Musikazko bidaiak eta bisaiak

Zazpi film luze eta zortzi labur egongo dira lehian XIV. Dock of the Bay zinemaldian, etzitik hilaren 12ra bitartean. Proiekzio bereziak, zuzeneko emanaldiak, solasaldiak eta kontzertuak ere antolatu dituzte

The Sound Is Innocent dokumentaleko irudi bat. DOCK OF THE BAY.
Andoni Imaz
2021eko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Zinema eta musika, elkarren artean ez ezik, bizitzarekin ere nahasteko asmoz abiatuko dute etzi XIV. Dock of the Bay, Musika Zinema Dokumentalaren Donostiako Jaialdia. «Udatiarragoa, borrokalariagoa, inoizko bereziena», antolatzaileentzat. Ekainaren 7tik 12ra egingo dute aurten, ohi baino hilabete batzuk beranduago; izan ere, aurrez aurreko jaialdi bat izan zedin nahi zuten. Eva Rivero zinemaldiaren zuzendariak azaldu zuen aurkezpenean: «Badakigu arretaz jokatu behar dugula, baina baita bizitzarako funtsezkoak diren espazio horiek birpentsatzeko eta berriro konkistatzeko beharra dagoela ere».

Truebako bigarren aretoaz jabetzeko prest dituzte 23 dokumental, berritasun nagusi batekin: film laburren lehiaketa bat ere izango du Sail Ofizialak. Eta egitarau zabal horren barruan, bi asmo aipagarri: Rafael Berrio omentzea, eta emakume zinemagileei eta LGTBI komunitateari ikusgaitasuna ematea. Emanaldi guztietarako sarrerak salgai dira dagoeneko.

SAIL OFIZIALA: FILM LUZEAK

Zazpi lan luze ariko dira jaialdiko sari nagusia irabazteko lehian, eta horietatik bost aurrez estreinatu gabeko pelikulak dira. Helmut Lachenmann: My Way da aurrenekoa, Wiebke Popelek zuzendua. Lachenmann konpositore entzutetsuaren erretratu bat da; hark musika konkretu instrumentala izeneko estilo berezi bat garatu du azken mende erdian.

Biharamunean, Dima Punk emango dute, Dominique Caubet frantziarraren lehen lana. Pelikulak Marokon punk izaten jarraitzeko zailtasunak erakusten ditu. The Sound Is Innocent pelikula «ikus-entzunezko bidaia» baten gisan deskribatu dute. Soinu elektronikoaren eta esperimentalaren mundua aztertzen du. Johana Ozvold txekiarrak egina da.

Jose Permar mexikarraren Fuera del camino filma AEBen eta Mexikoren arteko mugan dago girotuta. Han egiten den lasterketa bat kontatzen du, musikari gazte batzuek Kaliforniako basamortuari buruz abesten dituzten kantuek lagunduta. Celeste Bell eta Paul Sng zuzendarien Poly Styrene: I Am a Cliché ere emango dute. Styrene punk ikono bat izan zen, X Ray Spex taldeko burua. Haren alabak egindako bidaia bat kontatzen du filmak.

Sempre dijous filmak ere bidaia batez hitz egiten du: Palma (Herrialde Katalanak) eta Bartzelona arteko joan-etorri batez, eta soinu tradizionaletatik traperakoaz orobatsu. Subterranean filmean, dena utzi eta rock izarrak izateko asmoz abiatzen den bikote baten istorioa jaso dute Manuel Matanzak eta Gabriel Velazquettik.

SAIL OFIZIALA: FILM LABURRAK

Zortzi labur emango dituzte, saio bakarrean, ekainaren 10ean. Kris Bowers eta Ben Proudfooten A Concerto Is a Conversation-ek jazz musikari baten leinua arakatu du. Belaunaldien erretratua da A Deer Falling into the See, antsietateari eta depresioari buruzko saiakera bat, Marco Huertasek zuzendua. Ikusleei flamenko musikaren eta kulturaren berri emango die Canto porque tengo que vivir lanak. Santiago Mogak eta Carlos Revertek egin dute, Israel Fernandez kantaria ardatz hartuta. Entre el monte y la marisma-k Rafael de la Rosa Camarón de Plata eta Juan Mendoza Juanillo lagunen arteko harremana kontatzen du. Zuzendariak Niete izenez sinatu du lana. Aura Satzek Beatriz Ferreyra konpositore elektroakustiko argentinarrari buruzko labur bat egin du, Hacer una diagonal con la música izenekoa. Tana Garridok Habanan kokatu du La tierra llama, eta euskal jatorriko lau emakumeren istorioa kontatu du. Eloy Dominguez zuzendariak Ourenseko (Galizia) inauteri ikusgarria eraman du Os corpos filmera. Azkenik, Elmer Guevararen Still Hungry emango dute. Gijongo (Espainia) skate mundua eta kale giroa azalduko ditu lanak.

PERFECT DAY SAILA

Nazioarteko dokumentalen aukeraketa bat egin du jaialdiak Perfect Day sailerako. Donostian oraindik eman ez dituzten zortzi film proiektatuko dituzte. Musika elektronikoaren munduan aitzindari izan diren emakumeei buruzko Sisters with Transistors izango da lehena, Lisa Rovnerrek zuzendutakoa. Stanley Sundayk zuzendutako Stop! izeneko komedia musikala ere emango dute; Bartzelonako Doble Pletina taldea da protagonista. Joel Zito Araujo zuzendariak My Friend Fela lana egin du Fela Kuti musikari nigeriar ezagunari buruz. Hari buruzko ikuspegi berri bat ematea da filmaren helburua. Eta Rafael Berrioren azken diskoa hasieratik bukaerara entzuteko aukera emango du Andres Daniel Sainzen Escuchando 'Niño futuro'-k. Berriok berak gidatu zuen dokumentala.

Sail honen barruan, bi emanaldi egingo dituzte Dabadaba aretoan: Beyonceren jarraitzaile batzuei buruzko Waiting for B (Paulo Cesar Toledo, Abigail Spindel), batetik; eta Samantha Hudson ikonoklastaren gaineko Samantha Hudson: Una historia de fe, sexo y electro-queer (Joan Porcel), bestetik. Beste bi saio egingo dituzte Antzoki Zaharrean: The Mistery of the Pink Flamingo (Javier Polo) eta Summer of Soul (Ahmir Questlove Thompson).

SAIL PARALELOAK

Jaialdiaren barruan bestelako ekintza batzuk ere egingo dituzte. Ikusle Berriak sailean, pelikula bat eta tailer bat emango dituzte, gazteak zinemaren eta musika dokumentalaren mundura erakartzeko asmoz. Elkarrizketak atalean, bi solasaldi egingo dituzte zinemaren eta musikaren alorreko zenbait gonbidaturekin, sormenari eta industriari buruzkoak. Dock Live sailak zuzeneko musika eta film emanaldiak batuko ditu Tabakaleran lau emanalditan, eta hilaren 12an musika izango da Dabadaban: DJak lehenengo, eta Las Penas taldea gero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.