Musika

Musikaste, euskal konpositoreen lanez gozatzeko parada

Errenterian antolatzen den jaialdiaren 52. aldia izango da aurtengoa; ostiralean hasi eta maiatzaren 25ean amaituko da. Hamahiru kontzertu izango dira guztira, eta horietatik zazpi Lekuona Fabrikan egingo dira lehen aldiz.

Jaialdiko antolatzaileak eta erakundeetako ordezkariak, gaur Eresbilen egoitzan egin den aurkezpenean. MAIALEN ANDRES / FOKU
Jaialdiko antolatzaileak eta erakundeetako ordezkariak, gaur Eresbilen egoitzan egin den aurkezpenean. MAIALEN ANDRES / FOKU
Amaia Jimenez Larrea.
Errenteria
2024ko maiatzaren 15a
05:20
Entzun

Mende erdi bat beteko du aurten Eresbil fundazioak. 1974an sortu zen, euskal musikaren ondarea babesteko eta jasotzeko asmoz. Bi urte lehenago —1972an— egin zen lehen aldiz Musikaste, Euskal Musikaren Astea. Jaialdirako euskal konpositoreen obrak biltzeko asmoa zuen fundazioak, eta 50 urteko ibilbidea egina du jada. Urrezko ezteien ospakizunen artean antolatu du Eresbilek, beste talde batzuekin lankidetzan, 52. Musikaste, Errenterian (Gipuzkoa). Ostiralean hasiko da, eta maiatzaren 25ean amaitu. Herriko hainbat aretotan euskal konpositoreen lanez gozatzeko aukera egongo da, baita bertako zein kanpoko sortzaileen lanak ezagutzekoa ere.

Hamahiru kontzertu emango dituzte, astebete pasatxoko jaialdian. Aurten, lehen aldiz, Lekuona Fabrikan izango dira kontzertu horietako zazpi. Gainerakoak Niessen kulturgunean, Jasokundeko Andra Mariaren elizan, Koldo Mitxelena ikastetxean eta Madalena ermitan izango dira. Saioetako batzuk Lekuona Fabrikara eramateko «lan handia» egin dutela aipatu du Pello Leinenak, Eresbil fundazioko zuzendariak.

Euskal musikariak eta sortzaileak babesten ditu Musikastek, eta herriko eragileei ere egiten diete lekua. Errenteriako hainbat taldek euren lanak erakusteko aukera izango dute aurten ere. Esaterako, ostiralean, 18:30ean, Panpin orkestra ikuskizuna egongo da Lekuona Fabrikan. Iratxe Hernandez herriko musikagileak Herri Arte Eskolako orkestrarekin sortutako proiektua da. Poeta errenteriarren errezitalek lagunduko diote musikari.

Dantzarako tarterik ere izango da. Larunbatean, 19:00etan, Lekuona Fabrikan hau ere, Kukai dantza taldeak Txalaparta lana taularatuko du. Jon Maia taldeko kideak —errenteriarra da hura ere— Jesus Rubio Gamo dantzari eta koreografoarekin egindako lankidetzaren fruitua da. Zazpi dantzarik hartuko dute parte ikuskizunean.

Abesbatzen garrantzia

Igandean, 18:30ean, Lekuonan, Koloreka kontari kontzertuaz gozatu ahal izango dute musikazaleek. Saio berezia izango da, haurren abesbatzek hartuko baitute parte. Hain zuzen, Kontari Landarbasoko, Orereta ikastolako, Koldo Mitxelena ikastetxeko, Bizirain ikastolako, Telleri-Alde ikastetxeko eta Cristobal Gamon ikastetxeko abesbatzak arituko dira.

Jardunaldi pedagogikoak prestatu dituzte jaialdiaren antolatzaileek. Maiatzaren 22an eta 23an izango dira. Herriko ikastetxeetako 1.300 ikasle inguruk gozatu ahal izango dute Living Room Music perkusio saioaz. Igor Arostegik, Gorka Catedianok, Athony Lafarguek, Hector Marquesek jarriko diote doinua lanari —Euskadiko Orkestrako perkusio taldeko kideak dira—, eta Ana Egiazabalek antzeztuko du.

Andra Mari abesbatzaren parte hartzea ohikoa bilakatu da Musikasten. Aurtengo aldian bi kontzertu emango dituzte. Lehenengoa igande honetan izango da, 10:30ean, Jasokundeko Andra Mariaren elizan. Euskal Herriko bi konpositoreren jaiotzaren mendeurrena baliatu dute kontzertua prestatzeko; Joxe Mari Goikoetxearena eta Pedro Aizpuruarena. Haren lanetako batzuk interpretatuko dituzte abesbatzako berrogei kide inguruk. Gainera, Ignazio Arakistain organistak ere parte hartuko du.

«Abesbatzek publiko fidela dute, baina publiko berriaren beharra dugu, eta Musikastek asko laguntzen digu horretan». ARANTXA ARZAMENDIAndra Mari abesbatzako presidentea

Bigarren saioa jaialdiko azken kontzertua izango da. Maiatzaren 25ean Lekuona Fabrikan emango dute Musikaste bukatzeko kontzertua. Euskadiko Orkestrak parte hartuko du jardunaldi sinfoniko-koralean. Ramon Lazkano, Itziar Viloria eta Pacual Aldabe konpositoreen lanetako batzuekin osatutako programa eskainiko dute. Aldaberen Akelarre euskal rapsodia izango da entzun ahal izango diren piezetako bat. Arantxa Arzamendik, Andra Mari abesbatzako presidenteak, kontatu du pieza luzea dela, eta kontzerturako egokitu egin behar izan dutela horregatik. Lehenengo eta hirugarren zatiak soilik joko dituzte: Altzateko jauna eta Polusen ardandegia. «Exijentzia handiko pieza da; lan handia egin behar izan dugu», gehitu du Arzamendik.

Jaialdi osoan interpretatuko diren obren garrantziaz gain, Andra Mariko presidentea halako jardunaldiek jendea erakartzeko duten aukeraz mintzatu da: «Abesbatzek publiko fidela dute, baina publiko berriaren beharra dugu emanaldiek aurrera egin dezaten, eta Musikastek asko laguntzen digu horretan». Abesbatzen eguna izango da maiatzaren 24an, eta, orduan, Bihotz Alai abesbatzak, Baiona Euskal Herriko abesbatzak, Easo emakumeen abesbatzak eta Landarbaso abesbatzak hartuko dute parte.

Kontzertuetarako sarrerak Eresbilen webgunean eskuratu ahal izango dira, baita Lekuona Fabrikan eta Eresbilen egoitzan ere. Emanaldiak baino ordubete lehenago aretoetako leihatilan ere egongo da erosteko aukera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.