Ezkorrenek diote pikutara doala; euskarazko bikoizketa, gainbehera etengabean, desagertze bidean dela. Eta baikorrenek baino, indartsuenek, itxaropentsuenek, egoera serio mahai gaineratzeko unea heldu dela. Berri batek piztu du gaia atzera: BieuseBikoiztaile Euskaldunen Elkarteko kideak greban daude, ofizioaren prekarietatea eta lan eskasia salatzeaz nekatuta. Urteak daramatzate sektorearen makalaldiaz ohartarazten, baina nahikoa dela esateko unea iruditu zaie. Auzia, ordea, langile gisa bizi duten egoera makurraz harago doa: zer dago euskarazko bikoizketaahultzearen atzean? Hizkuntza komunitateak zer du jokoan?
Bea Zabalondo EHUko irakasleak jarri du markoa: «Bikoizketa ezin da bakandutako jarduera bat balitz bezala aztertu, ez komunikazio ekintza huts bezala, ez testu transferentzia soiltzat hartu; ez da bakarrik kulturartekotasunean txertatzen den praktika ere. Horiek guztiak eta gehiago da; are, biziberritze bidean den hizkuntza batentzat». 2014an defendatu zuen bikoizketaren gaineko doktorego tesia Zabalondok. 1989tik 2013ra bitarteko datuak bildu zituen, EITBkoak eta euskaraz egindakoak, eta argigarriak dira aldaparen beheranzkoa ikusteko. Hiru aldi bereizi zituen: 1989-1998, «amiltze aldia» deitu ziona; 1998-2006, orduei «eutsi» zitzaien garaia; eta 2006-2013, «hondamendi aldia» izendatu zuena. Datuetan esanda, 1991n 1.589 ordu bikoiztu ziren; 1998an 536 ordu; 2006an 470 ordu, eta 2013an 132 ordu, ordura arte ezagututako daturik baxuena. Geroztik, buelta horretan da kopurua. «100 ordurekin ez dago sektorea eusteko indarrik, ez bikoizketa antzemateko ikusgarritasunik», Zabalondoren hitzetan.
Horregatik plantoa. Iñaki Beraetxe da Bieusen antolatu diren bikoizleetako bat. Denbora daramate protestan, baina lehen aldiz antolatu dira orain elkartean, iazko irailean Mixer enpresak—2012tik hori da EITBrentzat euskarazko bikoizketak egiten dituen enpresa bakarra, egun Bilbon dago— mahai gainean jarri zien azken murrizketaren ondotik. Handik aurrera, % 12 gutxiago kobratuko zutela esan zien, eta bikoizleetako askok ez zuten onartu. Ordutan bakarrik ez, urterik urte, ordainsarian ere behera egin baitute datuek: 2012tik hona, %37ko jaitsiera izan dutela salatu du Beraetxek: «Eskatzen ditugun baldintzak 2004an sinatu eta onartu ziren. Ordutik hona EITBren aurrekontua %30 baino gehiago igo da, baina ez dute ezer egin gurearekin. Edozer da hobea gure baldintzak baino. Jende falta ere badago pertsonaiak betetzeko, baina ea nor animatzen duzun honetan has dadin». Batean hori, eta bestean lan falta: «Jaitsiera zerbait esajeratua izan da. Nahitaez, orduak gehitu behar dira normalizazio baterako».
EITBren aurrean egin dute plantoa Bieusek—oraingoz, 35 bat lagunek osatzen dute; Araba, Bizkai eta Gipuzkoan euskaraz lan egiten duten bikoizleen erdiak inguru—, baina uko egin diote baita ere Eusko Jaurlaritzaren Zinema Euskaraz programarako lan egiteari, zeinak, Eusko Jaurlaritzaren ekimenez, urtean haurrentzako hamabi film bikoizten dituen.
Halako ezer ez zegoen Tinko elkarteak euskarara bikoiztutako lehen pelikula zinema aretoetara eraman zuenean, 1992an. Alargunaren gailurra izan zen filma. Maria Galarraga elkarteko lehendakaria hasieratik izan da euskarazko bikoizketak egin duen bidearen lekuko. Hauxe egiten duen irakurketa: «Hobera egin beharrean, atzeraka goaz. Tristea da, eta, gainera, arriskutsua».
