzturan egon dela uste du Kepa Larrea historialari, filologo eta idazleak. Hala, Mina edo libertatea! (Pamiela) liburua ondu du, haren heriotzaren 200. urteurrenean. Mina izena sufrimenduarekin lotu badaiteke ere, kasu honetan mintegi edo hazitegi hitzekin duela lotura dio: «Mina hazi bat izan zen bai Mexikon bai Nafarroan. Nafarroako gerrilari garrantzitsuenetako bat izan zen, eta Mexikoko iraultza berak piztu zuen galbidean zen unean».
Historian doktorea da Larrea, eta sakon aztertu du Minaren ibilbidea. Haren hitzetan, pertsonaia historikoak lotura estua du libertatea kontzeptuarekin, eta horregatik jarri dio izenburu hori liburuari. Azaldu duenez, Mina hil eta hiru urtera, haren biografia idatzi zuen Robinson izeneko historialari estatubatuarrak. «Bertan, sarritan aipatzen du Mexikon errealistek 'Viva el Rey!' oihukatzen zietela insurgenteei eraso egitean, eta haiek, berriz, 'Viva la libertad! Viva Mina!' egiten zietela oihu». Horrez gain, Mina jenerala bazen ere, idatzi guztiak bere izenarekin soilik sinatzen zituela aipatu du, eta sinaduraren ondoan, osasuna eta libertatea leloa idazten zuela.
Nafarroako Corsoa sortu zuen Minak, frantsesen aurkako gerrilla, eta preso hartu zuten zortzi hilabetera. Handik ateratzean, Madrilera egin zuen bidaia, eta han bera erosten saiatu zirela azaldu zuen Larreak: «Fernando VII.ak gudaroste bat bidali nahi zuen Mexikora, insurgenteak borrokatzera, eta Minari agintea eskaini zioten. Kalkulu okerra egin zuten, ez onartzeaz gain, hiru hilabetera Iruñea askatzen saiatu baitzen». Lortu ez, eta erbestera joan behar izan zuen. Frantsesak ere saiatu ziren hura erosten, haren ospeaz baliatuta Nafarroan sartzeko, baina ez zuen onartu, eta Ingalaterrara jo zuen. Urtebetera, gudaroste txiki bat osatu, eta AEBetara jo zuen lehenik, eta Haitira gero, Simon Bolivarrekin elkartzeko. «Bolibarren izena asko entzuten da hemen, Minarena ez, baina ezpal berekoak ziren, eta Haitin zirela, bata Mexikora eta bestea Venezuela aldera joatea adostu zuten». Zortzi hilabetera hil zuten Mina. Halere, lau urtera independentzia eskuratu zuen Mexikok.
Haren ibilbidearen eta garaiko gora beheren kontakizun historikoa egin du Larreak liburuan, irudiz eta mapez lagunduta. Baina gainera, lan horren osagarri, beste liburu bat plazaratu du: Biba Mina! Kontuak eta kantuak. Bertan, herri literaturan zeuden Minari buruzko olerkiak eta bertsoak bildu ditu, eta baita fikziozko hainbat narrazio idatzi ere. Bi lanak aldi berean joan da osatuz.
Osabaren itzala
Mina hil zutela 200 urte beteko dira azaroan, eta, urteurrenaren harira, hainbat ekitaldi egin dituzte dagoeneko Iruñean eta haren sorterrian. Urrian eta azaroan gehiago izango direla jakinarazi du Larreak. Haren ibilbidea ezagutarazi nahi dute, «ikaragarria baita halako pertsonaia bat nola egon den ahaztuta». Mina entzunda, Espoz y Mina etorriko zaie gogora askori, Larrearen ustez. Minaren urrutiko osaba bat izan zen Francisco Espoz y Mina, ilobaren aginduetara egon zena hasieran, baina azkenerako haren aurka idatzi zuena, eta bera bada ezaguna Nafarroan. «Mina hil zenean, haren izena lohitzen lehenak ez ziren absolutistak izan, liberalak baizik, ustezko bere lagunak. Eta lehena Espoz izan zen. Harrezkero inork ez du haren izena aldarrikatu. Nafarroa osoan kale batek baino ez darama haren izena. Espoz, aldiz, katedralean dago ehortzita, eta leku guztietan dago bere izena».
Mina gogora ekarri duten hainbat historiagilek ere haren izaera eta ideologia desitxuratu dituztela uste du Larreak, eta haren printzipioei baino gehiago, alderdi militarrari erreparatu izan diotela soilik. «Minak ez ditu behin ere ez konstituzioa ez autonomia hitzak aipatzen; aldarrikatzen dituen hitzak errepublika, independentzia eta libertatea dira».
Nafar hazia Mexikon
'Mina edo libertatea!' liburua idatzi du Kepa Larreak, Xabier Mina nafarraren ibilbidea gogora ekartzeko. Lanaren osagarri, Minari buruzko kantuak eta fikziozko istorioak bildu ditu beste ale batean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu