Musikene, hogeigarren urteurrena ospatzeko prest

Musikene Orkestra Sinfonikoak Euskal Herriko lau konpositoreren lanak joko ditu otsaileko emanaldi nagusian. Etzi abiatuko da egitaraua

GORKA RUBIO / @FOKU.
Andoni Imaz
Donostia
2021eko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Hogei urte bete berri dira Musikene Euskal Herriko goi mailako musika ikastegia martxan jarri zutenetik, Donostiako Miramar jauregian. Orain dela bost urte aldatu ziren EHUko unibertsitate campuseko eraikin berri batera, eta han aurkeztu zuten atzo 2021-2022ko ikasturterako prestatu duten programazio berezia. Hainbat kontzertu egingo dituzte, eta euskal egileen lanak zabaltzeko bestelako jarduera batzuk ere bai. Miren Iñarga Musikeneko zuzendari nagusi eta akademikoak aurkeztu du egitaraua, Adolfo Morais Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordeak lagunduta.

Musikene Orkestra Sinfonikoak kontzertu berezi batzuk emango ditu urteurrenaren barruan, datozen egunetan hasita: etzi eta astelehenean, Santa Zezilia egunean, taldeak bi kontzertu emango ditu Jose Antonio Saiz Alfarok zuzendutako Donostiako Orfeoiarekin batera, Bilboko Arriaga antzokian eta Donostiako Viktoria Eugenian, hurrenez hurren.

Ekitaldi nagusia datorren urteko otsailean egingo dute. Hego Korean bizi den Unai Urretxo zuzendariak diseinatu du egitaraua, eta Euskal Herriko konpositoreak omenduko dituzte haien musika joaz: Jesus Guridiren Preludio de Mirentxu, Pablo Sorozabalen Siete lieder, Francisco Eskuderoren Concierto vasco para piano eta Francisco Madinaren Tetraludium. Emanaldia otsailaren 12an izango da, Musikeneko auditoriumean, doan.

Azkenik, eskolako orkestra Erik Nielsen Bilboko Orkestra Sinfonikoaren zuzendariarekin ariko da maiatzaren 14an, Rakhmaninoven eta Brahmsen pieza bana jotzen. Emanaldi horiez gain, bandak eta sinfoniettak ere egingo dituzte kontzertu batzuk.

Musikeneko big bandak eta Leioako (Bizkaia) San Juan Bautista abesbatzak emango dutena nabarmendu du Iñargak: Duke Ellingtonen Sacred Concert obra joko dute bi kontzertutan; Perico Sambeatek zuzenduko du taldea, eta Basilio Astulezek abesbatza. Lehena Tolosako Leidor aretoan (Gipuzkoa) izango da, maiatzaren 13an, eta bigarrena, Gasteizko Jesus Guridi kontserbatorioan, handik bi egunera.

Iñargaren hitzetan, eskolaren egiteko nagusietako bat euskal musikaren ondarea zabaltzea da, eta hori bera egin nahi dute urteurreneko ekitaldien bidez ere. Helburu horrekin argitaratu dute Carmelo Bernaola musikariari eskainitako disko bat, haren La celestina eta Galatea, Rocinante y Preciosa lanak jasotzen dituena, Bernaolaren ikasle Zuriñe F. Gerenabarrenak haren omenez konposatutako obra batekin batera. Gainera, gaur egungo euskal konpositoreei buruzko beste bi kaier aterako dituzte Eresbilekin lankidetzan sortutako bildumaren barruan: Felix Ibarrondorena eta Gabriel Erkorekarena.

Doktoretza, bidean

Morais sailburuordeak nabarmendu du Musikene hazi eta hedatu egin dela urte hauetan guztietan, eta zabaltzen jarraitzen duela oraindik ere. Datuetan adierazi du: 1.200dik gora ikasle atera dira musika ikastegitik denera, eta heziketa sarean eta orkestretan sartu dira ondoren. Egun, eskolak 400 ikasletik gora eta 168 irakasle ditu. Lau gradu eta bost master ikasteko aukera dago, eta, eskaintza osatzeko asmoz, doktoretza programak ere sortuko dituzte laster.

Eusko Jaurlaritzak sustatu zuen Musikeneren sorrera, eta haren sare publikoan dago. Moraisek esan du «apustu sendoa» egin dutela haren alde, eta bide horretan segiko dutela. Hezkuntza Sailak urtean ia hamar milioi euro inbertitzen ditu eskolan. Epe luzerako «ikuspegi egokia» duela uste du, «osatu» egiten baitu ikastetxeen, musika eskolen eta kontserbatorioen sarea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.