Donostiako 82. Musika Hamabostaldia

Musikeneko gazteek sei kontzertu emango dituzte Musika Hamabostaldian

Astelehenean hasiko da Interprete Gazteen Zikloa, Laia Barbera harpa jotzailearen kontzertuarekin. Musikeler gauak asteburuan izango dira

Kontzertuetan ariko diren hainbat musikari, antolatzaileekin, atzo. JON URBE / FOKU.
Ane Delgado Aldabaldetreku.
Donostia
2021eko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Musikeneko gazteak protagonista dituen sei kontzertu prestatu ditu Donostiako Musika Hamabostaldiak, Interprete Gazteen Zikloan eta Kutxa Kultur Gauak programan izango direnak. Zikloko lau kontzertuak astelehenetik ostegunera izango dira, Donostiako Miramar jauregian, denak 19:30ean. Atzo aurkeztu zuten bi programen egitaraua.

Laia Barbera harpa jotzaileak emango dio hasiera programari, etzi. Harparako dozena erdi moldaketa eta pieza joko ditu; tartean, Scarlattiren, Granadosen, Guridiren eta Grandjanyren obrak. Hurrengo egunean, Trio Sostenutoren txanda izango da. Ana Sagastizabal sopranoak, Aitor Aburto klarinetistak eta Pedro G. A. Aginagalderomalde pianistak osatzen dute hirukotea, eta Udaberri aireak saioa aurkeztuko dute, Mozart, Spohr, Schubert eta Richard Strauss musikagile austriar-alemaniarren kantak jasotzen dituena. Joseph Horovitz musikagile britainiarraren Klarinete eta pianorako sonatina ere joko dute. Hilaren 18an, Quintoniks boskotea igoko da oholtzara, Lucia Lanuza eta Alvar Tife biolinistek, Andrea Lamoca biola jotzaileak, Nicolas Concheiro biolentxelistak eta Alberto Abengozar pianistak osatzen duten taldea. Bi ganbera-lan erromantiko interpretatuko dituzte: Schumannen 44.opuseko kintetoa, eta Brahamsen 34.opuseko kintetoa. Azken kontzertua Raul Perez saxofoi jotzaileak emango du ostegunean, Leonardo Moyano pianistarekin. Schummanen Hiru erromantza jotzeaz gain, Decrucken Sonata do diesean, Milhauden Scaramouche, Desenclosen Prelude, cadence et finale eta Pedro Iturralderen Pequeña Czarda interpretatuko dituzte.

Musikeler gauak

Abuztuaren 21eko eta 22ko gauetan, bi emanaldi egingo dituzte Kutxa Kultur Gauak programan, musika klasikoa beste publiko bati zabaltzeko. Quinteto lyoko eta TriQ taldeak arituko dira Tabakalerako terrazan, 20:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.