Arriskua, hizkuntza komunitatean duen eraginean ikusten du Galarragak. «Drama hor dago», dio. «Bikoizleak ez badira zaintzen, bikoizketarik ez dago. Horrek esan nahi du pelikulak euskaraz ez direla egongo. Eta ez badaude, zer ari gara jendeari esaten? Euskara ez dela horretarako?». Galagarraren ustez, «axolagabekeriak» ekarri du euskarazko bikoizketa gaurko egoerara. «Beste motibazio batzuk ere egon daitezke, ekonomikoak eta. Baina euskara da askori azkena inporta zaiena».
Gisa bertsuan mintzo da Zabalondo. Argi ikusten du ez dela euskarazko bikoizketaren aldeko apusturik egin. «Faktore asko dago: ekonomikoak, EITBk izan duen desafekzio soziala... Eta egon daiteke, eta hau autokritika da, profesionalon aldetik lanaren aldeko defentsa irmoago baten falta».
Tonu etsian heldu dio Beraetxek Galarragak aipatu arriskuari: «Negargarria da esplikatzen egon beharra euskarak merezi duela bikoizketa bat; bikoizketa on bat». Egin dituen azken lanen artean, Merlí telesaileko irakasle protagonistari jarri dio ahotsa. «Urteak ziren umeentzat ez zen zerbait bikoizten zela; oso gustura hartu nuen». Bada, oro har, azken urteetan zinemarako nola telebistarako bikoiztu diren orduak umeei bideratuak izan dira. Eta Beraetxeren ustetan,«hizkuntzaren infantilizazioa» eta «ikuslegoarekiko gutxiespena» dakar horrek. «Horretaz arduratzen dira ETB2n. Eduki mordo bat daude helduentzat, gaztelaniara Euskal Herrian bikoiztuak». Baina haur eta nerabeei begira ere, eskasia ikusten du berak erreferenteak euskaraz sortzerakoan. «Dragoibola-ren belaunaldia-eta aipatzen da. Baina, gerora, jakin nahiko nuke zenbatek ez duten ikusi ezer euskaraz. Nerabeez ari naiz. Beraien isla egina dute, eta isla gazteleraz da».
Ezer ez bikoiztearen alde
Argi utzi du esatera doana lan gatazka baten erdian esatea «itsusia» dela badakiela, baina hala uste du Urtzi Urrutikoetxeak: etorkizuna azpidatziena dela, eta ez bikoizketarena. Hor zabaltzen da gaiaren inguruan maiz agertu izan den beste eztabaida puntu bat: bikoizketa ala azpidatziak? Baina kontua ez da bata edo bestea. Ez Urrutikoetxearentzat: «Benetako eztabaida da ea nahi dugun fikzioa euskaraz ala ez. Eta zintzoak izanda, bikoiztuta ezin da; azpidatzita bai». Aukera «erreal» bakarra azpidatziena iruditzen zaio. «Benetan jarriko bagina dena euskaratzera, berehala konturatuko ginateke ez dela posible dena bikoiztea. Fikzio gehiago behar dugula EITBn begi-bistakoa da, ekoizpen propiotik hasita. Eta Merlí bat izan dezakegu, baina dozenaka ez. Azpidatzita bakarrik da posible atzerriko edukiak euskaraz ere jasotzea». Denbora darama tesi hori defendatzen. Duela hogei bat urte aldizkari batean planteatu zuen aurrenekoz zergatik: «Europako hizkuntza txiki guztiek egiten dutena delako. Oraindik modu analogikoan geunden eta jada argi ikusten nuen. Gero eta digitalizatuago gauden neurrian, orduan eta nabarmenagoa iruditzen zait geroa hortik doala».
