'MusikaZuzenean' ataria sustatzeko, saio akustikoa eskainiko dute 11 musikarik

Joseba Irazoki, Anari, Sorkun, Mursego, Petti eta Moby Dick ariko dira besteak beste, igandean, Elorrion

Joseba Irazoki, Elorrioko emanaldian ariko diren musikarietako bat. EL TIPO GRAFICO.
gorka erostarbe leunda
2011ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Modu akustikoan aritzen diren musikariak badira gurean, nahiz eta oihartzun handiegirik eskuratzen ez duten. Horren ohikoa ez dena da hainbat musikari eta kantugilek jaialdi akustiko batean parte hartzea. MusikaZuzenean webguneak (www.musikazuzenean.com) lortu du egun puri-purian diren 11 musikariz osaturiko jaialdi akustikoa antolatzea. Datorren igandean, hilak 15, egingo da jaialdia, 19:00etatik aurrera, Elorrioko Arriola antzokian (Bizkaia).

Parte hartuko duten guztiak egun agertokietan aritzen diren musikariak dira. Horietako batzuk aski ezagunak dira jada musikaren munduan: Joseba Irazoki, Morau, Mursego, Anari, Sorkun, Petti eta Keu Agirretxea, esate baterako. Beste batzuk euren bideari ekiten ari direnak dira, nahiz eta badagoen horien artean musikari zaildurik ere: Jon & Sugramas, Mery Day, Moby Dick eta Azkaiter Peloxek osatzen dute 11ko zerrenda.

Musika saioak bi ordu inguru iraungo du, antolatzaileek jakitera eman dutenez. Nagusiki gitarra akustikoak erabiliko dituzte musikariek, nahiz eta bestelako musika tresnak ere erabiliko dituzten zuzeneko emanaldian. Batez ere bakarlariak izango dira oholtza hartuko dutenak, nahiz eta lankidetzak eta bestelako kolaborazioak ere izango diren beraien artean. Musikari bakoitzak 10 minutu inguruko saioa burutuko du, parte hartzea hiru kantutara mugaturik egongo baita.

Zuzeneko eszena bultzatzeko

MusikaZuzenean webgunea Euskal Herriko zuzeneko eszena bultzatu eta sostengatzeko asmoarekin sortu zuten 2010eko urrian, eta Euskal Herriko zuzeneko emanaldien erreferente bihurtu da geroztik. Agendaren berri emateaz gain, kontzertuen kronikak, argazkiak, sarrera eta diskoen zozketak, bideoak eta bestelako osagaiak aurkitu ditzake bisitariak. Webguneaz gain, laster jarriko dute abian argazki erakusketa kolektibo bat, 12 argazkilariren lanekin osatua.

MusikaZuzenean egitasmoan, beste eremu batzuetara zabaltzeko asmoz, zuzeneko zenbait emanaldi egitea erabaki dute, eta horietako bat da izango da igandean Elorrion egingo den jaialdi akustikoa. 350 sarrera jarri dituzte salgai, 10 euroko salneurrian, eta webgunearen bidez eros daitezke honezkero, [email protected] posta elektronikoko helbidean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.