Literatura

'Musker amarruak' plazaratu du Jon Arretxek

Toure detektibearen hamargarren eleberria da, eta aurrez ibili gabeko lurretan agertuko da oraingoan Arretxeren pertsonaia izarra: Kanaria uharteetan. Abiapuntuan heriotza bat izan arren, sagako lanik «umoretsuena» dela aurreratu du egileak.

(ID_13394425) (Jagoba Manterola/@FOKU) 2023-12-01, Donostia. Jon Arretxeren \
Jon Arretxe, gaur goizean, Donostian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
itziar ugarte irizar
Donostia
2023ko abenduaren 1a
16:00
Entzun

Aurten, urtarrilean, nobela beltzaren inguruko jardunaldi batzuetara gonbidatu zuten Jon Arretxe (Basauri, Bizkaia, 1963), Kanaria uharteetara. Idazlearen pertsonaia izarra ezagutzen zuen kazetari batek idazlea zirikatu zuen hara eraman behar zuela Toure, Kanarietara. Momentuan ez zuen oso serio hartu ideia Arretxek, baina, handik bi astera, Alexis Ravelo hil zen, egun haietan haiekin izan zen idazle bat —Arretxeren ustetan, «nobela beltzaren idazle onena inguruan»—, eta orduan erabaki zuen baietz, Ravelori «omenaldia egiteko» Kanaria uharteetara eramango zuela Toure detektibe burkinarra. Zehazki, Las Palmasera, eta, zehatzago, La Isleta auzora. Han ibili da Arretxe aurten, eta Musker amarruak izenpean kaleratu du orain emaitza, Toureren sagako hamargarrena.

Ereineko Uxue Razkin editoreak lagunduta aurkeztu du lana egileak, eta Razkinek aurreratu du «beti bezain azti» topatuko duela irakurleak Toure lan berrian. Aurrekoetan hamaika lanbidetan aritu den bezala dirua lortzeko —etorkizunaren iragarle, operako figurante, buruhandi, prostituzio etxe bateko atezain…—, oraingoan kanariar borroka deritzon kirolean hasiko da. Arretxe: «Azken batean, Tourek bizirik iraun nahi du, eta edozer egiteko prest dago horretarako. Lehen nobelan igual oraindik ez, baina hamargarrenerako, edozer».

Escaleritasko Muskerra izeneko pertsonaiak tentatuko du kanariar borrokan sartzera, horretarako gorpuzkera aproposa duela eta. Hura da kontakizuneko beste pertsonaia nagusia, eta, haien artean, irlako enpresari garrantzitsu bat ere azalduko da, Raveloren nobelei egindako keinu gisara, Arretxek esan duenez. «Alexisen nobeletan beti egoten zen enpresari aberaskume ustelen bat. Bera kanariarra zen, eta beti oso kezkatuta egoten zen ustelkeria kasuekin. Oso aktiboa izan zen borroka horretan».

Enpresari hori aurrez aurre izango du Tourek. Aldiz, ondoan izango ditu bidean ezagutuz joango den lagunak: Bilbo atzean utzi eta Las Palmasera heldu berritan Afrikatik iristen direnentzat prestatutako aterpean ezagutuko dituenak, eta uharteko bunker abandonatuetan bizi diren pertsonak.

«Errealitateak oparitutakoak»

Toure detektibearen istorioak, batik bat, Bilboko San Frantzisko auzoan girotu ditu Arretxek, eta aipatu du eremu hartaz idazteko sentitzen duen «erosotasunik» ez duela izan oraingoan. Beldur apur batekin ekin zion idazketari horregatik, baina iruditzen zaio «zortea» izan duela azkenean, hango lagunek eta han igarotako egunek eman baitiote arian-arian nobelarako behar zuena. «Azken batean, betikoa egin dut: ibili eta ibili, eta itxaron gauzak gertatu arte eta pertsonaiak sortu arte».

Kontatu du, esaterako, nola behin kasualitatez jatetxe korear batean sartu eta hango senar-emazte batzuk ezagutu zituen, ia 40 urte daramatzatenak irlan eta oraindik gaztelaniaz kasik ez dakitenak, eta nola berehala jakin zuen haiek ere sartu behar zituela nobelan. Beste egun batean, «jonki bat» agertu zitzaion txirula jotzen goi mailako musikari baten antzera, idazlearen ustez. «Agertzen diren pertsonaia gehienak errealitateak oparitu dizkit; azkenean, [idazketa] erraza izan zait horregatik».

«Tourek hortxe dauka Afrika beltzeko kostaldea, hortxe bere etxea, eta esango du: 'Itzuliko naiz etxera behingoz? Itzuli, baina, nora?'».

JON ARRETXEIdazlea

Razkinek gogorarazi du «kritika soziala» izan ohi dela Arretxeren liburuen beste elementu aipagarri bat. Lan berrian ere bada halakorik, eta bada, halaber, surrealismorako eta umorerako tarterik ere. Are, Arretxeren hitzetan, «hau da beharbada Toureren sagako nobela umoretsuena, nahiz eta abiapuntu tristea izan, Raveloren heriotzagatik eta Toureren egoeragatik». Izan ere, pertsonaiaren bilakaeran aldarte «tristeago bat» antzeman daitekeela uste du Razkinek. Sorterritik —Burkina Fasotik— aspaldiko gertuen egongo da geografikoki, baina, bizitakoak bizi eta gero, handik Europara heldu berri direnen poza ikustea mingotsa egingo zaio orain. «Hortxe dauka Afrika beltzeko kostaldea, hortxe bere etxea, eta esango du: 'Itzuliko naiz etxera behingoz? Itzuli, baina, nora? Afrikara ala iparralderantz berriro?'».

Telesaila, udaberrirako 

Toureren eleberri berria haren gaineko telesailaren atarian heldu da, eta horrekin «oso zoriontsu» dagoela aitortu du Arretxek. Udan egin zituzten grabaketak, eta, ondo bidean, 2024ko udaberrian estreinatuko dituzte lehen atalak. ETB eta RTVE dira ekoizleak, eta biek erakutsiko dute; lehenik, euskaraz ETB1en. 

Eleberriak ikus-entzunezkoetarako jauzia egiten ikusteak hainbat arrazoirengatik pozten duela esan du idazleak, eta hiru nabarmendu ditu: ekonomikoa —«idaztetik bizi garenontzat, saldutako milaka libururen parekoa da hau»—; San Frantzisko auzoari egingo zaion aitortza —«hedabideetan beti agertu da gauza txarrengatik, eta espero dut serieak auzoaren ikuspegia aldatzea»—; eta, azkenik, Toureren soslaia duten pertsonak «desestigmatizatzeko» aukera: «Justizia egiteko hainbeste sufritzen duen jende honi; elkartasun eta errespetu handiagoz tratatzeko haiek».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.