Milioi gutxi hiztun dituzten mendebaldeko hainbat hizkuntzen kasua hori dela du argudio nagusietako bat Urrutikoetxeak. Hori dela islandiera, portugesa, norvegiera eta grekoaren kasua, besteak beste. «Badakit jatorrizko bertsioak azpidatziekin hemen gauza esnob bat ematen duela, baina gure egoera linguistikotik gertu dauden toki horietan guztiz normala da». Baditu arrazoi gehiago: aktoreak beren hizkuntzan hitz egiten entzutera ohitzean, ikusleak ez duela nahi izaten hari «ahotsa kentzerik, sinesgarritasunagatik; eta azpidatzietarako ez dela behar «industria handi bat», ia edonor saia daitekeela horiek lantzen. Irakasleentzat, esaterako, bide on bat dela uste du edukiak euskaraz eskaintzeko ikasgelan. «Bestela, gaztelerara bikoiztuta ematen dira eduki gehienak».
Bieuseren arabera, azpidatzien aldeko jarrera erakutsi izan du, halaber, Bingen Zupiria EITBko zuzendari ohi eta egungo Kultura sailburuak. Bat egiten du Urrutikoetxeak, baina «benetako apusturik» ez dela egin dio. «Bikoizketa ez bultzatzeko aitzakia zaie azpidatziena, baina aitzakia ez dute baliatu gero atzerrikoa euskarara ekartzeko. Euskaldunok gazteleraz jakitea baliatzen dute. Elebidunak izatea tarteka kalterako da, antza». Ohartarazpen bat ere egin du: «Ikus-entzunezkoak bihurtu dira erdalduntzeko bide nagusia».
Urrutikoetxea publikoki azpidatzien alde agertu izan den eran, hala agertu izan da bikoizketaren alde Zabalondo. Ez ditu horregatik azpidatziak arbuiatzen. Baina azpidatziei ikusten ez dien abantaila ikusten du bikoizketaren alde: «Hizkuntzaren hotsa, laburdurak, esamoldeak, azentuak, aldaerak... hori dena ahoz transmititzen da; baita hiztegia eta erreferente kulturalak ere». Unibertsitateko irakaslea da, eta ikasleei «adierazteko zailtasun handiak» antzematen dizkiela dio. Eta hor eragiteko, telebistak asko dezakeela uste du. «Nahi badugu gazteak euskaldun oso izatea, hizkuntza gaitasunak hobetzea, erraz erabiltzea... telebista baino medio erakargarriagorik ez dago. Bai bikoiztuta eta bai jatorriz euskaraz ekoitzita».
Euskarazko bikoizketak zamatu izan duen beste gai bat kalitate eskasiarena izan da. Zabalondoren ustez, hutsuneak ekarri du ospe txarra. «Nik beste galdera batzuk egingo nituzke: 80ko bikoizketa eta gaurkoa berdina da? Zeinek ezartzen ditu kalitatearen irizpideak? Gure kanona non dago? Espainolek edo frantsesek egiten duten horretan?». Haren ustez, «hizkuntzak demostratu behar zuena demostratu du».
Gauza hala, nondik askatu korapiloa? Urrutikoetxearentzat, azpidatzien aldeko apustua egin beharko litzake, benetan. Galagarrarentzat, «dena birplanteatu beharko litzateke». Eta Zabalondorentzat ere antzera, hausnarketa behar da: «Eta hausnarketa serioa, ez bakoitzak bere iritzia sarean bota, eta hor geratzea». Mahai horretan parte har dezaketen eragileak ere proposatu ditu: akademia, Euskaltzaindia, sektoreko profesionalak eta hizkuntza politikako arduradunak. Dioenez, Katalunian aspalditik daudehalako foroak. Euskal Herrian, «azken trena harrapatzeko puntuan» ikusten du egoera. «Bukadezagun inora ez daraman jardun debaldekoa, eta adostu ditzagun gutxieneko batzuk. Hizkuntza egiten du herriak, baina hizkuntza politikak ere bai. Kexatik beste fase batera pasatu behar dugu. Jende profesional eta jantzi asko dago beste pauso batzuk emateko».
MUTUALDIAK ESATEKO DUENA
Euskarazko bikoizketa eztabaidara atera du berriz Bikoiztaile Euskaldunen Elkartearen grebak. 1980ko urteetatik hona, milatik ehunera jaitsi dira orduak, eta txartu baldintzak. Hizkuntzaren normalizaziorako gakotzat hartzen da sektorea; baina bada geroa hortik baino, azpidatzien bidetik «errealago» ikusten duenik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu