Musikastek «euskal musikaren hiriburua» batuko du 50. urtez

Bihar hasiko da Musikaste, Errenterian, maiatzaren 28ra bitarte. «Urrezko ezteiak» ospatuko dituzte aurten; izan ere, 50 urte bete ditu jaialdiak. Hamar emanaldi egingo dituzte, askotariko doinuekin

Ezker-eskuin, Arantxa Arzamendi, Mari Jose Telleria, Pello Leiñena, Aizpea Otaegi eta Andoni Iturbe. ERESBIL FUNDAZIOA.
Miren Mujika Telleria.
Errenteria
2022ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
«Bizirik jarraitzen du Musikastek». Hala azaldu du Mari Jose Telleriak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendari nagusiak. Izan ere, bi urte pandemiak baldintzatuta egon ostean, ohiko egunetan eta ohiko formatuan ospatuko da. Eresbil fundazioak eta Andra Mari abesbatzak sustatzen duten jaialdiak 50. urteurrena du aurten, eta, «urrezko ezteiak» ospatzeko, egitarau zabala osatu dute bihartik maiatzaren 28ra bitarte.

Errenteriako (Gipuzkoa) hainbat gune izango dira euskal musikaren plaza datozen egunotan: Lekuona fabrika, Niessen kulturgunea, Madalena ermita, Fatimako parrokia, Jasokundearen parrokia, Koldo Mitxelena ikastetxea eta Xabier Olaskoaga plaza. Eresbil fundazioko zuzendari Pello Leiñenaren hitzetan, «autore eta estilo desberdinak aditzeko aukera izango da gune horietan». Hamar emanaldi eskainiko dira denera, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Errenteriako Udalaren babespean.

Eresbil fundazioko zuzendariak adierazi du «goi mailan» arituko dela aurtengo jaialdia: «Bereziki zaindu ditugu lanen kalitatea eta interpretea aurtengo errepertorioa aukeratzeko orduan». Izan ere, 50. urteurrena «mugarria» da haientzat. Hala ere, urteroko helburu berarekin datozela azaldu dute: «Musikaren ikerketa sustatzea eta sortzaileen obrak ezagutzera ematea».

Bihar izango da jaialdiaren lehendabiziko eguna, eta piano eta biolontxelo doinuekin egingo diote harrera musikaren asteari, Jose Maria Barandiaran eta Iagoba Fanlo musikarien eskutik. Miren Urbieta abeslariak eta Ruben Fernandez pianistak emango diote jarraipena etzi. Dena den, ez da kantuez gozatzeko aukera izango soilik: «Dantzari ere eman nahi izan diogu garrantzia», adierazi du Leiñenak. Kukai dantza taldea arituko da dantzan, beraz, Sharon Fridman koreografoarekin batera egindako Erritu emanaldian.

Igandean, berriz, askotarikodoinuek osatuko dute eguna, eta «egun indartsu» gisa definitu du Eresbileko zuzendariak. Eliz musika, Errenteriako Txistulari Banda eta Errenteriako Musika Banda izango dira protagonista, eta zenbait interpretazio eskainiko dituzte.

Bi eguneko atsedenaren ostean, asteazkenean, «mugarri batekin» itzuliko da jaialdia. Izan ere, Herri Arte Eskolako ikasleen txanda izango da maiatzaren 24koa, eta piano, klarinete, perkusio eta saxo-pianorako obrak aurkeztuko dituzte.

Jazz musikarentzat izango da ondoko eguna. Hain zuzen, Iñaki Salvador Trio taldeak egingo du emanaldia, eta Mikel Laboaren zenbait kantu eta euren abesti propioak interpretatuko dituzte, Niessen kulturgunean. Omenaldi batekin jarraituko du jaialdiak. Felix Ibarrondok konpositore gisa egindako ibilbide luzea aitortuko diote Kaierak koadernoaren aurkezpenaren bidez.

Suhar, Landarbaso, KUP eta Etxarri Aranazko abesbatzak elkartuko ditu maiatzaren 27ak segidan, Koruen egunak. Lekuona fabrika izango dute elkargune, eta ibilbide luzeko musikagileen lanak zein konpositore berrienak oholtzaratuko dituzte.

Amaiera borobila

Egun sinfoniko korala berreskuratuko du 50. Musikastek. Amaiera egunean izango da hori, Lekuona fabrikan. Euskadiko Orkestrak eta Andra Mari abesbatzak borobilduko dute jaialdia hilaren 28an, Carmelo Bernaola, Aita Donostia, Francisco Eskudero eta Pablo Sorozabal izango dituztelarik ardatz.

Salgai daude sarrerak jada, Eresbilen egoitzan eta Musikasteren webgunean, baina gune bakoitzeko leihatilan ere izango da sarrera erosterik emanaldia hasi baino ordubete lehenago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.